«18 urte nituenean segarekin izan nuen istripua ez dut inoiz ahaztuko»
Joxe Antonio Elosegi (Gabiria, 1969) Oñatibitxiki baserrian jaio zen. Arrondo eta Labekoa enpresetan lan egin ondoren –23 eta 12 urtean, hurrenez hurren–, sagarrak ekoizten lan egiten du. Bere familian sagarrondoekin lan egiten duen hirugarren belaunaldikoa da. Horretarako, beste 2.000 zuhaitz landatu zituen. Hiru azokatara joaten da astero: Beasainera, Ordiziara eta Tolosara. Horiez gain, azoka berezietara joaten da: Santa Lutzi, San Andres, San Tomas… Asko saltzen dela dio. «Jendea kontzientziatzen hasi da. Gainera, Beasaingo azokak indar handia hartu du».
Zer zaletasun dituzu?
Mendira joatea. Eta udan, kostaldera joatea, Oriora, Getariara… Hondartza gustuko dut.
Mendi bat.
Txindoki, Aizkorri…
Pelikula edo telesail bat.
Titanic eta Segoviako ihesa.
Liburu bat.
Gaur egun ez dut asko irakurtzen. Komikiak irakurri ditut, batez ere, Asterix, Mortadelo…
Musika talde edo abeslari bat.
Bruce Springsteen. Bertako taldeak eta abeslariak ere asko gustatzen zaizkit. Zetak, adibidez.
Abesti bat.
Springsteenen Tougher than the rest.
Oporretarako leku bat.
Orio. Kostaldeko herri txikiak gustatzen zaizkit. Ondo jan, nahi izanez gero bertan lo egin, etxea 40 minutura… Hemen duguna luxua da.
Zer gosaltzen duzu?
Neronek egindako sagar zukua eta ebakia eztiarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
San Joan bezpera batean segarekin izan nuen istripua. Aitari ematera joan, estropezu egin eta besoa ebaki nuen. 18 urte nituen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Idiazabal gaztaren kofradiakoek ohorezko kofrade egin gintuzten ama eta ni 2023an, gure familiak 70 urte baino gehiago daramatzalako Ordiziako azokara joaten.
Amets bat.
Sagar munduan egin dudan apustua ondo ateratzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Hika jatetxean bazkaltzea. Hiru hilean behin joaten naiz, gutxi gorabehera.
Goierriko txoko bat.
Baserri ingurua.
Gabirian biziko ez bazina…
Kostaldeko herri txiki batean: Orio, Getaria… ■

