Ametsei tarte eginda, goza dezagun
Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Independente bagina, Frantzia eta Espainia arteko herria ginateke, ez Espainiako eta Frantziako; Euskal Herria. Norbanakook hizkuntza asko jakin arren, geurea, geure herrikoa, egunerokoa, euskara genuke. Nonahi eta noiznahi, euskaraz hitz egin ahal izango genuke, estres linguistikorik gabe, euskaraz hitz egin nahi eta ezinik gabe: medikuarekin, udaletxean, kalean, etxean, komunikabideetan, lantoki eta eskoletan… euskaraz. Independente bagina, euskaldun azalduko ginateke munduan, euskal selekzioarekin kirolean, unibertsitate munduan, politikan, nonahi.
Zein epel gauden, ordea, Espainiaren eta Frantziaren magaletan. Alegia, interesatzen ote zaigu Euskal Herri independentea? Ummm… gehiengoak ezetz erantzungo ote lukeen… Hala, beraz, independentzia lortu arte, borrokan jarraitu beharko dugu euskaltzaleok.
Ongi etorriak gurera, noski, bake bila datozen etorkinak, bizitzeko txokoa izan nahi dutenak Euskal Herrian. Baina horiei guztiei gure herri zapalduaren berri ematen, euskaraz bizi nahi dugula ulertarazten jarraitu beharko dugu. Besoak zabalik hartu, gure egoera ulertarazi eta errespetuz elkarrekin bizi. Saiatzen bai, baina lortzen ari al gara?
Ekainaren 13rako badugu plana Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta: Euskalzaleon Martxa. Euskaraz bizitzeko behar dugun guztia eskatzera joango gara Iruñera. Martxa ederra eta beharrezkoa izango da, baina benetako martxa ez da arratsalde batekoa eta Iruñekoa, ez. Benetako martxa egunerokoa da: euskaldunok euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu; ikasteko premia dugunok, ikasi; hizkuntza eskubideak defendatu; euskararen gaiari lehentasuna eman gizartean eta politikan; euskararen aldeko jarrerak bultzatu; eta antolatu! Antolatu lagunartean, sare sozialetan, ikastetxe eta lantokietan, euskara elkarteetan. Lazkaotik autobusa antolatu dugu. Ez dadila goierritarrok beteko dugun autobus bakarra izan. ■
