Umetako lokarriak

Lizeo-zaharra

Beasaingo Lizeo zaharrean ateratako argazkia, 1972 edo1973koa, Ixabel Olano andereñoarekin.

Patxi Saez Beloki • Beasain

Umetan ikastetxe eta etxe izan genuen Ikastola, bertan elkartzen ginen ume guztion etxe. Han elkartzen ginen guztiok etxekoak ginen. Bertan elkartze horrek senidetasun lokarriak sortzen zituen han elkarrekin ginen ume guztion artean. Euskaratik aritzen ginen etxe hartan. Euskara ere batzen eta elkartzen gintuen lokarri genuen. Mundua, guretzat berri-berria zen mundua, euskaratik erakusten eta azaltzen ziguten gure-gurea genuen etxe hartan. Ume artean ere elkarrekin euskaraz aritzen ginen,  baina ez ginen horrekin jabetzen, ez genuen euskara ikusten. Euskara genuen ume arteko harreman hizkuntza, ura ikusten ez duten arrainak uretan dabiltzan bezala edota arnasten dugun airea ikusten ez dugun bezala.

Baloia ere lokarri genuen. Baloiak elkartzen gintuen. Baloiak eta gure bihotzeko futbol taldeak. Guztiok izan nahi genuen eta guztiok ginen talde berekoak. Guztiok esatea, beharbada, gehiegitxo esatea da, izan ere, beti izaten zen bakarren bat beste talderen batekoa, sailetik apartean ibili zale izaten zena. Eta jantzi egiten genuen gure taldearen elastikoa. Horixe izaten genuen jantzirik maiteena, egunero jantzi nahi genuena eta negu gorrian ere jertsearen gainetik ibiltzen genuena. Elastiko bera janzteak ere batzen eta elkartzen gintuen. Baloiari ostikoka igarotzen genituen jolas denborak, goizekoak eta arratsaldekoak. Egunerokoak. Aste osokoak.

Garbiketa lanak harraskan

Prakamotzetan ibiltzen ginenean, belaun-zangoak zikin-zikin eginda, beltz-beltzak genituela etxeratzen ginen arrats-iluntzean etxera. Etxera sartu orduko ama gertu izaten genuen garbiketa lanetarako. Zapatak, galtzerdiak eta arropak erantzita, galtzontzillotan, galtzarpetatik helduta, lurretik altxatuz, airean, sukaldeko harraska gainean tente eta hanka hutsik jartzen gintuen amak.

Harraska ondoan, berriz, urez betetako ontzia, musker baten irudia zuen Lagarto xaboia eta belakia izaten zituen amak. Belakia uretan sartu eta muskerdun xaboiarekin igurtzi ondoren, apar zuri-zuriarekin betetzen zen zuloz betetako gauza bigun hura. Ikastolan belakia animalia zela jakin genuen, eta harritu egin ginen.

Ondoren, amaren igurtziak etortzen ziren. Zango-belaunetan behetik gora eta goitik behera, behin eta berriro, belakia indarrez azalaren kontra estutuz. Igurtzien igurtziz, gorri-gorri jartzen zen gure azala. Gorri-gorri eta garbi-garbi.

Ikastola, euskara eta baloia genituen umetako lokarri. Eta horiekin batera ume garaian estreinatu berriak genituen bizi nahia, izan nahia eta egin nahia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>