Duela bi urte hasi zen bere ametsa betetzen Beñat Telleria (Mutiloa, 1999), baserritik bizitzea. Behi gazta eta txekor haragi ekologikoak ekoizten eta saltzen ditu: Ordiziako azokan, Beasaingo hileko lehen larunbatetan, hainbat harategi eta dendatan, baita etxez etxe ere. Gertutasunez, harreman zuzenean.
Ametsa betetzeko ibilian ez da dena eztizko bidea izan. «Zailak izan dira bi urte hauek, hutsetik hasi, inbertsioak, obrak, buruhausteak… Orain, martxa hartuta, gustura ari naiz».
Baserria ez du edozein modutara landu nahi: «Nekazaritza industriala ez nuen helburu bezala ikusten. Abereen ongizatea eta ingurugiroa zaintzea beharrezko ikusten dut. Gure aitona-amonen moduko nekazaritza egin nahi nuen», hau da, ekologikoa.
Ze zaletasun dituzu?
Nire langintza, abereak eta ingurunea.
Musika talde bat.
Los Zopilotes Txirriaos.
Abesti bat.
Zopilotesen No es extraño.
Kolore bat.
Berdea.
Oporretarako leku bat.
Galizia.
Zer gosaltzen duzu?
Kafesnea eta gailetak.
Amets bat.
Baserritik bizitzea txikitatik izan dut amets.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagunekin sagardotegian afari eder bat egitea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Aitak Jaunartzean oparitu zidan behia.
Goierriko txoko bat.
Aizkorri ingurua.
Mutiloan biziko ez bazina…
Inguruko herri txikiren batean.