Airean da euskara

Euskara_Aiden__abestiaren_

Udalerri Euskaldunen Eguneko abestiaren grabaketako irudia. Segurarrek ipini diote ahotsa.

Udalerri Euskaldunen Eguna Seguran ospatuko da, maiatzaren 14an, ‘Euskara aiden!’ lelopean. Udalerri euskaldun guztien bilgune izango da, non aldarriek eta festak bat egingo duten. Egun hori, elkarlanaren emaitza izan da.

Seguran izango da aurten Udalerri Euskaldunen Eguna, maiatzaren 14an. Lau urteren ondoren, Euskara aiden! lelopean egingo da udalerri euskaldunen lana ospatzeko topaketa, aldarrikapenerako eta festarako abagunea ere izango da egun hori. «Uemako herriena ez ezik, gainerako udalerri euskaldunen bilgune ere izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna. Martxoan kale erabilera datuak aurkeztean nabarmendu genuen bezala, euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua dira euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat», nabarmendu du Uemak. Hala, arnasguneek euskararen normalizazioan egiten duten ekarpena nabarmendu eta elkarlanean bidea egiten jarraitzeko «hauspoa» emango die topaketak.

Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu ohi da: Uemaren batzar nagusia, gai zehatzen inguruko jardunaldiak –aurten, hitanoari buruzko ekimenak antolatu izan dituzten herrietako esperientziak edo euskara elkarteak bilduko dira Seguran egun horretan–, eguerdian ekitaldi instituzionala –erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkarien parte hartzearekin–, bazkari herrikoia…

Segura da Goierriko euskararen arnasguneetako bat eta bertan gorpuztuko da festa. Uema eta Segurako Udala 2020an hasi ziren eguna antolatzen, urte hartako maiatzean ospatzeko asmoz, baina pandemiak 2022ra atzeratu du. Aurreko esperientziek erakutsi zuten (Tolosa, Leitza, Dima…) herriko eragileen inplikazioa ezinbestekoa zela eguna arrakastatsua izan zedin, eta, beraz, udalarekin adostuta, hasieratik, herriko eragileekin batera eguna antolatzeko batzordea edo taldea osatu, eta iraunkorki hor landu izan dute guztia. Uema, Segurako Udala, Hitz edo irri euskaraz elkarri elkartea, Segurako Guraso Elkartea, Tobera Musika Eskola, Atseden Jubilatu eta Pentsionista Elkartea, Elorri Kultur Elkartea eta Dantza Taldea aritu dira.

Izarra Urdalleta Segurako alkatearen esanetan, «poz handiz eta ilusioz» hartu zuten egun honen antolaketa. Segura Uemako kide da, eta «arnasgune garrantzitsu bat, Goierrin», beraz, horrek badakar «errekonozimendu» bat: «Euskararekiko Segurak duen aberastasuna eta transmisio lan hori edo euskara bizitze hori aitortzen du».

Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko, «hasiera hasieratik» herriko eragileei deitu zieten herri osoak antolatutako egun bat izan zedin. Eragile horiek parte hartzen ari dira antolakuntzan, udalarekin eta Uemarekin batera. «Herritik sortutako egun bat da. Herritik, herriarentzako, euskaraz eta euskararengatik», nabarmendu du Urdalletak.

Herritarrek ipini diote doinua

Denon artean erabakiz eta antolatuz aritu dira. Azken batean, festa herrikoia izango da, eta segurarrek egundoko ekarpena egin dute dena primeran atera dadin. Abestia da horren adibide. Atzo aurkeztu zuten, eguneko egitarauarekin batera. Tobera Musika Eskolako Iker Gomez de Segura zuzendariaren gidaritzapean, «Tobera akuilu, modu zeharo parte-hartzailean eta herrikoian» egin dute abestia, «musika arloko profesionalen laguntzarekin».  Ariketa «zeharo kolektiboa» izan da, bai prozesua, grabaketa, bideoklipa… Gomez de Segura emaitzarekin eta hona iristeko egin den bidearekin «oso-oso pozik» dago. Jon Iturriozek ipini dio letra eta melodia Dabid Fernandezek sortu du.

Egunaren leloak eman dio izena eta gorputza abestiari. «Euskara aiden! leloak esanahi bat baino gehiago du. Abestiak biltzen dituen ideia nagusiak dira lehenik eta behin, zergatik da ezaguna Segura? Segura irratia duelako, eta irratian, emisioan daudenean, airean daudela esaten da. Bigarren esanahia da, airean, gure inguruan dagoela euskara. Hirugarrena, ‘aiden’ delako Goierrin erabiltzen den forma bat, bizi-bizi, azkar-azkar esateko. Laugarrena, Seguran badago joera bat, ‘r’ letra, ‘d’ bihurtzekoa. Eta bukatzeko, euskararen normalizazioan emakumezkoek egin duten lanari keinu egiten dio, nokari erreferentzia eginez».

Euskara elkartea, omendua

Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez, dagokion udalarekin eta eragileekin adostuta, norbait omendu izan dute azken urteotan, beti ere euskararen alde egindako lana nabarmendu eta aitortu nahian. Seguran, badira zenbait hautagai, meritu handiz aitortza eta omenaldia jasotzeko, baina ia guztiek oso argi zuten Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak behar zuela oraingoan aitortza. 2020an bete zituen 15 urte, eta Seguran euskararen alde egin duten lana ezagututa, ez zen batere zalantzarik egon.

Alaitz Imazek elkartearen izenean adierazi du «erreparo pixka bat» sentitu zutela omenaldiaren berri izan zutenean. Ideia hori asimilatu zutenean, urteurrena borobiltzeko aitortza moduan hartu zuten. Elkarteak, sorreratik, euskararen sustapenean ekintza ugari antolatu izan ditu herrian. «Korrika eta Euskararen Egunaren bueltan herrian ekintzak antolatzen hasi ginen, eta azken urteetan, Miñaripe izan da gure lan ildo nagusietako bat». Miñaripe lehia-jolas bat da, Mihiluze telebista saioaren tankerakoa; Segurako historia eta istorioak hartzen ditu jolaserako. Bost edizio bete  eta 2020 urtean, Miñaripe mahai-jolasa atera zuten.

Horrekin batera, hitanoaren berreskurapenean lan handia egiten ari dira, batez ere, noka berreskuratzeko. «Azken bi urteetan, adibidez, hainbat herritar elkarrizketatu ditugu hitanoz eta hitanoaz hitz egiten. Toka eta nokaren inguruan dituzten esperientziak kontatuz ere grabaketak egin ditugu, eta orain barruko lana egiten ari gara, pasarte interesgarrienak aukeratzen, eta horien berri ematea da asmoa».

Gainera, Segura irratian, Bixi-Bixi egiten du astero elkarteak. Datorren astean saio berezia egingo dute, 500. saioa dela eta. Elkartearen sortzaile eta parte hartzaileekin egingo dute elkarrizketa. Asteazkenean, hilaren 11n, entzun ahal izango da 12:00etatik aurrera. Omenaldiak berresten du Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri elkarteak egindakoaren balioa. «Etorkizunera begira ere lanean jarraitzeko indarrak ematen ditu, eta horrez gain, balio badu gure lana gizarteratu eta kaleko jendea gurera erakartzeko, gu oso pozik!».

Euskararen erabilera, erronka

Martxoan kale-erabilera ikertaren datuak aurkeztu zituen Uemak. Denera, 93 udalerritan egin da neurketa: Uemako kide diren 87 udalerritan eta Tolosaldeko beste seitan.

Datuen arabera, mantendu egin da euskararen kaleko erabilera azken urteetan –erabilera orokorrari begiratuta, antzeko emaitza eman dute 2017ko eta 2021eko neurketek, bostetik hiru euskara–, baina ezagutza gehieneko herrietan zerbait behera egin du. «Ezin da pentsatu, beraz, euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Beharrezko izaten jarraitzen du, azken urteetan egin bezala, udalerri euskaldunen eta arnasguneen berariazko aitortza egiteak. Horiek babestu eta garatzea hizkuntza politika aurrerakoien ardatzetako bat izan behar da», azaldu du Uemak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>