Iragarpen publiko bat
Aratz Albisu • Telesail zalea
Orain ez hainbeste, ETB3 itxiko zutela esan zuten. Jende asko kexatu zen, firma bilketak hasi ziren eta egun gutxiren buruan dena ‘konpondu’ zutela zirudien; denok lasaitu eta lehengora itzuli ginen, ezer gertatu ez balitz bezala.
Kontua da, ordea, eduki sortzaileak eta eduki kontsumitzaileak dauden gizarte honetan, ukaezina dela euskarazko produktuen beharra; ez bizirauteko, bizitzeko baizik. Kultura eta entretenimendua beharrezkoak dira, horiexek egiten baikaituzte pertsona eta gizarte, eta euskarari horiek kentzea pertsona bati hanka bat kentzea bezalakoxea da.
Izan gaitezen errealistak, umeek ezin dute publiko orokorrarentzako kultura behar bezala ulertu eta gozatu. Beraz, ondo ala gaizki iruditu, Go!azen, Shin Chan eta Doraemon haien kultura erreferentziak dira. Akaso guk, klasera joan orduko, ez al genuen Dragoi Bola-ren edo One Piece-n azken atalari buruz hitz egiten?
Gure belaunaldiaren parte dira Doremiren Magia-ren hasierako kanta, Doraemonen ahotsa (Ane Aseginolaza), Berebiziko Espioiek erabiltzen zituzten tresnen izenak, Hartz Txiki-ren abenturak, Sakura, kartak zakura bezalako itzulpenak, Autobus Magikoa eta Andereño Kizkurne, Lazkao Txiki-ren aldrebeskeriak…
Haur bati horrelako saioak kentzea arriskutsuegia iruditzen zait, hizkuntza, kultura eta herri nortasunaren ikuspuntutik. Gertatu den hau ez da kasu puntual bat izan, publiko (euskaldun) horrekiko dagoen interes falta baizik. Telebista publikoak publiko guztiarentzat izan behar du, eta ez diru galeren eta irabazien esklabo aritu. Zerbitzu bat da, eta kalitatezkoa, eskuragarria eta euskalduna izan behar du! ■
