Luizia trenbidean

Elixabete-GarmendiaElixabete Garmendia Lasa • Kazetaria

Joan den abenduaren 9an Beasaingo geltokian hartzen hasitako apunteak:

16:20 Iruneranzko tranbiaren ordua. Panelak dio 34 minutuko atzerapenarekin datorrela. Zain dauden batzuek esan didate luizi bat izan dela Ormaiztegi-Gabiria aldean eta trenbidea itxita dagoela Zumarragarantz.

17:20 Hartuko gaituen tranbia Ikaztegieta parean datorrela jakinarazi digu geltokiko langile batek. Norbaitek galdetzen dio ea zergatik ez duten informazioa megafoniaz ematen; erantzuna: megafonia Bilbotik maneiatzen dutela. Geltokiko langileak salduta daude. Bidaiarien artean urduritasuna goritzen doa, graduz gradu.

17:30 Ikaztegieta parean zetorren trena Ordizian geratu dela argindarrik gabe. Geroz eta jende gehiago ari da pilatzen Beasaingo geltokian, tartean Realak PSVrekin daukan partidara joateko asmotan diren bufanda zuri-urdindunak; geltoki barruan ez dago tokirik denontzat. Norbaitek galdetuta, RENFEko langileak argitzen du, baietz, Mugi txartelak geltokian pasatuko dugun denbora guztia kobratuko duela, eta egun batzuk barru erreklamazioa egin beharko dugula dirua berreskuratzeko. Liskar giroa RENFEko langileen eta hainbat bidaiariren artean. 50eko hamarkadako film surrealista  espainiarra izan zitekeen hau.

17:55 Autobus bat jarri digute Legorretaraino eramateko; han trena zain omen daukagula.

18:10 Legorretan geratuta dagoen tranbiako makinistak dio berak Beasaina joateko agindua duela, ez zuzenean Donostiarantz. Bururatzen zaidan bakarra da Larrialdietara deitu beharko dugula, ertzainek erreskatatu gaitzaten.

18:15 Badator tranbia bat Irunerako noranzkoan.

18:25 Tolosan gerarazi dute tranbia, beste tren bati pasatzen uzteko.

19:00 Iritsi gara Donostiara. 45 minutuko bidaia izan behar zuena 100 minutura luzatu da.

Eskerrak Gabiriako luiziak ez zuen minik eragin RENFEko langileen eta bidaiarien artean. Ze trenbidearen mozketak sortutako afera nola kudeatu zuten ikusita, imajinatu ze abelera izango zen istripuak kalte pertsonalak ekarri izan balitu.

RENFE Operadora eta azpiegituraz arduratzen den ADIF likidazioan daudela dirudi. Donostiako geltokiko komunak lotsagarri daude; erlojuak ez dabiltza eta nasetako informazio panelak itzalita daude. Aldirietako trenen barruko megafonia aldrebes doa askotan: Donostiatik Zumarragarantz abiatu eta Loiola-Martutene… iragarri ordez, Gros-Ategorrieta… kantatzen du. Baina okerrak ez dira horretan bukatzen. Euskadi Irratiko Faktorian entzun dudanez (2022-01-14) atzerapenak eta zerbitzu eteteak eguneroko kontua dira, hirugarren karrileko obren aitzakian; hala salatu du Maria Valientek, kaltetuen elkarteko bozeramaleak. Espainiako Gobernuak erkidego autonomoan duen ordezkariak –Denis Itxasok– «tamalgarria» dela onartu du. Politikari profesionalak igotzen al dira inoiz RENFEren aldirietako trenetara?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>