Zepai bertsolaria, umorearen ahotsa

ZEPAI_BERTSOLARIA

Zepai, Bautista Kortajarena eta Uztapide bertsolariak, festaren batean argazkilariaren postuan, gaztetan. / Bertsolari aldizkaria

Goierriko bertsolaritzako biografietan urteurren borobil asko dira 2021 honetan. Jesus Lete Ibaiertz bertso jartzaile eta idazle itsasondoarra jaio zela ehun urte beteko dira, abuztuaren 27an. Inozentzio Olea zeraindarraren jaiotzako mendea, berriz, abenduaren 28an da. Zepai hil zela, aldiz, 50 urte dira hurrengo larunbatean, uztailaren 24an. Gertuenekoari helduko diogu, Akilino Izagirre Amenabar Zepai-ri, alegia.

Azpeitiko kalean jaio zen Zepai, 1906ko urtarrilaren 15ean. Errezilgo Zepai baserrian hazi zen ordea, eta handik zetorkion izengoitia. Idiazabalera ezkondu zen, 1946ko urtarrilaren 31n Urtsuarango Agustina Mujika Intxaustirekin esposatuta.

Gaztetan baso lanean jardun zen, eta gero hargintzan. Donostiako garagardo lantegian lan egin zuen, bost urtean, Uztapide lagun zuela. Bertsotan gazterik hasi zen, 16-17 urterekin. Urte gutxian oso sonatu bihurtu zen. Gerra aurreko bi txapelketetan kantatu zuen, 1935ean eta 1936an, Bertsolari Egunak deituetan; bietan hirugarren izan zen.

Umore handiko pertsona zen, eta giroa jartzen aparta. Umore fina eta zorrotza zeukan, bai bertsotan, bai ateraldietan. Bertsolari bezala, berriz, txapelketetakoa eta gaiari lotuta aritzekoa baino gehiago, lagun artean eta gai librean aritzekoa zen. «Esana libre behar zuen», idatzi zuen Antonio Zabalak, Auspoa 107an, Zepairen biografian.

Eztarri indartsua zeukan, ahots altua eta garbia, tenore boz oso ona. Bertsokide bat baino gehiago azpiratu zituen horrekin bakarrik, mikrorik eta bozgorailurik gabe kantatzen zuten garaietan arma boteretsua baitzen ahotsa.  Kantari ona bai, baina musikaria ez zen: doinu gutxi menperatzen eta erabiltzen zituen bertsotarako.

XIX. mendetik zetozen bertsolarien eta XX.ekoen arteko zubi izan zen Zepai, bere koinatu Eusebio Eizmendi Txapel-ekin batera. Txirrita, Gaztelu eta Frantsesa hil zirenean, eta bertsolaritza galtzera zihoala zirudienean, Zepaik eta Txapelek bete zuten hutsunea. Dei asko jasotzen hasi ziren herrietatik, eta haiek mantendu zuten bertsolaritzaren sugarra piztuta eta katea hautsi gabe.

Zepai taberna eta ostatua

Idiazabalen Zepai kalearen izenak gogoratzen du bertsolaria. Eta senar-emazteek zabaldu zuten pentsioa da beste aztarna bat. 1946ko apirilean ireki zuten, Etzegaraterako kamioaren hasieran, ezkerrera. «Jantoki ona, ostatu ona», Basarriren iritziz. Txofer asko geratzen ziren. On parle français kartela ere bazuen atalaurrean: «Aizu, Akilino, hemen zeinek egiten du ba frantsesez?», galdetzen zioten. «Hemen frantsesez? Sartzen diren frantses guztiek, dotore asko!», erantzuna Zepaik.

Komuneko atean, berriz, Egin ezak lasai jarri zuen, kartel batean. Komuna zela izenik erabili gabe ulertarazteko aproposa. Bere umorearen beste tanta bat: tabernako neskamea, erratza galduta, bila galdezka zebilen batean: «Eskoba non egongo den, ba? Kirtenean!».

Azkeneko urteetan, plazetako martxatik erretiratuta zegoen, tabernako lanari emana. Donostiako Loiolara urtero joan ohi zen, San Inazio egunez. 1971ko uztailaren 24an hil zen, gibeleko gaitz batek jota. Jendetza bildu zen biharamunean Idiazabalen, hiletan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>