AHOTSIK GABEKO HIZTUNAK

2006.w013.n001.231B.p10.231

Bederatzi goierritar dabiltza adimen artifizialen hizkuntzaren prozesamenduaren alorrean lanean. Urte gutxitan aurrerapen asko egin diren arren, bidea hasi besterik ez dela egin diote. Baita euskararentzat ere.

Nondik zatoz?», galdetu zion, gaztelaniaz. «Kaxan dioen bezela, Kalifornian (AEB) sortu ninduten». «Hara! ez nuke esango estatubatuarra zarenik, gaztelaniaz oso ongi egiten duzu». «Sorbururik eta mugarik ez dudala pentsatzea gustatzen zait». «Zenbat hizkuntza dakizkizu?». «Hizkuntza asko hitz egiten ditut –40 baino gehiago–. Alemaniera, arabiera, errusiera, txinera…». «Eta euskaraz?», galdetu zion, oraingoan euskaraz. «Barkatu, uste dut ez zaitudala ulertzen», erantzun zion, gaztelaniaz. «Ea euskaraz hitz egiten badakizun», errepikatu zion. «Barkatu, hori ez zait posible».

a-Oier-LopezdelaCalle-1Mugikorrarekin hizketan ari zen, baina bestaldean ez zegoen inor. Izan ere, emakume baten ahots leuna zuen adimen artifizial batekin ari zen hizketan. Pena hartu zuen, tresna baliagarria iruditu zitzaiolako, baina ezin zuelako ama hizkuntzan erabili.  Halere, etorkizunean adimen horrek euskaraz jakingo zuela pentsatu zuen, horrenbeste hizkuntza ikasi baditu bat gehiagorentzako ahalmena izango duelakoan.

Zuzen zebilen. EHUko Ixa ikerlari taldea eta Elhuyar Fundazioko kide batzuk, tartean bederatzi goierritar, irakasten baitabiltza: Manex Agirrezabal, Itziar Aldabe, Josu Aztiria, Jon Ander Campos, Enrique Fernandez, Iñigo Jauregi, Oier Lopez de la Calle, Esther Miranda eta Gorka Urbizu. Adimen artifizialen hizkuntzaren prozesamenduaren adarrean egiten dute lan. «Konputadorari edo ordenagailuari giza adimena ematea da helburua, baina errealitatean ataza sinpleagoak egiten dira», hasi da azaltzen Agirrezabal. «Hizkuntza prozesamendua da ataza horietako bat, esanguratsuenena», gaineratu du Lopez de la Callek. Hau da, makinari esandakoa ulertzeko eta erantzuteko gaitasuna emateko egiten dute lan.

Adimen artifizialaren helburua konputagailuari giza adimena ematea da. Tartean, hizkuntza prozesatzeko ahalmena

a-Manex-Agirrezabal-1Goierritarren kasuan informatikariak dira –Aztiriak enpresa ikasketak egin zituen–, baina hizkuntzalariek ere egiten duten lan esparru honetan. Etorkizuneko kontuak diruditen arren, iraganean sortutako ogibidea da: XX. mendearen azken laurdenean egin ziren lehen aurrerapenak, eta orduz geroztik, garapenak ez du etenik izan.

Bidean buruari majo eragin behar izan diote: konputagailu batek esaldiak sortzeko nahikoa da hiztegi aberats bat eta arau konbinatzaile batzuk sartzea bere memorian. Baina, makinak sintaxia ulertu behar du zentzua duten esaldiak bata bestearen atzetik osatzeko, eta hor dago gakoa. Urbizuk esan du urte gutxian aurrerapauso handiak egon direla. «Internetak paradigma aldaketa bat ekarri zuen, datuak elkarbanatzeko erraztasun handiagoa dagoelako. Potentzia ere geroz eta gehiago dugu. Guzti honek aukera eman du garai batean baztertu egin ziren teknikekin sekulako emaitzak lortzeko». Ixa taldeko kideak ikerketaz arduratzen dira eta Elhuyarrekoak, berriz, ikerketen emaitzak aplikazio erabilgarrietara eramateaz. Egun, a-Josu-Aztiria-1hizkuntza prozesamenduari esker, itzultzaile automatikoak, ortografia zuzentzaileak, galdera-erantzun sistemak… eskura daude. «Euskarazko bozgoragailu adimendua garatzen ari gara Elhuyar, Talaios eta Eskura enpresak», aurreratu du Aztiriak. «Mycroft izeneko proiektu batean oinarritu gara eta hizketaren sintesia, ezagutza, elkarrizketak kudeatzeko ahalmena… erantsiko diogu».

Euskara, jalgi hadi sarera

Teknikak hizkuntza batetik bestera estrapolagarriak direnez, erdaraz egindako aurrerapausoak euskarara ekarri daitezke. «Euskara ez da traba», diote. «Software libreak dena berdindu du. Munduko beste puntako ikerlari talde batek lan bat argitaratzen du eta hurrengo egunean edozeinek jaits dezake eta bere interesetarako erabili. Horrek sekulako abiada eman dio ikerkuntzari», nabarmendu du Jauregik.

Konputagailuak sintaxia ulertu behar du zentzuzko esaldiak bata bestearen atzetik osatzeko. Hor dago gakoa

Guztiak bat datoz: euskarak adimen artifizialaren hizkuntza prozesamenduan sakondu beharra du. «Tren hau hartu ezean etorkizunean aplikazioetatik kanpo gelditu da. Pelikula bat euskaraz ikusteko aukera gutxiago dugun bezala, aplikazioak erabiltzerakoan ere erdarara jo beharko dugu», ohartarazi du Urbizuk. «Euskarak biziraungo badu teknologikoki garatua egon behar da», ez du dudarik.a-JonAnder-Campos-1

Apostua eginda dago, eta buru-belarri dabiltza lanean. «Dugun txikitasunerako mugimendu handia dugu. Hizkuntzaren prozesamenduan aspalditik ari dira lanean konpainia garrantzitsuak. Ixa eta Elhuyar aitzindariak izan ziren, eta egin duten bide luzeari esker euskara da hizkuntza txikien artean egoera onenetarikoa duena», defendatu du Aztiriak. «Euskararen garapen teknologikoa, zehazki hizkuntza teknologietan, oso altua da. Harro egoteko moduan gaudela esango nuke, lasai asko». Agirrezabal Danimarkan bizi da egun, eta Jauregi Australian. Atzerritik ere bat egiten dute ideiarekin.

Baina Aztiriak berak animoak baretu ditu, bi ahoko ezpata izan baitaiteke hizkuntza prozesamendua: «Inportantea da hausnartzea halako sistemak nola aplikatzen ditugun eta zein helbururekin. Zeren, agian, gure helburuen kontra joan daiteke». Jendeak euskara ikasteko beharra ez sentitzeaz hitz egin du. «Itzultzaile automatikoarekin, esaterako, edozein lan itzuli dezaket euskarara. Zertarako esfortzatuko naiz euskaraz sortzen ordenagailuak egiten badit? Joerak egonkortu daitezke eta euskarazko sorkuntza txikitu».

Euskarazko aplikazioa egoteko hizkuntza prozesamendua garatu beharra dago. Baina hiztunak nagitu ditzake

a-Itziar-Aldabe-1Informatikariek arrisku gehiago ere ikusten dizkiote, kasu honetan hizkuntzaz haratagoak: «Ordenagailuak imitazioaren bidez ikasten dute. Hortaz, gizakion akatsak ere errepikatzen dituzte», aipatu du Camposek. Hizkuntza sexistaren adibidea jarri du. Horri lotuta, Lopez de la Callek nabarmendu du ordenagailuari zenbat eta hobeto irakasteko orduan eta adibide gehiago eman behar zaizkiola, «ez dago besterik». Datuek, ordea, dirua balio dute. «Teknologia garatzeko dirua behar da. Zein hizkuntzatan egiten den berdin du», dio. Fernandez kexatu da behar adinako finantzioazioa lortzea ez dela erreza, eta baliabide teknologikoak ere murritzak direla.

a-Inigo-Jauregi-1Gainera, euskal komunitatea txikia izanik, lor daitezkeen datuek ez dute zerikusirik hizkuntza hegemonikoek dituzten aukerekin. Horrek zaildu egiten die hizkuntza gutxituei ezerezetik bide berriak zabaltzea. Langile nahikorik ere ez dagoela uste du Aztiriak, eta ikerlarien kasuan irakaskuntzarekin uztartu behar izaten dute. «Gainera, hemen garrantzi handiagoa ematen diogu dozentziari ikerketari baino», diote. Denbora ere eskatzen dute.

Camposek ohartarazi du aurretik bide luzea dutela: «Erabateko adimen artifizial orokorra oso urruti dago». «Ikerkuntzatik erabilgarritasuna duten produktuetarako muga asko laburtu da. Baina, oso ataza espezifikoetan lortu ditugu aurrerapausoak, eta sistema berberak ez daki bestelako gauzarik egiten».

Euskara ez da traba. Dirua, denbora eta baliabide teknologikoak zein pertsonalak dira behar direnak

Goierritarren plaza

a-Gorka-Urbizu-1Ixa taldea EHUko ikerketa talderik zaharrenetarikoa eta indartsuenetarikoa da, eta mundu osoan du ospea. Hala, ikasleen artean «erakarpen indarra» baduela aitortzen dute, eta ondorioz, normala dela ikerlariak diren informatikari euskaldun askok Ixara jotzea. «Ikasle garaian Ixak lankidetzan ibiltzeko aukera eskaini zidan eta era naturalean hasi nintzen bertan lanean. Gerora ezagutu nuen hizkuntzaren prozesamenduaren mundua, eta Ixa taldean sakondu nuen», dio Aldabek. Gainerakoen kasuak ere antzekoak dira, bakoitzaren xehetasunekin.

Informatikari euskaldun askok Ixa edo Elhuyar bezalako konpainia indartsuetara jotzen dutenez eta hizkuntzaren prozesamenduak gorakada handia izan duenez, ez du inor harritu horrenbeste goierritar bertan elkartzea. a-Enrique-Fernandez-1Ez dute arrazoi berezirik sumatzen atzean. «Baliteke euskalduna izateagatik gehiago izatea… ez dakit, ez dut uste. Kasualitatea dela esango nuke», aipatu du Urbizuk. Inork ez dio kontra egin. Adimen artifizialari galdetu behar, ea berak bestelakorik dioen.

Soldatak nahi baino baxuagoak dira

Esther Mirandak aho-bizarrik gabe hitz egin du: «Diru gutxiegi bideratzen da. Soldatak baxuegiak dira, eta hala ez dago ikerlari nahikorik lortzerik. Proiektuetarako dirua ere urria da». Gainerakoak bat datoz: «Ikerlarien bizitza nahikoa prekarioa da», gaineratu du Lopez de la Callek.

a-Esther-Miranda-1Zientziaz hitz egiten dute kasu honetan, ikerlarien lan baldintzak orokorrean baitira txarrak euren esanetan. «Zientzialaria ez dago ongi errekonozituta». Eta arazoa, etxean bertan hasten da: «Unibertsitateak berak ere ez du ikerlariaren figura bultzatzen», dio Camposek. Oso gutxik dute lanaldi osoan ikerlari izateko aukera, gehiengo handiak irakasle lanak ere uztartzen ditu. Gainera, ikerlari plazak beste zientzialariekin lehiatu behar izaten dituzte, eta informatikariei bidea ixten zaiela kexu dira.

«Arazoa globala da. Beste herrialdeetan ez dago mirariarik», dio Agirrezabalek. Danimarkako lan baldintzak hobeak izan arren, zientziari behar besteko garrantzirik ez zaiola ematen uste du. «Australian enpresa pribatuek finantzatzen dituzte ikerketak. Orain hizkuntzaren prozesamendua modan dagoenez, dirua badago. Baina kontuz, soilik eurek nahi dituzten ikerketetarako», ohartarazi du Jauregik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>