Bertso zaletasuna

g012_f01

1960ko San Migel jaietako bertso saioa, udaletxeko balkoian. Ezkerretik hasita, Iñaki Eizmendi ‘Basarri’ eta Manuel Olaizola ‘Uztapide’. Jendearen artean, lehenengo ilaran, ezkerretik hasita, hirugarren dagoen gaztea, Xanti Garmendia da. Xanti Garmendiak utzia.

Xanti Garmendia Olano • Beasain

Edozein herritan gertatzen denaren antzera, gure haurtzaro eta nerabezaroko egutegian ere ongi seinalatuak egoten ziren herriko jaiak. Eskolaldia hasi berritan, irailean, pozik itxaroten genituen sanmigelak.

Ez zen ikuskizun faltarik izaten: herri kirolak, herritarren arteko apustu xelebreren batzuk, haur jolasak, soinujole, txistulari eta bertsolariak.

Bai, bertsolariak; oso estimatuak zi- ren herritarren artean. Gure nerabeza- roan, urte batzuetan, behintzat, Basarri eta Uztapide etorri ziren (oraindik ere gogoan daukat Basarrik ekartzen zuen cuatro-cuatro dotorea).

Egun pasa etortzen ziren, eta arreta handiz entzuten zituen jendeak, bai plazako saioan, eta, baita, bazkal ondoren, herriko ostatuan ere. Gai librean aritzen ziren haiek, eta sekula ez zitzaien falta zer kontatu eta zer kantaturik. Euren kantaera ere aparta baitzen. Lazkao-Txiki eta Lasarte ere etorri ziren inoiz, bi hauek ere dotoreak, bertsotan nahiz kantuan.

Herriko gazteak bertsotan

Maisu handi horien eredua imita nahian-edo, gogoratzen naiz, sanmigel batzuetan, herriko dozena erdi bat gaztetxo nola animatu ziren udaletxeko

balkoitik bertsotan aritzeko. Urte batzuetan, gure artean egon zen apaiz modura, gerora, bertso doinuen munduan lan erraldoia egingo zuen Joanito Dorronsoro ataundarra, eta hark animatu zituen, nonbait, herritarren aurrean kantatzera. Joanito beraren babesean egin zuten, aurrez, nolabaiteko prestaketa bat, eta han atera ziren guztien aurrean munduko ausardiarik handienarekin.

Entzuleek, eta eurek ere, primeran pasatu zuten. Zenbat algara eta txalo zarta! Lastima, arrazoi bategatik edo besteagatik, esperimentuak ez zuen jarraipenik izan; bestela, (batek daki!) hemen has zitekeen ernetzen Goierriko lehen bertso eskola.

Txantxak albo batera, esandakoak balia beza, urte haietan, herrian bizi izan genuen kantu eta bertso giro bikainaren aipamen xume bat egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>