Kutsa gaitezen

Judit-GarciaJudit Garcia Llorens – Baserritarra

Baserriko eremu zabalean ez da udaberriko konfinamendua berdin bizitzen, naturaren erritmoak dena betetzen dizu: zuhaitzen loratzea, belarra, abereak, erditzeak, gazta egitea eta zaintzea, baratzea, banaketak… Hala ere, covid-19ak sortutako urduritasuna eta nekea ederki sumatzen dira. Gaixotasunak sortutako giroak eta aurrera begirako zalantzek sortzen diguten estresak gelditu ahal gaitu, edo mugiarazi.

Aldatu ezean, egungo sistema ekonomikoak amildegira eramango gaituela gero eta ukaezinago bihurtu da, ekoizpen zein kontsumo eredu kapitalistak jasanezinak dira. Naturan gero eta kalte nabarmenagoak sortu, eta mundu mailan zein tokian tokiko jendarteetan desberdintasunak eta miseria areagotzen ari dira.

Hain zuzen ere, ekoizpen eta kontsumo ereduen aldaketaren premia handia dugu elikadura sisteman. Nekazaritza industrialaren ezartzea eta baserritarren desagerpena edo nekazaritza lurrak porlanez betetzea, garapenaren alboko ondoriotzat aurkeztu zaizkigu. Normaltzat ere azaltzen zaigu hemengo abeltzaintzan milaka kilometroetatik Bilboko portura iritsitako lehengaietan oinarritzea, eta kilometro zerokoa deitzea. Edo ehunka kilometro egin dituzten jakiak kontsumitzea erreparorik gabe, nahiz eta ez dakigun zer baldintza ekologiko zein sozialetan ekoitzi diren. Edo Euskal Herrian diru publikoarekin lagundutako esnea, txerriak edo zerealak multinazionalen eskutik beste herrialde batzuetara bideratzea eta hainbat kasutan, bertako ekoizpena baldintzatzea. Sistema honek baserritarrak menpeko bihurtu ditu eta krisi honek erakutsi digun bezala, herriak ere bai. Teknologikoki herri aurreratua izan arren, aberastasun material handia ekoizteko gauza izan arren, hainbat produkzioen deslokalizazioa eta baserririk zein bertako nekazaritza iraunkorrik gabe, oso ahulak garela agerian dago.

Krisi honek, eta berarekin doan desinformazio-informazio faltak zer pentsa ez dakigula utzi arren, eztabaida interesgarri batzuk indartu ditu. Denok mugiarazteko ekimenak sortzen ari dira. Elikadura burujabetzari dagokionez, Covid osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren aldeko manifestua, herritarrak eta baserritarrak elkartzeko EHKOlektiboa eta hainbat eragile sortzen ari diren dinamikak, aldaketarako aukera ematen dute. Baita udal batzuek hartutako konpromisoak eta egindako urratsak ere. Olatu honekin ahalik eta gehienok kutsatzea txertorik onena litzateke. Beste muturrean, agintari batzuen interes ekonomiko eta kalkulu politikoak ditugu, betikoak indartuz ezer alda ez dadin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>