«Bakarka ere ibili naiz ispiluari kantuan»

Lander-ArizmendiLander Arizmendi Fernandez (Ordizia, 1997) bertsolariak Osinalde sariketako baliagarria den Argi-Berri sariketan kantatuko du aurten lehen aldiz. Ordiziako Herri Antzokian egingo du estreinakoa igandean, gertukoenen berotasunarekin.

Iaz ezin izan zen, baina aurten bai. Ordiziako Argi-Berri sariketako seikotean aritzeko gonbidatu zaituzte. Zer sentipen dituzu?
Iaz gonbita jaso nuenean atsegin handiz hartu nuen, eta aurten berriro gonbidapena jasotzeak sekulako ilusioa egin dit. Osinalde zein mailako sariketa den jakinda, argi dago erronka polit bat dudala aurretik eta gogo handiz hartuko dut. Etxean kantatzeko aukerari dagokionez, sentsazio kontrajarriak ditut. Alde batetik gertukoak are gertuago izateak lasaitu egiten nau, baina bestetik bertsolari bezala herrian egingo dudan lehenengo agerraldi publikoa izango da hau, eta horrek presio erantsi bat dakar berarekin.

Ibili al zara sariketarako entrenatzen?
Iaztik hona presentzialki egiten genuena online formatura moldatu beharra izan dugu, eta niri pantaila aurrean entrenatzea kosta egiten zait. Ordiziako bertso eskolan bildu izan naiz Odei Lopez, German Urteaga eta Maialen Akizurekin presentzialki entrenatzeko, baina Osinaldeko data gerturatzen joan den heinean ni ere estutzen joan naiz, eta etxean bakarka ere ibili naiz ispiluari kantuan.

Maddi Aiestaran beasaindarra eta zu zarete aurtengo 18 bertsolarietatik goierritar bakarrak, eta biak Ordizian ariko zarete. Zer moduzko lehiakidea iruditzen zaizu?
Plaza mundu honetan sartu berria naiz eta oraindik ez dut jende gehiegi ezagutzen. Maddirekin bertso eskolan egon izan naiz, eta ikusita zer nolako bertsolaria den eta nolako abilezia duen, ziur nago distira egingo duela bai gure kanporaketan eta baita Osinalden ere. Plazer bat izango da berarekin oholtza partekatzea.

Zein helbururekin zoaz saiora?
Ez daukat karga edo presio handirik, badakit nondik natorren eta nora heldu naitekeen. Ez daukat inongo itxaropen finkorik finalerako, nire helburua urduritasun eta beldurrak gainditzea da,  eta batez ere maila ematea. Datorren publikoak goza dezala eta nik ere haiekin gozatzea espero dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>