«Herritarren inplikaziotik jorratu nahi ditugu gizarte erronkak»

Naiara-Goia-1

Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategiak duela hilabete gutxi batzuk hasi du jarduera Gandiaga Topagunean Naiara Goia Imaz (Segura, 1978) zuzendari nagusi duela. Segurarrak eskarmentu handia du eraldaketa, berrikuntza eta lidergoa eskatzen duten egitasmoetan, eta Arantzazulab goitik behera egokitzen da  parametro horietara. Gizarte lehiakorrago, kohesionatuago eta gizatiarrago bat lortzea du helburutzat proiektuak.

Arantzazun lan egiten duzu, Gandiaga Topagunean, baina Goierrin bizi zara.
Bai, Seguran jaioa eta hazia naiz, eta 18 urterekin Bilbora ikastera joan nintzenetik kanpo aldean ibili banaiz ere, orain Beasainen bizi naiz.

Zer ikasi zenuen?
Segurako herri eskolatik Beasaingo Alkartasuna Lizeora joan nintzen, eta handik Bilbora, Telekomunikazio ingeniaritza ikastera.

Goierritik alde egin aurreko urteetaz zer gogoratzen duzu?
Oso oroitzapen onak ditut. Edozein gazte bezalakoa nintzen, eta kirolzalea. Beasaingo nesken lehen futbol taldean jokatu nuen. Neska arrunta nintzen, baina aldi berean, banuen kezka bat-edo, kanpora irteteko eta gauza berriak ezagutzeko grina. Horregatik, Bilbora joateko urratsa oso natural egin nuen, eta gero atzerrira joatean ere bai.

Etxekoek lagundu al zizuten kanpora joate horretan?
Oso harro nago gurasoek eman didaten heziketaz. Beti lagundu didate, ikasteko aukera eman didate eta balio ugari transmititu dizkidate: familia, herria maitatzea, kultura, norberak bere bizitzaren ardura hartzea, ausardia… Hori guztia txikitatik jaso dut, eta atzerrira joateko animatu izana beti estimatu izan dut.

Zergatik aukeratu zenuen Telekomunikazio ingeniaritza?
Garai hartan, 1990eko hamarkadan telekomunikazioen boom-a ari zen gertatzen, orduan hasi zen telefonia, Internet… Promesa handiak zeuden, deskubritzeko zegoen arloa zen, mundua hortik zihoan. Erronka puntua ere bazegoen, karrera gogorra zen, eta nik, 18 urterekin, hura egiteko gai nintzela ikusi nuen. Erronka hark eta testuinguruak lagunduta egin nuen aukeraketa.

Zer moduz joan ziren ikasketak?
Egin nituen, erronka gainditu nuen. Bost urteak amaitzean, karrera amaierako proiektua egitera Frantziara joan nintzen, Bretainiako unibertsitate batera. Urte bat egin nuen han eta proiektuaz gain, praktikak ere egin nituen unibertsitateko departamendu batean.

Atzerrian jarraitu zenuen gero.
Nik argi neukan nire ibilbide profesionala atzerrian hasi nahi nuela, modu bat delako burua irekitzeko, beste jende bat, beste egiteko modu batzuk, beste bizitzeko modu batzuk ezagutzeko… Horregatik, Suediako Goteborg hirira joan nintzen lanera. Ikerketa zentro bat zen, nanoteknologia esparrukoa, eta nire lana Europako Agentzia Espazialaren hainbat proiektutan zen.

Naiara-Goia-3«Oso harro nago gurasoek eman didaten heziketaz. Beti lagundu didate, eta balio ugari transmititu dizkidate»

«Egitasmo berri bat da, erronka handiko proiektu bat, eta hasieratik diseinatzeak asko motibatzen ninduen»

Baina lan ibilbidea beste alor batzuetan garatu duzu.
Egia da. Esparrua gustatu arren, nire karreran gehiago joan naiz kudeaketaren alorretik. Eraldaketa, berrikuntza eta lidergoa eskatzen zuten egitasmoetan egin dut lan.

Horrelako al zen Itelazpikoa?
Suedian bi urtez egon nintzen eta atzerrian jarraitzeko gogoarekin segitzen banuen ere, Euskal Herrira itzuli nintzen, sortu berria zen Itelazpi Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoan lan egiteko. Telekomunikazio azpiegituren alorrekoa zen bere jarduna, eta Konekta Zaitez proiektuaren buru izateko zortea izan nuen; proiektu aitzindaria zen, landa eremura Internet banda zabala eramateko helburua zuena, nazioarte mailan saritua eta erreferentea. Aurrerago beste proiektu batzuetan lan egin nuen. Itelazpin 12 urte egon nintzen, Zamudioko parke teknologikoan.

Kooperatiben mundua ezagutu zenuen gero.
Mondragon Korporaziora joan nintzen ondoren, kooperatiben sarean berrikuntza sustatzeko eta enpresen eraldaketarako estrategiak bultzatzeko proiektuak gidatzeko. Kooperatiba sarea oso gertutik ezagutzeaz gain, bertako eta nazioarteko eragile erreferenteekin gizarte berrikuntzako ekimen aitzindarietan lan egiteko aukera izan nuen, etorkizuneko erronken aurrean gizarteko eraldaketak bideratuz. Berrikuntza teknologikoa eta soziala indarra hartzen ari zen garaia zen.

Arantzazulab izan da zure hurrengo geldialdia.
Nire izaerarekin lotuta dago erronka berriak bilatzea, eta aukera hau sortu zenean, baiezkoa eman nuen. Egitasmo berri bat da, erronka handiko proiektu bat, eta hasieratik diseinatzeak asko motibatzen ninduen, baita egitasmoaren inguruan biltzen diren eragileek, erakundeek… ere. Gainera, ezin ahaztu egitasmo honen azken helburua gizarte lehiakorragoa, kohesionatuagoa, gizatiarragoa lortzea dela.

Naiara-Goia-2

Nondik sortzen da Arantzazulab?
Arantzazulab edo Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategia Arantzazu Gaur Fundazioko kideek sortu zuten uztailean, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Korporazioak, Kutxa Fundazioak, Oñatiko Udalak eta Frantziskotarren Probintziak.
Arantzazuren etorkizunaren inguruko hausnarketan du jatorria. Frantziskotarren komunitatearen jarraipenaren inguruan kezka sortu zen, eta gero Arantzazutik aurrerantzean euskal gizarteari egin dakiokeen ekarpenaren inguruko kezka bihurtu zen, lurraldearen etorkizuneko erronken inguruko kezka.

Eta zer ekarpen egingo du Arantzazulabek horretan?
Egungo gizarteak erronka aldakor eta konplexuak ditu: populazioaren zahartzea, migrazio mugimenduak, demokraziaren krisia, aldaketa klimatikoa, digitalizazioa… Egia da horiei erantzuteko lana hasita zegoela, baina giza faktorean gutxi zentratzen zen, ez zen kontuan hartzen aldaketa horiek gizakiari nola eragiten dien. Horregatik, bizi dugun eraldaketa sakoneko garaian herri bezala ditugun gizarte erronka konplexuei ikuspegi berriarekin aurre egiteko xedea du laborategiak.

Nola gauzatuko da eginkizun hori?
Abiapuntuko tesia da ezagutza berri bat behar dugula erronka horiek gizarte bezala ulertzeko, eta erronka horien ondorioz agenda publikoak mahai gainean jarri dizkigun eduki berriak ulertzeko. Erronken tamaina da hain handia,  orain arteko tresnek eta egiteko moduek ez dutela balio. Horregatik, gizakiak formatzeko eta trebatzeko espazioak behar ditugu, etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko eta esperimentatzeko gunea sortu. Eta hori izateko jaio da Arantzazulab.

Gizarte berrikuntzako laborategia da. Zer da hori?
Gizarte berrikuntza da gizarte erronkei modu berritzailean eta ikuspegi berritzailearekin erantzuna ematea. Baina gizarte berrikuntza oso zabala da, erpin ugari ditu, eta hemendik sustatu nahi duguna bi balioekin lotzen da. Herrigintza edo garapen komunitarioa da bat, azken batean agenda publikoan herritarren partehartzea nahi dugu sustatu, eta horretarako tresna berriak prestatu behar dira, parte hartzeko modu eraginkorrak prestatu. Eta beste balioa da lankidetzazko gobernantza, uste dugulako hori dela gobernuek, administrazio publikoek eta gizarteak beraien artean harremantzeko eta komunikatzeko duten harreman modu berria.

Naiara-Goia-4«Arantzazu gizarte berrikuntzaren nodoa eta herritarren topagune bihurtzea da gure marko estrategikoa»

«Ikerketa, formakuntza eta sozializazioa gure ardatzetako bat dira, sortzen dugun ezagutza herritarrei helaraztea»

Zein esparru landuko dituzue?
Lau espezializazio esparru edo gizarte erronka nagusi identifikatu ditugu: ongizatea, elkarbizitza, lana eta trantsizio ekologikoa. Lau esparru horietan gizarteak izan ditzakeen arazoak dira abiapuntua, eta irtenbide eta erantzun berritzaileak elkarlanean ematea da gure helburua. Baina berezitasun batekin: erronka horiek jorratu nahi ditugula herritarren inplikaziotik, lankidetza sareen inplikaziotik. Arantzazulaben asmoa da hemen ekosistema bat sortzea, elkargune bat, ezberdinen arteko osagarritasunetik abiatuta, lankidetza sarea indartuz, erronka horien inguruan gizartean egiten dugun inpaktu hori handiagoa izan dadin.

Sei-zazpi hilabete daramazue lanean.
Hasierako hilabeteak izan dira Gandiaga Topagunea egokitzeko eta eraberritzeko. Aldi berean, marko estrategiko bat diseinatzetik abiatu ginen, gure misioa zehazten, eta hori da Arantzazu gizarte berrikuntzaren nodoa eta herritarren topagune bihurtzea. Helburu horren lorpenerako, ikerketa, esperimentazioa eta dibulgazioa ditugu jarduera nagusiak.

Eta zein arlotan ari zarete lanean?
Lau ardatz estrategiko definitu ditugu.  Garapen komunitarioa da bat, herritarren parte hartzea sustatzeko ekimenak egingo ditugu, diseinatu eta martxan jarri. Saretzea eta elkarlana da bigarrena, eragile ezberdinen arteko ekosistema hori nahi dugu sortu. Hirugarrena, nazioartekotzea edo irekiera da, oso garrantzitsua delako nazioarteko ezagutza aurreratuarekin konektatzea, gizarte laborategiak eta erakundeak asko direlako munduan; gu erabat lerrokatuta gaude kanpoko ikerketa programa horiekin, eta lanean ari gara mundu mailako zirkuitu horretan posizionatzeko. Azkenik, ikerketa, formakuntza eta sozializazioa dago, hemen sortzen dugun ezagutza herritarrei helaraztea delako gakoa. Puntu honetan oso garrantzitsua da lurraldeko hiru unibertsitateen partaidetza.

Zertan datza unibertsitateen partaidetzak?
Hasieratik, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea elkarlanean  ari dira gurekin. Garrantzitsua da hiru unibertsitateetatik jaso dugun erantzuna eta sinesmena proiektu honetan, benetan legitimatzen duelako. Guk hemen bultzatzen duguna ikerketa elkargune bat da, gure ustez ikerlari desberdinen ikuspegiak batzea delako modua gizarte bezala ditugun erronkei aurre egiteko, eta horregatik garrantzitsua da unibertsitateak hor egotea, elkarlanerako eta egiteko modu berriak aktibatzeko prest. Orain ikerketa markoa ari gara diseinatzen, eta ia martxan jartzeko prest gaude.
Ez dut lehen esan Gipuzkoako Foru Aldundia dela Arantzazulaben sustatzaile nagusietako bat, eta horrek ere errefentzialtasun bat ematen digu.

Lan guztia Gandiaga Topagunetik bideratzen duzue.
Gure egoitza da, baina baita batzar zentro bat ere, guk kudeatzen duguna. Arantzazu toki paregabea da, eta azkar ohitzen bazara ere, niretzat eta mundu guztiarentzat energia berezia dario.

Erronkak gustuko dituelako

Naiara-GoiaIkasketen aukeraketatik hasi eta gaur arte. Naiara Goia Imaz segurrararren bizitzan erronkak bata bestearen atzetik etorri dira, eta horiek gainditzeak dakarren satisfazioa ere bai. Telekomunikazio ingeniaria da ikasketaz, baina lan teknikoa gehiegi gustatzen ez zitzaionez, kudeaketaren alorrean garatu du bere lan jardun ia osoa. Enpresa zuzendaritzan egindako masterra eta atzerrian ikasi eta lan egin zuen garaian pilatutako esperientzia lagungarri izan zaizkio horretan.

Erronkazalea izanik, erronka handia du gaur egun ere esku artean Goiak, Arantzazulab Gizarte Berrikuntzako Laborategi sortu berriari forma ematea eta martxan jartzea. Iazko uztailean sortu zuen egitasmoa Arantzazu Fundazioak, eta urrian hartu zuen zeregin handi horren ardura, Arantzazun bertan dagoen Gandiaga Topagunean. Sei-zazpi hilabeteren bueltan egitasmo berritzaile horrek egin ditu lehen urratsak. Laster ikusiko dira emaitzak.

Arantzazulab Naiara Goiaren ibilbide profesional oparoaren azken geldialdia da momentuz. Egitasmo aitzindaria da hori ere, aurretik Eusko Jaurlaritzaren Itelazpi enpresa publikoan edo Mondragon Korporazioan garatu dituenak bezala. Eraldaketa, berrikuntza eta lidergoa eskatzen zuten egitasmoak ziren guztiak, nazioarte mailan lekua eta, batzuetan, baita erreferentzialtasuna zutenak ere.

Erronka guztien atzean beti dago pizgarri bat, eta Arantzazulabeko lanak segurarrari eskaintzen diona egitasmoaren azken helburua da: gizarte lehiakorragoa, kohesionatuago eta gizatiarragoa lortzea. Horretarako, gizakia erdigunean jartzea ezinbestekoa da. Horixe omen da gakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>