Iñaki Letamendia, txistuari eskainitako bizitza
Martxoaren 25ean hil zen, Tolosan, Iñaki Letamendia Loinaz txistularia, 73 urterekin. Ormaiztegin jaioa zen, 1953an. Anaia Ander bezala, txistulari eta musika eragile nabarmena izan zen. Euskal Herriko Txistulari Elkarteak omendutako goierritar bakarretakoa ere bada Iñaki Letamendia, 2019an elkartearen zilarrezko domina eman baitzion.
Etxean jaso zuen musika zaletasuna. Aita Ormaiztegiko udal idazkaria zuten, baina baita organo jotzailea ere. Anaia Ander ere –lau urte zaharragoa– musika munduan zebilen. Beste ehunka neska-mutiko ormaiztegiar bezala, Paskual Larrañaga txistulari maisuarekin hasi zen Iñaki Letamendia ere txistua ikasten. Bizilagunak ziren.
«Ormaiztegin jaio nintzen, eta aukera gehiegirik ez zegoen musika ikasteko. Kasualitatez, gure ondoan bizi zen garai hartan Ormaiztegiko organista eta txistularia zena, Paskual Larrañaga. Gure etxean afizio handia zegoen, eta zortzi urte ingururekin solfeoa ikasten hasi nintzen, baita txistua ere», gogoratu zuen hasiera Letamendiak 2018an, Tolosaldeko Ataria-ri emandako elkarrizketan.
Oso gazterik alde egin zuen Ormaiztegitik Tolosara, eta han garatu zuen bizitza eta musika-ibilbidea. Eskolapioetako ikastetxean hasi zenean, txistua ikasten jarraitzeko «aukera gehiago» suertatu zitzaizkion. Migel Martinez de Lezea izan zuen irakasle. «Etxean ere jarraitzeko esaten zidaten, eta ni gustura joaten nintzen».
Txistuaren bueltan beti
Txistulari peto-petoa izan zen Letamendia. Tolosako Udal Txistulari Bandako kide 1970etik, 1972tik aurrera zuzendari postua eskuratu zuten, banda eraberritu zenean. Postu harekin lotuta, Eduardo Mokoroa Musika Eskolan txistuko irakasle lan egin zuen. 2018ko abuztuan hartu zuen erretiroa handik, ia 50 urtean jardun ondoren. Tolosaldeko herri txiki ugaritan ere txistu irakasle aritu zen.
Baina kaleko txistularia ere izan zen. Iganderoko kalejirak girotzen, inauterietan kalejiran, Tolosako beste musika elkarte eta kaperekin elkarlanean… Txistua non, Letamendia han. Martinez de Lezearen eskutik, astearte inauteriko goizeko seietako kalejiran ateratzen, adibidez, 15 urterekin hasi zen, eta ta Iruñeko San Fermin jaietan txistua jotzera joaten, 16rekin. «Kuriosoa izan zen, eta garai hartan normala gainera: irakaslea gure etxera etorri zen, gurasoei ni eramateko baimena eskatzera. Bederatzi egun pasa nituen sanferminetan txistua jotzen». Urtero, hutsik egin gabe izan zen Sanferminetan; 2018an, Iruñeko Udalak eta hango txistulari bandak omendu egin zuten.
Txistuaz gain, bonbardinoa, dultzaina eta kaxa jotzen zituen. Jubilatutakoan, kriskitinak ikasten hasi zen. ■

