«Egindako dokumental bakoitzean nire parte bat uzten dut»
Alex Areizagak (Zumarraga, 1984) kazetaritza utzi eta Gattiken komunikazio kooperatiba sortu zuen Haritz Berasategirekin eta Aritz Ormazabalekin. Hainbat dokumental egin ditu. Azkenak, ‘Hutsune handi bat’, sekulako arrakasta izan du, marka guztiak hausten ari da. Heroinak Urretxun eta Zumarragan eragindako kalteari buruzko lana, Anne Zufiaurrerekin egin duena, milaka lagunek ikusi dute.
Zer esango zenuke familiaz?
Bi aita ditut. Bat ez dut ezagutu. Bestea, zorionez, oso txikitatik gurekin egon da. Egoera ez zen erraza, baina, gorabehera guztiekin, oso familia polita sortzea lortu dugu. Ama, aita, arreba eta bikotekidea nire sustengu handiena dira. Arreba bigarren ama bat izan da niretzat. Zoragarria da. Bere mediku jardunean ere oso maitatua da. Naizena, nire gurasoei, arrebari eta bikotekideari esker naiz. Haien laguntza eta babesa izan dut beti, eta ezingo nuke beraiek gabeko bizitza irudikatu. Aita ezagutu gabe jaiotzeak karga emozionala du. Bere antza handia omen dut. Kalean jende askok gelditu nau, bere semea naizen galdetuz. Hori kudeatzea familia ariketa izan da. Beste aitaren aldetik sekulako ulermena eta laguntza jaso dut beti.
Zer ikasi zenuen?
Gainzurin eta Iparragirre institutuan ikasi nuen. Ondoren, Arrasatera joan nintzen Ingeniaritza ikastera. Garai hartan oso modan zegoen Ingeniaritza egitea, eta asko pentsatu gabe joan nintzen. Ikasle ona nintzen, baina hasi eta berehala konturatu nintzen ez zitzaidala gustatzen. Amak ez ninduen zoriontsu ikusten, eta uzteko eta beste zerbait ikasteko esan zidan. «Bizitza osoa duzu zoriontsu egingo ez zaituen lan batean jarduteko. Saiatu gustatzen zaizu zerbait egiten». Hala, ikasketak utzi nituen eta lanean eman nituen hilabete batzuk, tailer batean. Ondoren, Leioara (Bizkaia) joan nintzen Kazetaritza ikastera.
Zergatik Kazetaritza?
Komunikazioa beti gustatu izan zait. Hainbat aldizkari atera genituen, kuadrillako Aritz Ormazabalekin diseinu lanak egiten nituen… Letrek ez zutela ezertarako balio esaten nuen, eta azkenean letretako karrera bat egin nuen. Gustura, gainera. Karrerak ez ninduen lotu, baina ezagutu nuen jendeak bai. Gaztesarea eta Xirika proiektuetan parte hartzeko aukera eduki nuen eta zoragarria izan zen, bere gogortasun guztiarekin: poliziak Gaztesarea itxi zuen, eta atxiloketak izan ziren. Garai hartako kontuak. Karreraren inguruan bizitakoak markatu egin ninduten, eta oso oroitzapen politak ditut.
Non hasi zinen lanean?
Goierriko Hitza-n. Asko ikasi nuen urte haietan. Entzuten, adibidez. Jende oso polita aurkitu nuen. Mundu berri bat ezagutu nuen. Horrelako egunkari batean lan egiteak jende askorekin jartzen zaitu harremanetan. Kazetari ona izan nintzen zalantzan jartzen dut. Ez nituen politikariak zirikatzen. Kazetari erraza izan nintzen. Goierriko Hitza oso proiektu garrantzitsua eta polita da, bai euskararen aldetik, eta bai informazio lokalaren aldetik. Ez dago informazioa horrela lantzen duen beste mediorik. Gainera, gure herrietan ez dela ezer gertatzen dirudi, baina Goierriko Hitza-ri, Goiberri-ri eta Otamotz-i esker gauza asko pasatzen direla ikusten dugu. Eta gauza horiek balioan jartzen ditu.
Zer egin zenuen ‘Goierriko Hitza’ utzi ondoren?
Haritz Berasategi eta Aritz Ormazabal lagunekin Gattiken enpresa sortu nuen. Gaztetxeko proiektuetan ere elkarrekin aritzen ginen. Uggasa garapen agentziak enpresa haztegia sortu zuen, eta enpresa sortzera animatu ginen. Goierriko Hitza-ko egunerokoan sormena faltan sumatzen nuen.
Gustura Gattikenen?
Bai. Baina ez da erraza enpresa bat aurrera ateratzea. Gure jarduna ezagutzen genuen, baina enpresari lanaz ez genekien ezer. Ez gara enpresari onak izan, autokritika egin behar dugu. Orain ari gara ikasten. Duela urte batzuk Haritz Berasategi hil egin zitzaigun, eta enpresa birplanteatu behar izan genuen. Bere aita Koldo laguntzeko prest azaldu zen. Enpresa munduaz asko daki eta asko ari zaigu irakasten. Bera ere Gattikeneko parte da. Haritzen hutsunea betetzen lagundu digu, gainera.
Ez dira garai errazak horrelako enpresa bat aurrera ateratzeko.
Gustura nago, baina askotan zalantzak sortzen zaizkizu, arrazoi ekonomikoak medio ere bai. Nahikoa irabazten al dugu? Hipoteka, semeak… Baina egiten ditugun lanak asko maite ditugu, eta oso toki polita da lan egiteko.
Zer eskaintzen duzue Gattikenen?
Egia esan, askotan gehiegi eskaini dugu. Komunikazio zerbitzu mordoa: webguneak egiten hasi ginen, diseinu lanak eskaini izan ditugu, argazkiak ezkontzetan… Platerak garbitzea bakarrik falta zitzaigun. Eskaintza zehazten saiatu gara, eta ikus-entzunezkoetara bideratu dugu gure jarduna. Gaur egun, bideoak dira gure lanaren erdigunea. Dokumentalgintza oso gustuko dugu. Lan politak egin ditugu.
Orain arte egindako lanetatik, zein aukeratuko zenuke?
Azkena, Hutsune handi bat, aipatu beharra dut. Oso lan berezia izan da. Urte asko eman ditugu lanean. Karga emozional handiko lana izan da, eta asko ikasi dugu. Aurreko dokumentala ere, Itzalak, oso berezia izan zen. Mendiaren ingurukoa da. Azken urteetan mendiaren inguruko hainbat lan egin ditugu, baina Itzalak oso berezia izan zen, parte hartu zuten pertsonengatik (bai Joseba eta bai Andoni asko maite ditugu) eta irakatsi digunarengatik. Lan guztiek, pertsona guztiek irakats diezagukete zerbait. Zorionez, lan hauek jende zoragarria ezagutzeko eta irakaspen oso politak jasotzeko aukera eman didate. Mendiaren inguruko lehen bideoa Cho Oyuri buruzkoa izan zen. Oier Plazaola, Pedro Garcia eta Xabi Urraterekin egin nuen. Karga emozional handia izan zuen, Xabi Ormazabal mendi hartan hil baitzen.
Gattikenek estilo propioa duela esango al zenuke?
Hori pentsatu nahi dut. Emozioak transmititzen dakigula uste dut. Bestalde, mezuak eta irakaspenak transmititzen saiatzen gara. Lagun batek esaten dit egiten dudan lan bakoitzean nire parte bat uzten dudala. Guretzat oso garrantzitsua da hori. Guretzat lan bat ez da lan soila. Bezeroekin harreman polita garatzen dugu, eta asko lagunak bihurtzen dira; gogoa eta kariñoa jartzen dugu lanetan, eta bezeroak zer esan nahi duen asmatzen saiatzen gara.
‘Hutsune handi bat’ dokumentalak sekulako arrakasta izan du. Halakorik espero al zenuten?
Ez. Inondik inora ere ez. Estreinatu aurretik, ‘eta aretoa betetzen ez bada, nola hartuko dugu?’ galdetu genion gure buruari. ‘Ez da ezer gertatzen’, erantzun genuen. Zor bat genuen elkarrizketatuekin eta aurrera atera nahi genuen. Zumarragako Udalaren babesari esker, aurrera ateratzea lortu genuen. Aurkezpena Gipuzkoako aldundian egin genuen, jendea dokumentalaz hitz egiten hasi zen, eta gainditu egin gintuen. Lehenengo emanaldiko sarrera guztiak saltzen ez baziren, ez zen bigarren emanaldia egingo. Ordubetean saldu ziren bi emanaldietako sarrera guztiak. Gainera, estreinaldia oso hunkigarria izan zen. Ez ditut agertokiak maite, eta bertatik jendeari begiratu eta denak isilik eta hunkituta ikustea sekulakoa izan zen.
Herrian zeresana eman du.
Elkarrizketatuek esker oneko hitz asko jaso dituzte kalean. Ni ez naiz hemen bizi, baina Anne [Zufiaurre] ere askotan gelditu dute kalean, eskerrak emateko. Jendea negarrez, bere istorioa kaleratzen… Ez nuen inondik inora horrelakorik espero, baina oso polita izan da dokumentalak sortu duen ariketa kolektiboa. Herrian zeuden hutsune batzuk elkarrizketaz eta oroitzapenez betetzen hasi dira. Tabu bihurtu zen gai bat argitara ateratzen hasi da. Jendeak zuen zauri bat haizetara atera da eta orbaintzen hasi da. Dokumentala pertsonalki barneratu dudan irakaspen batekin amaitzen da: iraganeko akatsetatik ikastea oso garrantzitsua da, bihar pertsona hobeak izateko eta gizarte hobeak eraikitzeko. Gertatu zena, gertatu zen. Ezjakintasun handia zegoen, eta pertsona guztiak ahal zuten hobekien egiten saiatu ziren. Hori gure bizitzetara eraman daitekeen irakaspena da. Niretzako, pertsonalki, oso garrantzitsua.
Herritik kanpo ere ematen ari zarete.
Legazpin bi aldiz eman dugu, eta Azkoitian, Villabonan, Lazkaon, Iruran, Beasainen, Ormaiztegin, Gabirian, Ezkion, Tolosan eta Antzuolan ere izan gara. Bizkaira pasatzea da gure hurrengo erronka. Ikastetxeetara ere eraman nahi dugu, prebentzio eta irakaspen modura. Oso irakaspen politak ditu dokumentalak. Hirugarren erronka espetxeetara eramatea da. Hori ere lantzen ari gara. Herri batetik bestera, protagonistak aldatu egiten dira, baina istorioa berdina da. Jendeak, ikusten duenean, bere herriko pertsona hura gogoratzen ditu. Ikusleak aldatuta ateratzen dira zinema aretotik. Liburu batean zera irakurri nuen: zinera ez goazela entretenitzera, baizik eta gure buruaz ikastera. Lan honek guztioi gure buruaz ikasten lagundu digula pentsatu nahi dut.
Nola ikusten duzu Adimen Artifizialaren gaia?
Beldur asko sortu da horren inguruan. Tresna bezala erabili behar da, Photoshop edo Word bezala, sormena gizakion esku izanda. Gaiaren inguruko formazioa jaso dugu, eta gizakiaren lana aldarrikatzera eraman gaitu: Adimena Artifizialarekin mila gauza egin ditzakezu, baina zein polita den erreala den hori. Ez dezagun galdu erreala den hori. Sareak irudi faltsuez betetzen ari dira, eta hori oso arriskutsua da. Irudi faltsu baten aurrean, erreala dela pentsatu eta erreala balitz bezala erreakziona dezakezu. Photoshop-ekin ere hori gerta daiteke. Adimen Artifiziala mundua aldatzera etorri da. Mundua ez da hobea izango, baina okerragoa ere ez ziurrenik.
Bi seme dituzu.
Alex izateari utzi eta aita naiz. Nire bizitzaren erdigunea bi semeak dira. Beraiengandik ikasten ari naiz. Zure kargu norbait duzunean, zure denborak zure izateari uzten dio. Denbora falta horrek barne eta kanpo gatazka asko sortzen ditu, baina oso bide polita da. Egunero ikasten dut zerbait, eta egunero saiatzen naiz semeak harro egoteko moduko aita izaten. ■
Haurtzaroko argazkia
Alex Areizagak haurra zen garaiko argazki bat aukeratu du ‘Argazki Kuttuna’ atalerako. «Zein garrantzitsua den izan ginen umeari begiratzea eta gure barrenean bere lekua aitortzea. Zuzen jokatu al dut berarekin? Berak espero zuen heldua al naiz? Non eta noiz ahaztu nituen bere ametsak? Alex txikiari begiratuta sortzen zaizkidan galderak dira», azaldu du.
Atal honetako argazkia atera eta gutxira, eskola garaia hasi zuen. Gainzuri ikastetxean egin zituen oinarrizko ikasketak. «Gainzuriko oso oroitzapen politak ditut. Oso ikaskide onak izan nituen eta bizipen asko partekatu genituen. Nire bizitzaren karga desberdinekin, urte politak izan ziren, baina urte zailak ere bai zentzu askotan. Garai horrek gauza politak eta ez horren politak ditu. Norberaren garapenean urte garrantzitsuak dira eta gizarteak oso erreminta gutxi ematen dizkigu. Zorionez, hori aldatzen ari da hezkuntza munduan ere. Emozioen lanketa handiagoa egiten da».
Gaztaroa ere ez dela garai erraza dio. «Esperientzia asko bizitzen dira, politak eta zailak. Gure garaia egungoaren oso ezberdina zen. Arlo politikoa oso presente izan nuen. Oso urte zailak izan ziren. Lagun asko espetxeratu egin zituzten eta beste askok ihes egin beharra izan zuten. Nik, zorionez, ez nuen hori pasatu, baina lagun askok bai. Eta horrek baldintza zehatz batzuetan heltzen zaitu».
Gainera, norbere buruaren aurkikuntza oso bide zaila da. «Askotan nor zarela dakizula pentsatzen duzu eta egun batean konturatzen zara ez dakizula nor zaren. Gainera, egungo gazteek askoz zailago daukate, sare sozialak direla eta. Guk ez genuen hori bizi izan, zorionez. Atzera begiratzen dudanean, gaztaroan oso irakaspen garrantzitsuak jaso nituela ikusten dut. Gazte garaian mundua aldatzeko nahia nuen eta toki askotan parte hartzen saiatzen nintzen. Txikitik mundua aldatzen. Gerora, egindako gauza onetan eta akatsetan pentsatu dut eta hortik ikastea garrantzitsua dela uste dut. Nire lanetan ikasi dudan hori transmititzen saiatzen naiz».


