Bide luzean bidelagun

Lazkao__Berrabiarazi_proieBerrabiarazi proiektua Goierriko herrietan izaten ari den eragina jasotzeko erreportaje sorta emango du argitara aldizkari honek 2022an, Lazkaon hasita. Egitasmo honek dituen balioak nabarmendu ditu udalak, eta izandako esperientziaz aritu dira herriko bi eragile.

Bailara mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatzeko helburuz abiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Berrabiarazi proiektua 2020ko udan, pandemiak eragindako krisiari tokiko eremuetatik aurre egin behar zitzaiola sinetsita. Eskualdeko jarduera ekonomikoari, enpleguari, dimentsio lehiakorrari eta kohesio sozialari eusteko jaio zen, eta ia bi urteko ibiliaren ondoren, proiektuaren euskarriak sendotzen ari dira. Goieki garapen agentzia arduratu da proiektua gidatu eta kudeatzeaz. 2020ko negutik 2021eko udaberrira entzute eta diagnosi fase bat landu zuen hala nahi izan zuten eragile sozioekonomikoekin, eta gaur egun ekintza plana garatzen ari da bete-betean.

Goierriko hainbat udalek hartu dute ekintza plan horrekin jarraitu eta diruz babesteko konpromisoa, Lazkaokoak tartean. «Lazkaoko Udalaren helburu nagusia herritarren ongizate mailari eustea eta hobetzea da, eta arlo ekonomikoa oinarri garrantzitsua da bide horretan. Pandemiaren iritsierarekin transformazio asko izan ziren, eta transformazio askoren abiadura handitu egin zen. Aldaketa handiak izan dira, eta aldaketa guztietan arriskuak eta aukerak daude. Mugitzen denak aukerak izango ditu, baina geldirik gelditzen denak arriskuak bakarrik izango ditu».

Iñaki Estensoro Lazkaoko Jarduera Ekonomikorako zinegotziak «aukera ezin hobetzat» ikusi zuen Berrabiarazi proiektua. «Eskualde mailako proiektua izateak balio erantsi garbia ematen dio proiektu honi, herri bakoitzak ez baitauka nahikoa masa espezifiko ekonomiaren arlo desberdinak osotasun batean lantzeko».

Begirada etorkizunean jarrita

Proiektuaren entzute eta diagnosi fasean Goiekik egin zuen lanari berealdiko garrantzia ematen dio Estensorok, eta uste du horren ondorio dela Lazkaok proiektu honen arlo desberdinetan duen partaidetza. «Balorazioa oso positiboa da, eta dagoeneko Lazkaoko 58 enpresek parte hartu dute ekintzetan. Horrek erakusten du enpresek ere ondo hartu dutela. Udaletik argi dugu enpresa txiki eta ertainen iraunkortasuna beraien ekintzen eta erabakien baitan egongo dela, eta ikusita sektore desberdinetako enpresek agertu duten interesa eta parte hartze maila, poza eta indarra ematen digu bide horretan laguntzaile izaten jarraitzeko».

Maquetación 1

Proiektua epe luzekoa izatea ere nabarmendu du Estensorok. «Hau bide luze bat da. Garrantzi berezia ematen diogu egoeraz hausnartu, auto-ebaluazioa egin eta etorkizunari begira jartzeari. Azken finean, pausoak ematen ari gara Lazkaoko eta Goierriko enpresak etorkizunerako eta datozen aldaketetarako presta daitezen. Udal bezala guztien bidelagun izan nahi dugu sektore bakoitzaren eraldaketa prozesu horretan». Industria mantendu beharra bai, baina Estensorok gogoratu du Lazkaoko ekonomiaren eta enpleguaren zati garrantzitsu bat zerbitzuetan, merkataritzan eta ostalaritzan dagoela, eta horiek ere «bizirik mantendu» behar direla, «herria bizirik mantentzen duten aktore  garrantzitsuak direlako».

Aukeraz baliatu beharra

Jatur Industria Hornigaiak enpresa da Berrabiarazi proiektuan parte hartzen ari den enpresetako bat. Maddalen Castejon Agirre Marketing arduradunaren ustez, enpresa guztiek dituzte «hutsune, nahi eta beharrak», eta proiektu honetako lan-saioek behar horiei aurre egiten laguntzen dute. «Tailer horiek etorkizuneko hainbat erronkari aurre egiteko baliabideak eskaintzen dizkigute, eta aukera honetaz baliatu behar dugu. Ostiralean [gaur] markaren inguruko tailerrean parte hartuko dugu, eta seguru gaude kontzeptuak berrikusteko eta berriak ikasteko baliagarriak izango zaigula, gure markari ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko». Proiektu honek arlo desberdinei buruz ikasteko aukera eman die, eta gainontzeko enpresekin kontaktua izatea eta inguruaz ikastea «aberasgarria» iruditzen zaio. «Barrura begiratzen eta hausnartzen lagundu digu eta kanpoan ikasitakoa etxean aplikatzen».

Juani Paniagua ekintzailea da. Gure Galtzerdia marka sortu zuen pandemia iritsi aurrean. Webgunea bazuen, baina Goierriko Azokan parte hartzeko gonbita egin ziotenean ez zuen bitan pentsatu. «Ahoz ahokoak funtzionatzen du, baina digitalizazioa gaur egun beharrezkoa da. Guretzat beste erakusleiho bat da Goierriko Azoka, gure produktua eskualdean ezagutzera emateko».

58

Ekintzetan parte hartzen ari den Lazkaoko enpresa kopurua. Berrabiarazi proiektuko ekintza arlo guztietan ari da parte hartzen Lazkaoko enpresaren bat, izan industriala, zerbitzu arlokoa nahiz ekintzailetzari lotua. Industriaren digitalizazioa, Goierriko Azoka eta Goierriko Merkataritza Mahaia proiektuetan dute partaidetzarik handiena Lazkaoko eragile sozioekonomikoek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>