Igandeak
Igor Susaeta • Kazetaria
Adarrik ez jo niri, e? Asteburuetako ekitaldi gehien-gehienak larunbatetan izaten dira, igandeetan, orduak igaro ahala, astelehen madarikatuko mamuaren burlaizezko barrea geroz eta ozenago aditzen dugulako.
Badut diagnostikatu gabeko obsesio bat igandeekin — arratsalde-iluntzeekin batez ere—, eta duela gutxi, ekitaldiak iragartzeko Urretxun eta Zumarragan jarri dituzten taula horietako batean begiratzen hasi nintzen, ene buruari zera esaten nion bitartean: «Tira, ea zer dagoen, zein plan egin dezakegun». Aizue, ekitaldi guztiak larunbatetan; bakarren bat baino ez igandez: ohi bezala, Trinitate eguna Oleta mendian.
Zergatik ote, galdetzen nuen neure artean. Eta Ramon Eder poetaren aforismo zoragarri horretaz akordatu nintzen: «Igande arratsaldetan zizelkatzen da nortasuna». Orduan, astelehen nahitaez produktibora deskantsatua heltzeko, emankortasunaren kontrakoa den lozorro horretatik ateratzeko bi zaplaztekoren beharrik ez egoteko, izaera zizelkatzen da, nagusiki, etxean, pipak nola telesail eskas baten baten kapituluak irentsiz.
Eta halakoetan pentsatzen dut zergatik jokatzen dugun horrela, geure baitara bilduak bezala alegia, zerbaiten, datorrenaren, beldur bagina bezala. Imajinazioa aspaldi galdu genuela ere pentsatu ohi dut… Azken finean, bizitzari 1-0 irabazten ari garen bitartean, horrekin konformatzen garela, eta partida ixtera jo ohi dugula.
Duela bi hamarkada pasa, igandeak zirenean aurreko egunetako jo eta suak eragindako depresioa ahalik eta ondoen eramateko eta asmo suizidak saihesteko egunak, komunitatean biltzen ginen; beste era batera esanda: lagunak tabernara joaten ginen berriro. Eta askotan gogoratzen naiz Iñaki tabernariak esaten zigunaz: guk nahi bezalakoak izan zitezkeela igandeak. Horixe bada. Eta lizentziatxoa hartuko dut: geure esku dago. ■
