Biometano plantaren dilema
Olaberriko industria eremuaren irudi bat. Karobi industrialdearen barreneko saila da proiekturako aukeratutako lekua. goiberri
ArcelorMittal eta CAF enpresek sustatutako biometano plantaren proiektua bidea egiten ari da. Goierri Barnetik sareko zuzendaritzak «interesgarritzat jo» du mahai teknikoaren txostena, eta partekatze prozesu bat abiatu du.
Erregai fosilen (petrolioa, ikatza eta gas naturala) erabilera murrizteko urratsak egitea da mundualdi honek duen erronka nagusietako bat. Nazioarteko itunek, Europako Batasuneko arauek eta estatuko zein tokiko legeek behartzen dute horretara, berotegi-efektuko gasen isuriak gutxitu eta klima aldaketari aurre egiteko. Goierrik jarria dio bere buruari helburua, 2030. urterako eskualdeko CO2 isurketak %55 gutxitzea. «Erronka anbiziotsua» inondik ere, Goierrin industriak duen pisua aintzat hartuta.
Goierriko Energia Mahaiak energia kontsumoaz dituen azken datuak 2023koak dira. Sektoreka banatuta, industriak kontsumitzen du energia gehiena Goierrin, %67. Garraioarena da kontsumo osoaren %22, etxebizitzetakoa %6 eta zerbitzuen sektorearena %5. Energia sorkuntzari dagokionez, hauexek zenbakiak: tokiko kontsumo berriztagarriko instalazioek kontsumo totalaren %0,79 sortzen dute.
Proposamena eta lehen urratsak
Goierri Barnetik eskualdeko erakunde publikoek, enpresek eta gizarte eragileek Goierriko etorkizuneko erronkei elkarlanean aurre egiteko sortutako lankidetza sarea da. Eraldaketa soziala eta ekonomikoa sustatzea du helburu, herritarrekin batera lan eginez eta gobernantza eredu partekatu baten bidez.
Energia da lankidetza sare horrek duen erronketako bat, eta orain hiru urte adostu zuten eragileek CO2 isurketak 2030erako %55 murriztea. Eta testuinguru horretan iritsi zen 2025eko maiatzean Olaberriko ArcelorMittal eta Beasaingo CAF enpresen proposamena: Goierrin biometanoa sortzeko planta bat ezartzea. Proiektuaren sustatzaileen esanetan, autokontsumora bideratutako proiektua da. Iturri horien arabera, ArcelorMittalek %25eko autohornikuntza maila lortuko luke planta horretatik, eta CAFek %80koa.
Urte hartako abenduan gizarteratu zen proiektu horri buruzko lehen informazioa. Goierriko EH Bilduk prentsa ohar kaleratu zuen, egitasmoa «zuhurtziaz» hartzen zuela esanez, eta proiektuaren inguruko «zalantza nagusiak teknikoak» zirela nabarmenduz. Aditu talde bat sortzeko eskaera ere egin zuen, «informazio zehatza jasotzeko beharra» ikusten baitzuten.
Mahai teknikoaren sorrera
Bi enpresen proposamena CO2 isuriak «maila esanguratsuan murrizteko garrantzitsua» izan zitekeela ikusten dute Goierriko eragileek, baina era berean jakitun dira «kezka sor dezaketen bestelako inpaktuak» izan ditzakeela.
«Dilema batean egon gintezke beraz, eta ahalik eta informazio kontrastatu eta egokienarekin ebatzi beharko da». Horixe zioen uztail hasieran Goierri Barnetik sareak kaleratutako lehen prentsa oharrak. Ordura arteko urratsen berri ematen du testu hark.
Jarraipen batzorde bat eratu zuten aurrena, honako kideek osatua: Leire Artola (Beasaingo alkatea), Kepa Zubiarrain (Lazkaoko alkatea), Ioritz Berra (Zaldibiako alkatea), Egoitz Apaolaza (Segurako zinegotzia), Jokin Garmendia (Olaberriko alkatea) eta Joseba Iztueta (Gabiriako zinegotzia). Batzorde horretan, gaiaren arabera, ArcelorMittaleko eta CAFeko ordezkariek ere hartzen dute parte, nahiz eta bertako kide ez izan. Batzorde horrek martxoaren 25ean izan zuen lehen bilkura, eta kide guztiek –enpresek barne– mahai tekniko bat eratzea adostu zuten.
Mahai teknikoa IHOBEk, EVEk, Ekologistak Martxanek, EHUk, Neikerrek eta lehen sektoreko aditu talde batek osatu dute. Koordinatzaile lanak, berriz, Goierri Barnetik markoan bestelako lan batzuetan aritu den Sq Consult enpresak egiten ditu. Proiektua idatzi duen Delfos enpresak ere mahaian parte hartzen du, informazio teknikoa eskuragarri jartzeko egitekoarekin, baina iritzia emateko aukerarik gabe.
Proiektua «interesgarritzat jo»
Uztailera bitartean hiru bilkura egin zituen mahai teknikoak, eta irailean aurkeztu zien txostena Jarraipen batzordeko kideei. Gerora, Goierriko Energia Mahaian, Goierriko sindikatuekin eta ingurumen taldeekin egindako bileran, Olaberriko bizilagunekin egindako batzarrean eta Goierriko Barnetik sarean –34 eragile biltzen ditu– eman da txosten teknikoaren berri irail-urrian.
Atzoko datarekin –2026ko urriak 29– kaleratu du Goierri Barnetik-eko zuzendaritza organoak bigarren prentsa oharra, bi erabakiren berri emanez. «Orain arteko informazioaren arabera, prozesuan egindako txosten teknikoa ikusita, eta espero diren inpaktuak eta aurreikusitako arintze-neurriak kontuan hartuta, Goierri Barnetik Sareak uste du aipaturiko enpresek aurkeztutako biometano-instalakuntzaren proiektua koherentea dela eskualdean zehaztutako deskarbonizazio-estrategiarekin, eta, beraz, interesgarritzat jotzen du». Hori dio lehen puntuak.
Bigarrenak datozen asteetan abiatuko den «partekatze prozesuari» egiten dio aipamena, txosten teknikoa aurkeztu eta horren inguruan egon daitezkeen zalantza edo iritziak jasotzeko. Era berean, proiektuaren sustatzaileekin adostu du partekatze prozesu horretan proiektuaren inguruko informazioa eskuartean jarriko dela, jendarteak proiektua ezagutu dezan. «Prozesu hori eskualdeko eragileekin eta herritarrekin garatuko da». Tartean dago Olaberriko bizilagunen ordezkaritza batek eta eskualdeko eragileen ordezkaritza batek Goierriko proiektuaren «antzeko ezaugarriak dituen planta batera» egingo duten bisita.
Azkenik, Goierri Barnetik sareak argitu du proiektua enpresek sustatutakoa dela. «Goierri Barnetik sareak, soilik, plantaren azterketa egiteko prozesua abiatu du, baina ez da proiektuaren egilea». Aldizkari hau harremanetan jarri da enpresa sustatzaileekin, baina «proiektuaren fase honetan» adierazpenik ez egitea eta erreportajean ez parte hartzea erabaki dute, besteak beste, argudiatuz proiektuak oraindik ez duela haien barne organoen oniritzirik.
Balizko 23 inpaktu txostenean
Mahai teknikoak ondutako txostena Goierri Barnetik-en webgunean dago ikusgai dagoeneko. Sarreraz eta biogas-biometano arteko ezberdintasunak azaltzeko oharraz gain, balizko inpaktuei egiten die erreferentzia batez ere. Balizko 23 inpaktu atzeman dituzte, bai negatiboak (hobetu beharrekoak) bai positiboak (inguruarentzat onuragarriak). Taula moduan daude jasoak, inpaktu bakoitzaren garrantzia baloratuz –Handia, Ertaina eta Txikia–.
Lau arlotan banatzen ditu inpaktuak txosten teknikoak: Plantaren inpaktuak, Lehen sektoreari eta landa-eremuari lotutakoak, Inpaktu sozio-ekonomikoak eta Inpaktu energetiko eta klimatikoak. Ondorio nagusiak laburbiltzen dituen atalak ixten du hemeretzi orrialdeko dokumentua. ■
Kezka eta galdera ugari olaberritarren artean
Urriaren 21ean egin zuten Olaberriko Ihurre auzoko jubilatuen aretoan Goierriko biometano planta aurkezteko bilera. Jokin Garmendia alkatea izan zen hitza hartzen lehena, eta haren ondotik Goiekiren kudeatzaile Iker Galparsorok orain arteko bidearen berri eman zuen. Haiekin ziren mahai teknikoa koordinatu duen Sq Consult enpresako ordezkaria, eta proiektua lantzen ari diren Delfos enpresako bi kide. Aretoa bete-bete eginda, bi ordu iraun zuen saioak.
Planta eraiki asmo den orubea Arcelorrena da, eta hori aukeratu dute «kokapenik egokiena» delako, Delfosen esanetan. «Ihurre nahiko tentsionatua badago, zergatik hemen?», horixe gehien errepikatzen zen galdera. «Beste kokapen batzuk ere aztertu ditugu, eta ez da erraza bi enpresetatik horren gertu dagoen sail bat aurkitzea. Biometanoa hodi bidez bideratuko dugu bietara», sustatzaileen erantzuna.
«Eta igerilekuarekin, zer?». Kendu egin beharko dute, pare horretatik egin nahi baitute kamioien sartu-irtena. «Eta kamioi gehiago?». Orduko 6-7 kamioi. «Eta pentsatu duzue kamioi horiek dieseldunak ez izatea?». Hauxe Delfosekoen erantzuna: «Bai, baina oraingoz ez digute ziurtatzen gasdun kamioiak baserrietara ondo iritsiko direnik. Aztertzeko gai bat da». Balizko usainak ere kezka eragiten du, noski. «Kamioi itxietan ekarriko dugu simaurra, eta erabat itxian deskargatuko dute. Planta erabat estalia da».
Simaurra lortzeko «sare logistiko» bat osatzen ari dira, eta «70 ganaduzalek baino gehiagok» azaldu dute parte hartzeko nahia. «Hemen Olaberriko bi ganaduzale gaude, eta gurekin ez da inor harremanetan jarri», herritar baten kexa. «Ganadu kopuru jakin bat dutenekin hasi dugu prozesua, hamabostean behin kamioi bat betetzeko adina simaur sortzeko gaitasuna dutenekin». Delfoseko ordezkariaren esanetan, Goierriko artzain-abeltzain denek izango dute parte hartzeko aukera, neurri handikoak ala txikiak izan. Digestatoari eta peletizazioari buruzko galderak ere izan ziren.
Planta batera bisita
Antzeko ezaugarriak dituen Europako biometano planta bat bisitatzea izango da hurrengo urratsa. Goierriko eragileen eta Ihurreko auzotarren ordezkaritza banak parte hartuko dute , eta han ikusitakoa partekatzeko beste bilera bat egingo dute auzoan. ■



