«Leloa da, ehun langile, 10 milioi euroko diru sarrerak»
2007an hasi zen Lortek-en lanean Pedro Alvarez Moro (Beasain, 1978). Zuzendari teknologiko izendatu zuten 2023. urte hasieran, eta 2024tik zentroko zuzendari nagusia da.Basque Research and Technology Alliance aliantzaren parte da Lortek. Ezagutza sortu eta industriari transferitzea du helburu. Datorren urtean 25 urte beteko ditu. Fabrikazio gehigarrian eta digitalizazioan du oinarria.
Ampo, CAF, Ederfil, Arcelor Mittal Olaberria, Eredu, Goilan, Orkli… Batez ere Goierriko enpresekin egiten duzue lan?
Enpresa horiek hasieratik gure kooperatiban sartu ziren. Izan ere, asoziazio bezala sortu ginen, baina 2015ean kooperatiba sortu zen. Bi motatako bazkideak ditugu: langile bazkideak eta enpresa horiek, asko kooperatibak direnak. Enpresa horiekin egiten dugu lan, kooperatiba-erabiltzaile bezala daudenak. Enpresei fakturatzen diegunaren %50 Gipuzkoan dago, eta %19 Bizkaian. Iaz Bilbon ireki genuen bigarren egoitza –beste bat dugu Donostian–, eta helburua da Bizkaian gure transferentzia areagotzea.
Enpresa handiak dira denak?
Asko bai, ikerketan inbertsioa egiteko ahalmen handiagoa dutelako. Baina gure transferentzia oso oinarrituta dago enpresa txiki eta ertainetan ere. Gure ehunaren %95etik gora enpresa txikiak eta ertainak dira, eta saiatzen gara gure irtenbideak horientzako interesgarriak izaten eta haien lehiakortasuna bermatzen. Saiatzen gara teknologiaren aurreko lerroan egoten, eta sortzen baditugu ahalik eta azkarren industriara transferitzen. Enpresa handiek erreminta desberdinekin probatzeko aukera gehiago dute, denbora eta inbertsio aldetik.
Zeintzuk dira enpresen erronka nagusiak?
Lehiakortasuna eta etortzen ari diren eraldaketa teknologikoak: adimen artifiziala, robotika, kuantika… Badaude teknologia batzuk industria erabat aldatuko dutenak, eta erronka da horiek hartzea lehiakortasuna bermatzeko. Egun, Eusko Jaurlaritzak hau eskatzen du: industria hobea eta isuri gutxiago. Horrek ondo laburbiltzen du enpresek gaur egun zer egin behar duten. Horretarako digitalizazioak gauzak era efizienteagoan eta azkarrago egiteko aukera ekartzen du.
Adimen Artifiziala txertatu duzue?
Bai. Adibidez, azalera batean egon daitezkeen defektuak era automatikoan identifikatzeko. Orklirekin lan egin dugu batik bat, beraien lineetan kamerak sartzeko eta kamera horiei inteligentzia emateko. Guk garatu dugu plataforma bat horrelako sistemak garatzeko behar diren pauso guztiak emateko. Kamera komertzial arrunt batetik hasita, argazkia hartzen dugu, prozesatzen dugu, anotazioak ematen dizkiogu, adimen artifizialeko modeloak entrenatzen ditugu. Prozesu industrialetan martxan jartzen ditugu haiek, defektu horiek identifikatzeko bakarrik. Sortu dugun plataforma horretatik 2024. urtearen bukaeran start-up bat sortu genuen hori enpresetara eramateko: Siaps. Horrez gain, adimen artifizialeko garapenak erabiltzen ari gara robotak entrenatu, eta gero robotek beren mugimenduak egokitzeko aurkitzen dituzten egoera ezberdinetara.
Donostiako ordenagailu kuantikoak zuei eragiten dizue?
BasQ euskal ekosistema kuantikoan gaudenez, erabiltzeko ahalmena eta aukera dugu, eta erabili dugu. Gure azterketak egiten ari gara, robotikan, azkartasuna eta efizientzia bilatzeko, eta adimen artifizialean gure inspekzio modeloak garatzeko. Kuantikan oinarritutako konpresio teknikak erabiltzen ari gara ikusteko zer onura dituen, eta ikusten ari gara kasu askotan onura asko ditugula. Oso tresna indartsua dugu.
Zer onura dakarzkio Lortek bezalako zentro batek Goierriri?
Nik aipatuko nuke berrikuntza gune bezala egiten ari garen elkarlana. 1990eko hamarkadan egindako hausnarketa baten ondorioz sortu zen, urte haietan lanpostu industrial asko galdu zirelako Goierrin. Goierriko Berrikuntza Gunean dugu formazioa, talentua eta berrikuntza. Ekosistema paregabea da bailarako etorkizuna bermatzeko. Enpresa traktoreak eta oso handiak ditugu, zorionez, baina etorkizunari begira enpresa horien eta berrien lehiakortasuna eta etorkizuna zaindu beharra daukagu, eta horretarako gaude. Lorteken lana lau arlotan banatzen da, batik bat: energia, mugikortasun jasangarria, metalurgia eta aeronautika.
Nolakoa da elkarlan hori?
Adibidez, formakuntza partekatua dugu; guk Goierri Eskolan masterretan parte hartzen dugu, proiektuak martxan jartzen ari gara, entitate sozial ezberdinak elkartzen, ditugun erronkei erantzuna emateko: etorkinen integrazioa, talentua bilatzea…
Talentuak alde egiten du?
Ikertzaile asko ari gara ekartzen kanpotik, ez garelako gai Goierriko gazteak erakartzeko zentro teknologiko bezala ikerketa egiten dugun gaietara. Hausnarketa estrategikoa bukatu dugu, eta hurrengo urteetan beste dozena bat pertsona kontratatzeko asmoa dugu, ehun pertsonara iristeko.
Zuk ia bi hamarkada daramatzazu.
Nik tesia egin nuen eta pentsatzen nuen: non bukatuko dut? Donostian bazeuden zentro teknologikoak, baina zaila zen. Aukera eduki nuen Lorteken hastek, eta zorionez 19 urte daramatzat eta esango dut Europa mailan atzera gelditzen ez den zentro teknologikoa dela, eta lehen mailako irtenbideak eta garapenak egiten ditugula.
Zenbat pertsona zaudete Lorteken?
87 pertsona bazkide edo langile bezala, eta gurekin gradu amaierako proiektua egiten duten ikasleak gehitzen baditugu, ehunera iristen gara. Hitzarmenak ditugu unibertsitateekin, eta urtero hamabi-bat pertsona edukitzen ditugu haien karrerako azken urtea edo azkeneko bi urteak dualean egiten. Guretzat hori oso harrobi ona da.
Ikerketan eta garapenean inbertitzen da?
Nik uste zorionekoak garela, Euskal Herri mailan asko inbertitzen delako, BPGaren %2 baino gehiago. Europako beste toki askotan bezalako inbertsioak ditugu, eta nahiko zabalduta dago. Enpresek nahiko barneratuta dute berrikuntzan inbertsioak egitea dela gaur egun lehiakorrak izateko aukera bakarra.
Nolakoak izan dira azken bi urteak zure zuzendaritzapean?
Ni zuzendaritza taldean nengoen, zuzendari teknologiko bezala. Aldaketa etorri zen, sorpresa batekin: zuzendari ohia Eusko Jaurlaritzara pasatu zen [Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea egun]. Kontseilu Errektoreak erabaki zuen ni zuzendari nagusi postura pasatzea. Talde bera mantendu dut, eta, beraz, aurretik geneukan bide berdinean jarraitzea izan da. Azken bi urteetan hazkundea izan dugu, eta 2025ean lehen aldiz 8 milioitik gorako diru sarrerak eduki ditugu. Esan dezakegu Lortek hazten ari den proiektu bat dela, nahiz eta 24 urte eduki.
Zein erronka ditu Lortekek?
Iaz eraldaketa handia etorri zen, Euskadiko plan industrial berria zabaldu delako. Zentro teknologikoei Jaurlaritzak eskatzen digu gure jarduera enpresen beharretara inoiz baino gehiago zuzenduta egotea. Trantsizio prozesua izan da, eta 2026an helburua da aldaketa sakonagoa egitea, eskakizunetara egokitzeko. Horrek ekarri du lehen ikerketa taldeak genituela eta gaur egun negozio unitate berriak ditugula, gure jarduerak hobeto bideratzeko sektore estrategiko batzuen beharretara. Bestetik, gure helburua edo leloa hau da: ehun langile, 10 milioi euroko diru sarrerak. ■

