Urtebete neguzko

Terraza-hutsik

COVID-19aren erruz, iaz ‘udaberririk’ gabe geratu ziren goierritarrak, eta bide beretsua darama 2021ak. Pandemiaren eragina ikusteko, lau esparrutako kideei galdetu die Goiberrik nola aldatu den bakoitzaren jarduna. Oro har, urtebete soilean, mundu bat.

Urtetan aditu batzuk aurreikusten ari ziren aldaketa kolpean iritsi zen. 2020ko martxoaren 13an, ostirala, eskolak ez zituzten zabaldu, eta haurrak etxean sartu ziren, bi hilabete luzerako. Goierritarrek, izularriak hartuta bezala, erosketak burugabeki egin zituzten, komuneko paperak agortzeraino. Gerra osteko arrazionamendua etorri zitzaien askori burura: ilarak denden kanpoan, hitz egiteko eta elkartzeko beldurra, hornigai batzuk eskasian… Eta murrizketak, debekuak, mugak nonahi.

Maquetación 1Kaleak hustu ziren, eta etxeak bete. Egun batetik bestera, antzarik ez hartzeko moduan geratu zen Goierri. Mundu osoa bezalaxe. Sars-Cov-2 birusak bizitzaren egarria eragin zuen, Sars-Cov-1 inoiz izan zenik axolagabe zen gizartean. Koronabirus eta COVID-19 terminoak ikasi zituen. Eta izurritea, konfinamendua, alarma hitzak berreskuratu zituen, betiko zokoratuak ziruditen hiztegiaren hautsari putz eginda. Egunerokoaren zurrunbilo geraezina bat-batean balaztatu zen. Enpresak itxi, bidaiak eten, ekitaldi guztiak ezeztatu, harremanak moztu. Bere baitan itxi ziren Goierri eta goierritarrak.

Beldurra eta kezka erne ziren. Eta tristura. Goierri Telebistako zuzendari Jon Aldanondok, pandemiak iltzatuta utzi dion irudi bat esateko eskatutakoan, goibel sentsazioa aipatu du: «Etxean geratu ginenean, telebistan saiakera bat egin genuen: aukera gutxi izango ditugu gure herriak hutsik grabatzeko. Ez zebilen ia inor kalean. Esperimentu bat egin genuen, kotxe gainean kamera jarri, eta Goierriko herri gehienetatik bueltatxo bat egin. Desertua ematen zuen. Neu ibili nintzen kotxearekin, eta gogoratzen dut Lazkaori buelta osoa emanda kalean dozena erdi bat pertsona bakarrik ikusi nituela; Zegaman, bakarra, beste bat Seguran… Sentsazioa tristurarena izan zen. Hori gelditu zait buruan: noiz egon ote den gure Goierri hain despoblatua, triste, gris».

ATAUNGO_EGOERA_KORONABIRUS

Ataungo San Martingo kalea, katu bat beste izaki bizidunik gabe, 2020ko apirilean, konfinamendu betean

Jon Aldanondo, Goierri Telebistaren zuzendaria: «Konfinamendu garaiko sentsazioa tristurarena gelditu zait. Noiz egon ote da Goierri hain hutsik? Desertua ematen zuen»

Oier Iurramendi, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea: «Goierrin, bertso saioei dagokienez, tipologiaka jaialdiak mantendu dira, baina otordu bueltako saioak desagertu dira»

Koldo Muñoa, Goierriko Gurutze Gorria: «Kiroletako eta festetako asistentziak asko urritu dira, baina janaria behar dutenei banatzeko lana neurri berean handitu»

Iñaki Erauskin, Sasieta Mankomunitatea: «Zabor sorkuntzan urtea azkenerako pareko bukatu da, nahiz eta hilabete batzuetan ostalaritza itxita egon izana sumatu»

Alarma egoera, alarmagarria

Ziurrenik, 1975eko apirilaren 25etik, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan eta Bizkaian salbuespen egoera ezarri zuenetik –1967tik seigarren aldiz– ez ziren kaleak horren hutsik egongo. Edo 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen gauetik. «Ezinbesteko» izendatutako zerbitzuek, azpiegiturek eta funtzioek soilik jarraitu zuten nola-halako martxa batean. «Hedabideak ezinbesteko izendatu gintuzten, eta horri nola aurre egin kezka bihurtu zen, jakinda etxean gelditzen zela jende guztia. Baita lanean osasuntsu nola jarraitu ere». Etxeak bihurtu ziren iturri, jendearen ekarpena sakelako telefonoekin, etxean zer egin zitekeen, festak tokatzen baziren balkoian ospatuz. «Hasieran, lehenengo 15-20 egunetan, festa edo opor txiki bezala bizi izan zen. Alderdi graziosoa bilatzen jardun zen jendea. Gero, luzatu zenean, tristura eta ezinegon bihurtu zen», gogoratu du Aldanondok.

Lastoa haizatzen eta alea apartatzen ikasteko balio izan du, hein batean. Hedabideen kasuan, eta ekitaldi guztiak erori zirenean, edukiak osatzeko eta kontatzeko beste modu bat aurkitu behar izan dute. «Erronka aurkeztu zitzaigun parean. Buruari asko eragin behar izan diogu, egiten zen apurra ahalik eta ondoen eta ahal genuen eran zabaltzeko. Asmatu dugula esango nuke. Garrantzitsuena mezua da. Berdin da nola grabatuta dagoen, esaten denak balio badu; hori da garrantzitsua. Tabu txiki batzuk gainditu ditugu horretan».

Kulturaren esparrua, lehen ezagutzen zen bezala, ia erabat amildu zen lehen sei hilabeteetan. Modu, formatu eta espazio berriekin, zirrikitu gehiago sortu badira ere, azken hilabeteotan ez du lehengo pultsurik berreskuratu. Bertsolaritzaren kasua da, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak datutan kuantifikatu ahal izan duena. «Saioei dagokienez, tipologiaka jaialdiak mantendu dira gehien, logikoki. Otordu bueltako. saioak ia-ia desagertu egin­ dira», ondorioztatu du elkartaren Sustapeneko eragile Oier Iurramendik.

Maquetación 1

Goierrin, 2019tik 2020ra bertso ekitaldiak %65 murriztu ziren. Guztira 123 saio izan ziren pandemia aurreko urtean; iaz, 42 (horietako 12 urtarrilean eta otsailean, artean izurritea iritsi gabea zenean). Kultura-espresiobide horri erantsi behar zaizkio antzerkiek eta musika kontzertuek, besteak beste, izandako gainbeherak.

Gizartearen beharrak larritzen

Kirol eta kultur aktibitatea zenbat jaitsi den neurtzeko neurgailu bat Gurutze Gorria da. Futbol eta errugbi partidak, txirrindulari lasterketak, atletismoko eta mendi lasterketetako probak artatzen dituzte. Baita festak, kontzertuak edo bestelako edozein ekitaldi jendetsu ere, udalekin edo elkarteekin dituzten hitzarmenen arauetara. Anbulantzia zerbitzua jartzen du Gurutze Gorriak halakoetan, beharrik bada oinarrizko mediku eta sorospen arreta emateko.

Ez du zalantzarik uzten 2019-2020 urteen arteko irteeren datuen alderaketak. Goierriko Gurutze Gorria 2019an 151 ekitalditan izan zen Goierrin bertan, eta beste 86 ekitalditara Hego Euskal Herrian barrena: 81 Gipuzkoan (Goierriko eremutik kanpo), 3 Araban, eta bana Bizkaian eta Nafarroan.

2020an, aldiz, 50 ekitalditan izan zuen presentzia Goierriko Gurutze Gorriak: eskualdean bertan 38 ekitalditan, eta Gipuzkoan beste 12 alditan. Bost aldiz gutxiago. Tartean, gainera, boluntario kopuru handiak mugiarazten dituzten Ehunmiliak edo Zegama-Aizkorri mendiko ultra-trail probak bertan behera geratu ziren iaz.

Txanponaren aisi aurpegiaren beste aldean, ordea, errealitate gordinarenari ere aurre egiten dio Gurutze Gorriak. Eta horra bideratu behar izan dituzte baliabideak, jendearen oinarrizko premiak hornitzeak aisiaren alderantzizko joera izan baitu: goranzkoa.

Gurutze_gorria

Goierriko Gurutze Gorrikoak janaria antolatzen, Beasainen, 2020ko maiatzean.

Hala, 2019an Gurutze Gorriak Beasainen, Ordizian eta Olaberrian 374 laguni banatzen zien janaria. 2020an, hiru herri horietan 627 herritar daude elkartearen laguntzaren baitan. «Eta konfinamenduko geldialdi gogorrenetan, beste 150 lagun gehiago eduki ditugu beste udalerri batzuetakoak, janaria behar zutenak», azaldu du Goierriko Gurutze Gorriaren lehendakari Koldo Muñoak.

Energia urritasunaren programan, bestetik, 2019an eskualdeko 21 familiari lagundu zien Gurutze Gorriak; 2020an, 33 familiari.

Energia kontsumoaren beherakada, ingurumenera isurtzen diren gas eta isuri kutsagarrien murrizte, eta mugikortasunaren aire eta akustika kaltetze arinagoen ondoan, bada pandemiaren aztarna eta gizateriaren ohituren bilakaerak aztertzeko beste aldagai bat: zabor sorkuntza.

Errefusa gehiago sortu da

Oro har, urte osoko datu absolutuak ez du besteekiko alde nabarmenik utzi. «2020 urte osoko datuak ez dira hain desberdinak izan. Hilabete konkretu batzuetan, ordea, izan dira aldaketak. Ostalaritzan adibidez, bolada batzuetan ezin izan dute aktibitaterik martxan eduki, eta hilabete jakin batzuetan aldaketak eragin ditu horrek, zabor sorkuntzari dagokionez», azaldu du Sasieta Mankomunitateko Iñaki Erauskin kudeatzaileak. Are gehiago, goranzko tendentziari eutsi dio hondakin sorkuntzak, izurriteak izurrite. 2020an, Goierriko herriguneetan bildutako kopurua %0,2 gehiago izan zen: 21.936 tona denera, hortik 16.845 tona (%76,8) gaikako bilketa bidez jasoa. Gutxi, baina egin duena gora. 2014tik, hala ere, oso egonkor dago guztizko kopurua.

Maquetación 1Gaikako bilketaren portzentajea bere horretan mantendu da. Beira bilketa, adibidez, ia %8 apaldu da 2019tik 2020ra Goierrin. Urtean 2.610 tona biltzetik –orain arteko sabaia da–, 2.408 tonara igaro da. Biztanleko, 37,3 kilo beira sortzetik 34,3 sortzera. Antzeko jaitsiera izan du paper eta kartoiarenak (buruko 46 kilotik 43,7ra); apalago, baina biohondakina ere 1,3 kilo gutxiago bildu da bereizita.

Alderantzizko joera, ontzi arinen bilketak jasan du, biztanleko 3,3 kilo gehiago bildu baitzen iaz 2019an baino, marka ezarrita (3.361 tona denera). Errefusak ere, 2010etik zekarren maldan beherako grafika balaztatu du: 5.091 tona jaso ziren iaz, 2019ko 5.065 tonak baino 26 gehiago; trailerkada bat.

Hain justu, pandemiaren ondoriotzat jo du Sasietak 2020ko memorian errefusaren igoera. «Pandemian zehar hondakin berriak sortu dira, hala nola maskarak, eskularruak, mantalak eta beste babes-elementu batzuk. Bestetik, konfinatutako familiek hondakinak nahasita bota behar izan dituzte, errefusa moduan tratatzeko. Hirugarren, denbora batez errefusa-edukiontziak irekita egon dira». Azkenik, Goierriko biztanleria handitu izana da errefusaren igoeraren laugarren arrazoia.

Industri aktibitatearen makaldura industrialdeetako hondakin bilketak ere erakusten du: %17,5 jaitsi da. Horren parean, etxe barruko bizimodua ugaritu izanaren seinale da Garbiguneetara joandako erabiltzaileak %16,6 gehitzea. Urretxuko, Beasaingo eta Ordiziako bilketa-zentroetara 32.446 lagun joan ziren iaz, 2019an baino 4.614 gehiago. «Kalean bildutako etxe-tresnen bilketak ere berriro gora egin du eta asko hazi da, %14,3».

Lehen urtearen ondorengoek esango dute pandemia hau oparoaldien arteko inflexio-puntua den ala aro aldaketa ekarriko duen sistemaren haustura.

Izurriteak, historia bera bezain zaharrak

Koronabirusaren oldarraldiak mundu osoa hartu du jokaleku, aldi berean. Gaur egungo mugikortasun errazak eta harreman globalizatuek eraginda, hedapen handia bezain azkarra izan ditzake ezaugarri. Baina lehen ere izan dira izurriteak.

Justiniano enperadorearen garaian, VI-VII. mendeetan, Erromak ardaztutako Mendebaleko zibilizazioa gogor jo zuen izurrite batek. Kontinente osoa jipoitu zuen.

Izen eta guzti iritsi direnak ere badira: Izurri beltza, kasu. 1346-1353 bitartean egundoko indarrarekin kolpatu zuen Europa guztia. Gaur egungo Krimeako penintsulatik abiatu zen. Garbitasun txarrak, elikadura eskasak eta medikuntzan jakintza mugatuak lagunduta, Europa berehala hartu zuen.

Bakteria bat zen, animalietatik –bereziki arratoietatik– gizakietara igarotzen zena. 16-23 egun bitarte igarotzen ziren lehen sintomak agertu arte. Sistema linfatikoaren noduloak hazten ziren, supuratzeraino, eta sukar altua eragiten zuen. Izurri bubonikoa izendapena hortik dator, hazitako ganglio linfatikoari buboia edo karbunkoa esaten ziotelako. XVIII. mendearen hasieran izan ziren izurri beltzaren azken ernaldiak.

Goierrin, makina bat gaitzaldi badira dokumentatuak. 1418an, izurri gogor bat jasan zuen Segurak, eta jendeak alde egin behar izan zuen. 1516an, Ordizian izurria jotakoak San Bartolome ermitara eramaten zituzten, isolatzeko. 1830ean, baztangak Zumarraga jo zuen. 1855ean, kolerak Goierri, 1918an gripeak.

Arma modura ere erabili zuten. Konskitatzaile eta inbaditzaile espainiarrek eramandako gaitzek 5etik 15 milioira bitarte lagun hil zituzten Amerikan, bereziki aztekak, 1545etik 1548ra. “Cocolitzli” epidemia zabaldu zuten. 2018ko ikerketa batek frogatu zuen Salmonella enterica zela eragilea. Mexikoko biztanleria 15-30 milioi bitarte izatetik 2 milioira murriztu zuten espainarrek, 1519tik 1600era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>