Naturala den guztiarekiko joera nagusitu da dekorazioaren alor guztietan. Goierriko hainbat adituk eman digute guztien berri.
Egungo osasun egoerak erabat baldintzatu du eguneroko bizitza. Ohitura aldaketak ekarri ditu eta horrek arrasto nabarmena utzi du baita dekorazio joerei dagokionean ere. Etxea gehiago eta ezberdin erabiltzen da, eta ondorioz, behar berrietara egokitu behar dira espazioak.
Dekorazio joerei dagokionean, zalantzarik gabe, naturaltasuna gailentzen duten horiek azpimarratu behar dira. Naturan oinarritutako materialak nagusitu dira: harria, egurra, portzelana, lihoa, kotoia, zuntza… Etxe barruan natura presente izateari garrantzia ematen zaio dekorazioan, horregatik, landareak eta loreak ere aintzat hartu beharreko osagarriak dira. Jarraian hainbat adibide dituzue azken joerak ez galtzeko.