MENDE BETE ELKARTASUN

GOIERRIKO_NEKAZARI_KOOPERA(1) copia

Nekazari elkartasunaren sortzaileak, 1920an.

Goierriko Nekazari Kooperatibak indarberrituta eta aldaketa prozesu betean ekin dio bigarren mendeari. Baserritarren laguntzarako sortua, jatorrizko eginbehar berak ditu gaur egun ere. Baina gizartearen eskakizun eta behar berriei erantzutea ezinbesteko erronka bihurtu zaionez, horretan ari da.

Ehun urte beteko ditu irailaren 29an Goierriko Nekazari Kooperatibak. Ordizian sortua 1920ko San Migel egunean, herri hartako eta inguruetako baserritarrek bat egin zuten, «nekazaritzaren zaleekin» batera. Hiru egun lehenagoko batzarrean –Joaquin Gerestak egin zuen deialdia, presidente modura– Estatutuak ikusi ondoren, nekazari sindikatua eratzea onartu zuten. Baserritar multzoari «abantailak» emateko erakundea izango zen. Sindicato Agricola Alkartasuna de Villafranca izendatu zuten, gaur egun sindikatua edo kanpo kooperatiba gisa ezagutzen den ehun urteko elkargoa.

GOIERRIKO_NEKAZARI_KOOPERA(2) copia

Ordiziako Sindikatuan hasieratik dagoen baskula, Jesus Lasak duela ehun urte Ordizian bertan egina.

Nekazaritzak gaur ez bezalako indarra zeukan orduko gizartean, motore ekonomiko bezala ere. 1930ean, Gipuzkoako biztanleria aktiboaren %30,2 (emakumezkoak eta adin txikikoak sartu gabe) lehen sektorera dedikatzen zen, nagusiki abeltzaintzara eta nekazaritzara. XX. mende hasierako gizarte-eredu aldaketarekin, bestetik, lehenagoko suaroen ordez edo osagarri –ganadu galerak edo baserrien suteak aseguratzeko ermandadeak ziren–, Anaitasuna seguru-sistema erdi publikoak hasi ziren. Horrekin batera, 1904an sindikalismo agrario katolikoa gorpuzten hasi zen, herrietan Alkartasunak antolatuta.

Mikel Aizpuru Murua historialariak Sindicalismo agrarista y nacionalismo vasco (1933-1936) lanean jaso zuenez, egitura horiei sindikatu izena eman bazieten ere, gehienetan erakunde kooperatibak ziren, «aurrezkira eta bertako bazkideentzat multzokako ondasun eta tresnak, pentsuak edo ongarriak erostera zuzenduak. Gipuzkoan federazio batean bildu ziren, 1906an. «Berritasuna» izan ziren XX. mende hasieran.

Baserritarrentzat laguntasun bat

Ordiziako Alkartasuna sindikatua 28 baserritarrek osatu zuten. Fundazioko argazkian jende gehiago ageri dira: 53 lagun, gizonezkoak denak. Elizak gainbegiratzen zuenez, apaiza ere han zen. Tartean zen Ordiziako Oiangurentxiki baserriko Jose Antonio Mujikaren aitona, izen berekoa. «Aramako Aiesta baserritik lau urte zituenean etorri ziren hona. Sortzaileetakoa zen gure aitona, hemengo baserritar mordoxkarekin: Zaldibiako bat edo beste, Gaintza, Arama, Altzaga, Lazkaoko batzuk ere bai,  eta Beasaingoa ere bat ezagutu nuen. 80 bat lagun elkartu zirela esaten zuten».

«Beharra» asetzea zen kooperatibaren funtsa: bakoitzak baserrian zeuzkan produktuak salbidea irekitzeko batetik, eta etxean ekoitzi ezin zitzaketen lehengaiak moduagoan eskuratzeko, bestetik. «Laguntasun bat zen. Pentsua Nafarroatik ekartzen zuten, hortik etxeetara eramateko. Ardoa barrika handietan ekartzen ezagutu dut, eta olioa bidoietan. Botilekin joan eta hartzen zuen jendeak», dio Mujikak.

Errota elektrikoa ere jarri zuten. Artirina ehotzen zuten han. «Gari-irina ehotzeko ez zuen behar bezala fintzen, sobrare, eta gure etxetik Ibares errotara joaten ziren gariarekin. Artaloa izaten zen garai hartan eguneroko menua».

Hasiera-hasieratik, orain Euskal Herria kaleko 8. zenbakia den lekuan kokatu zuten sindikatua. Etxe guztia, hiru solairurekin, berea zuen. Bertan bizi zen kooperatibarentzat lan egiten zuen langilea, familiarekin. Etxea, eta bertarako behar zuten janaria, sindikatuan saltzen zenetik doan har zezaketen. «Denetik saltzen zen. Zakutan saltzen zuten arroza, garbantzua, azukrea… Baita lixiba eta xaboiak ere».

Jose-Antonio-MujikaBazkidetza, gurasoetatik oinordekoetara igarotzen zen. Kudeaketarekin eta kontrol ezarekin loturiko egoera zailak azaldu ziren kooperatibaren baitan bigarren belaunaldiaren azkenera. Berregituraketa bat behar zuen, eta baserritar belaunaldi gazteak eman zion. «Goierri Eskolan 30-40 urte bitarteko baserritar kuadrilla bat ibili ginen, gau eskolan. Lehengoak fundamenturik ez zeukala iruditzen zitzaigun; edadeko jendea zegoen bazkide eta juntan. Urtero milana pezeta eta bazkaria ematen zieten, isiltzeko. Kooperatiba berri bat egin behar zela atera zen, eta guk planteatu genuen lehengoari indarra ematea hobe zela. Izugarrizko jaleoak izan ziren, etxeetan bizi ziren maizterrekin. Ia bukatu zen kooperatiba. Azkenean, Valentin Zamora apaiza ekarri genuen, Lurgintzan zegoen, eta hark egin zituen bakeak», gogoratu du Mujikak. 1960-1970 arteko hamarkada zen.

Baloratu, 10.000 pezetako sarrera bat jarri, eta bazkiede gehiago sartu ziren, baserritarrak. «Orain ere sozio asko dago hor, eurek ere ez dakitenak sozio direla. Baserritarrak, oso gutxi. Hori zutik bestelako jendearengatik dago».

Urteko batzarra eta bazkaria San Isidro egunean egiten zuten –eta dute– kooperatibako kideek.

Haize berrietara egokitzen

Ordiziako sindikatua, nekazari kooperatiba batek zabaldu zuen aurrenekoa izan zen, 1920an. Mendebete honetan, makina bat egoera, aldaketa eta gora-behera ezagutu ditu. Kalearen erdian egotearen aurkia eta ifrentzua sumatu ditu: erostunak sartzeko oso eroso eta gertu –asteazkenetako feria-egun goizak jendetsuak izaten dira oraindik ere–, baina pentsuak zamatzeko edo husteko kamioientzat erabat aldrebes.

Pako-FurundarenaHala, biltegia kanpoan jartzea izan zen 1980ko hamarkadako zeregina. Ihurreko industrialdean (Olaberria) daukate, 1990etik. Pako Furundarena ordiziarra orain 41 urte hasi zen kooperatiban lanean. «Pentsua da hemen garrantzitsuena, eta beste salgai guztiak eranskinak dira. Egin ere bertan egiten dugu, bai ekologikoa, bai ohikoa». Konposaturik ez dute egiten (gehigarririk gabe), eta ale transgenikorik ere ez dute erabiltzen.

Azken lau hamarkadan, «baserrirako ilusioa» galdu dela sumatu du. «Nola edukiko du, bada, gazte batek ilusioa? Txekorraren prezioa iaztik 125 euro jaitsi da, eta pentsuarena berdin dago». Baserri-ustialeku txikietatik joaten dira, batez ere, Ihurreko biltegira pentsu bila. «Ustiapen handiak dituztenek zuzenean ekartzen dute euren biltegira».

COVID-19aren konfinamenduak, ezer onik ekartzekotan, «baratzearekiko irrika» berriz ere berpiztu ez ote duen dio Furundarenak. «Gazte asko ikusi ditut herri baratzeetan euren alorra lantzen. Gauza polita da hori: badakizu zer bota diozun eta zer jasoko duzun».

Furundarenak, Juanjo Urdangarinek eta lehenengoaren alaba Alazne Furundarenak –astean ordu batzuetan– daramate biltegiaren martxa.

Filosofia aldatzea, lehen urratsa

Ehun urte bete atarian, denborak eta inertziek pilarazitako hautsaren azpian geratzeko arriskuan zen kooperatiba. Birmoldaketa garrantzitsua eman zioten duela bizpahiru urte, eta aldaketa nabaritu da Ordiziako dendan. Izaskun Altuna lazkaotarra 1994tik ari da lanean. «Gainbehera zihoan. Sindikatua maitea izan da kaleko jendearen artean ere, eta apustu bat egiteko gogoa genuen». Goimen agentziako Manex Aranburuk idatzi zuen Goierriko Nekazari Kooperatibaren (GKN, gaur egungo sigla-modan) berpizkuntzarako proiektua, 2016an. Langileek Hazi erakundean ikastaroak egin dituzte, eta zuzendaritzan bertan ere sustraitu zen ezkortasun sentimendua iraultzea lortu dute.

Garai eta gizarte eskakizun berrietara egokitu beharra utzi zuen agerian, beste ezeren gainetik, hausnarketa hark. «Gogoeta estrategiko bat landu beharra zegoen, eta, horren barruan, eskaintzen den zerbitzuak zein beharko lukeen argitu, salmenta gunearen dimentsionamendua eguneratu, erabilera berriak formulatu eta, oro har, eraberritu», dio Goimenen proiektuak.

Bisioa, misioak eta balioak argitu zituzten; ahuleziak, indarguneak, mehatxuak eta aukerak identifikatu; eta helburuak finkatu. Lanketa-eremuak desberdintu zituzten: barnekoa –dendan oinarritua–, kanpokoa sozio ez direnekin, eta gizarte arlokoa: ezagutarazatea, harreman sarea osatzea, ekimenak bultzatzea.

Denda, behetik gorantz berriro

Izaskun-AltunaGainbeheran zihoan hura, atzera norabide onean jartzea lortu dute. Denda 2018an berritu eta inauguratu zuten. Barru, kanpo eta izaera. «Filosofia aldaketa txertatu dugu», dio Izaskun Altunak. Isabel Lizarraga zaldibiarra da dendako beste langilea. Zero kilometroa, bertako baserritarren produktu eskaintza handitu, ekoizpen ekologikoari garrantzia eman, eta salgaiak katalogoa astindu dute. «Lehen beti-betiko gauzak saltzen ziren. Orain, aldatu egiten ditugu, denbora bat pasatu orduko. Ordizian merkatari elkartean ere sartu gara, hartu-emanen sarea irekitzeko. Eta D’elikatuzekin turistentzat bisita-leku izateko bidea ireki dugu; uda honetan etorri dira talde batzuk».

Baserritarrak oraindik han aurkituko ditu zumezko saskiak, txilar-erratzak edo Chimbo xaboia. Baina baita hazi ekologikoak ere. Beizamako Aleka etxearekin lotu dute aurten arlo hori: «Kalitate onekoak dira oso, eta indartu nahi dugu. Inguruko produktua ekarri eta zaindu behar dugu».

Duela ehun urte Jesus Lasak Ordizian bertan egindako baskula ikusgarriaren ondoan, esnekien eta produktu freskoentzat hozkailuak jarri dituzte. «Gazta da orain gehien saltzen dena. Bost etxetakoak dauzkagu. Gazta urdina ere sartu dugu, eta asko gustatu zaio jendeari». Talo aurrez eginak ere badira, lehengo artirinaren lekuan. Aurrerago, zekaleak eta ale-jakiak handietan.

Hurrengo proiektua buruan darabil Altunak: landare ekologikoak saltzeko negutegitxoa jarri nahi du dendaren pareko zirrindaran. «Orain ere saltzen ditugu landareak, baina gutxi, tokirik ez daukagulako». Bazkidetza orokortzea eta erosleengana ere zabaltzea izan liteke beste ekinbide bat.

Nekazaritzaren eta Goierriko Nekazari Kooperatibaren mendebeteko zuhaitzak ernemuinak behar ditu, eta ari da kimu berritzen.

Historiaren kronologia

  • 1920-9-29. Nekazari kooperatiba sortu zuten, ‘Sindicato Agricola Alkartasuna’ izenarekin, Ordizian.
  • 1939. Gerra ondorengo urte batzuen berririk ez da geratu, aktarik ez baitago.
  • 1945. Migel Zubeldia hasi zen lanean, 1998an jubilatu arte segiko zuena. Kooperatibaren lehenengo langilea Matias Arregi izan zen, eta haren erreleboa Martzelo Agirrek hartu zuen.
  • 1945. Pentsuarekin hasi ziren lanean. Ordura arte, baserrietan ekoitzi ezin zitezkeen produktuak (ardoa, olioa, pattarrak…) eta lanabesak saltzen zituzten, nagusiki.
  • 1982. Ordiziako industrialdean lurra erosi zuen kooperatibak, biltegia han eraikitzeko asmoan (kalekoa txikiegi eta deseroso geratu zitzaien). Baina ez zieten baimen eman industri lurrean nekazaritzako gaiei lotutako biltegi bat eraikitzeko.
  • 1985. Lazkaibarren pabiloi bat erosi, eta han kokatu zuten pentsu-biltegia.
  • 1990. Olaberriko Ihurren, gaur egun ere baduen pabiloia erosi zuten, Lazkaibarko biltegia utzita.
  • 2004 urria. Pentsu ekologikoa ekoizteko planta jarri zuten Olaberriko pabiloian, 80.000 euro inbertituta. Abeltzaintza ekologikoari bultzada emateko urrats bat zen. Lau silo jarri zituzten, lau zekale mota biltegiratzeko: artoa, oloa, garagarra eta ilarra.
  • 2009. 105 bazkide zituen kooperatibak.
  • 2010-7-16. Zaldibiako Goizane eraikinean, Kixkurgune denda zabaldu zuen kooperatibak. Hark kudeatuko zuen. Produktuak bitartekaririk gabe saltzeko beste gune bat zen.
  • 2018-4-4. Ordiziako denda berritua inauguratu zuten. Euskalerria kalean dagoen egoitzan berrikuntza sakona egin zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>