«Umetan behor bat oparitu zidaten eta ilusio handia egin zidan»
Andoni Olanok (Altzaga, 1992) herriko jaietan erantzun zuen GoiBerriko galdetegia. «Test psikoteknikoa» deitu zion, umorez eta arrazoiz. Altzagatar honek Ingeniaritza ikasi zuen Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean. Legazpiko Ulma Packaging enpresan lan egiten du. «Ikasketak bukatu nituenean han hasi nintzen lanean eta bertan jarraitzen dut». Maiatzean aita izan zen. «Ez da gaizki etortzen bizimodua aldatzea», dio.
Zer zaletasun dituzu?
Kirola egitea. Batez ere, bizikletan ibiltzea. Lagunekin egotea ere gustatzen zait. Beasainen elkartzen gara. Amona Beasainen bizi zenez, ikasketak han egin nituen.
Pelikula edo telesail bat.
Egia esan, telesail dezente ikusten ditugu. Peaky Blinders, adibidez, asko gustatu zitzaigun.
Liburu bat.
Oraintxe bertan ez dut asko irakurtzeko astirik. Normalean, interesezko gaiei buruzkoak irakurtzen ditut, zaletasunei buruzkoak. Txakurren trebakuntzari buruzkoa irakurri nuen, adibidez. Izan ere, txakurra daukagu. Informazioa behar dudanean irakurtzen dut. Ez naiz nobela zalea.
Musika talde edo abeslari bat.
Unidad Alavesa.
Abesti bat.
Fiachras taldearen Gehiago berez garena baino.
Oporretarako leku bat.
Pirinioak. Tokiz aldatzen gara.
Kolore bat.
Berdea.
Zer gosaltzen duzu?
Arrautza nahasiak ogi txigortuarekin.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Gure umea jaio zen eguna. Neia du izena.
Amets bat.
Ingurukoak eta ni ondo bizitzea, ahalik eta gehien.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Ez da erraza bat aukeratzen… Umetan behor bat oparitu zidaten. Ilusio handia egin zidan.
Bizitzako plazer txiki bat.
Etxekoekin eta lagunekin denbora partekatzea.
Goierriko txoko bat.
San Joan Iturriko parkea. Baliarrainen dago.
Altzagan biziko ez bazina…
Goierriko beste herri txiki batean. Hiri handi batean ez behintzat. ■

