Kultura eskola kultura

Oihane-VicenteOihane Vicente • Dantzaria

Kulturak eskola sortzen du eta eskolak kultura. Kultura Eskola, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen esparrua da, artea eta kultura-ondarea nerabeei ezagutarazteko asmoz burutzen diren ekimenak jaso eta zabaltzea helburu duena.

Dantza eskolara eramatea oso beharrezkoa da, gorputzak eta mugimenduak hain mugatuta dauden garai hauetan. Zer sentitzen dugu besarkada batean? Momentu honetan gure gorputzak kutsakorrak bihurtu dira, kutsatzeko eta kutsatuak izateko beldur gara. Kontaktu fisikoa mugatu zaigu gure gorputzak eta besteenak zaintzeko eta lehen automatikoki ematen genituen eta gure zaintza emozionalerako hain beharrezkoak diren besarkadak ukatu dizkiogu gorputzari. Zer sentitzen dugu besarkada bat eman nahi eta ezin dugunean? Etengabeko kontraesanean gaude gure gorputzek egin nahi eta ezin dutenaren artean. Gorputzek ere memoria dute.

Dantza gu geu garena adierazteko eta ikertzeko baliabide bat da. Gorputz adierazpenak garapen pertsonalean laguntzen digu, gure identitateak definitzen, gure buru eta gorputzekiko harremanen inguruan pentsatzen. Dantza gure emozio eta ideien adierazpenerako baliagarria da, baita egunerokotasunean ematen diren egoera ezberdinen inguruko hausnarketa prozesuak egiteko ere.

Ikasleen artean sormen eta sorkuntza prozesuak jarri behar ditugu martxan, dantza ez dadin bihurtu ikasturte amaieran behartuta egiten dugun ikuskizun hori bakarrik, zergatik egiten dugun jakin gabe eta askori trauma bat sortuz, beldur eszenikoa edo antzerako arrazoiengatik. Dantza ikuskizun baten atzean lan asko daude eta ikasle bakoitzak bere papera aurki dezake, ez daukagu denok eszenatokira igo beharrik, are gutxiago, derrigortuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>