Ipintzako etxeak
Amesgaizto bat eduki nuen duela gutxi. Burua soilduta eta hamabost kilo gehiagorekin, Zumarragan, Ipintzan eraiki behar duten urbanizazioko —Errekalde bizigunea deitu diote— txokoan nengoen bazkalondoan kuadrillakoekin, eta lagun batek proposatu zuen musika pixkat jartzea eta igerilekura joatea. Logelako lurrean esnatu nintzen, builaka. «Eeeeeeeeeezzzzzzzzzzz!!!!».
Ez diot adimen artifizialari galdetuko zergatik amesten ditudan horrelako gauzak. Agian zerikusia izango du duela gutxi lagun batekin edukitako elkarrizketak. Esan zidan orain hogei urte pasa inguru Euskal Jai egun batez kuadrillakook atera genuen karrozarekin pasa-edo egin ginela apur bat. «Ezer larririk ez». Zehatzagoa izateko eskatu nion, zeren uste dut behin baino gehiagotan saiatu ginela karrozen bidez umorea-edo lantzen —nahiz eta badakizuen, puzkerrekin gertatzen dena gertatzen da umorearekin ere— , eta, bide batez agintariei kilimatxo lagunkoi batzuk egiten, sikiera.
Lilibason eraikitako etxeen ustelkeria azaleratu genuenekoaz ari zitzaidan. Hara! Hizpidea eman zidan, San Kristobaletik bueltan pasatu bainintzen Ipintzatik, eta han ikusi bainuen Errekalde bizigunea iragartzeko kartela. «A ze horterada, txo… Hau jartzen du: ‘Zure bizitza erosoagoa, patxadatsuagoa, osasungarriagoa, eta zoriontsuagoa egiteko diseinatutako urbanizazioa’». Osasungarriagoa… Miguel Imaz Eraikuntzak egindako render batzuk ere ikusgai daude dagoeneko beren webgunean. Batean ikusten da, adibidez, gymbro bat igerilekura bidean —irudiak audioa edukiko balu, txistuka irudikatzen dut—; beste batean, egongela eta sukaldea bat eginda dituen gela bat. Bidaia honetarako ez dut zakutorik behar, Imaz jauna.
Bai, noski, norberak nahi duena egin dezala; baina argudio erlatibistak neurrian niri, mesedez. Etxebizitzarekin dagoen arazoarekin, beharrak, argi eta garbi, ez ote diren beste batzuk… Eta behin hori esanda, jakin nahiko nuke balantzan zeintzuk izan diren aldeko eta kontrako argudioak gisa horretako proiektu bati bide emateko, erabaki hori hartzeko; halakorik egin baldin bada, behintzat. ■

