Artile bilketan hazkunde nabarmena
Ekainaren 29an egin dute aurten Goierriko artile bilketa kanpaina, ohi bezala, Idiazabalgo Gorrotxategi etxaldean. / Iñaki Gurrutxaga
Iaz baino hamar tona artile gehiago bildu dute aurtengo kanpainan Goierrin. Artzainek eta ardi jabeek ez dute ordaindu beharrik izan, aspaldiko urteetan bezala. Jasotako artilea haria egiteko erabiliko dute.
Ez dago lehengo konturik, baina aurrerapauso bat izan da. Halaxe laburbil daiteke Goierriko artzainek aurtengo artile bilketa kanpainarekin ateratako ondorioa. Aspaldiko urteetatik bestela, aurten ez dute artilea eramateagatik ordaindu beharrik izan. Gipuzkoako Artile Mahaiak kudeatu du aurten bilketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren koordinaziopean. Azken horrek hartu ditu bere gain bilketaren kostuak, eta garraioarenak Valladolideko enpresa batek. Artileari berriz ere balioa emateko bideen bila dabil sektorea, eta aurten bildutakoa haria egiteko erabiliko dute.
Martxorako eman beharra zeukaten izena aurtengo kanpainan parte hartu nahi zuten artzainek eta ardi jabeek. 93 izan dira, eta bilketarako hainbat baldintza bete behar izan dituzte: 60 kilo inguruko zakuetan sartzea maneiua errazteko eta identifikazio kodea ezartzeko, eta artilea garbia eta lehorra egotea balorizazio prozesuaren jarraipena egin ahal izateko.
- 27,7 tona artile Goierriko bilketa gunean. Ekainaren 29an Idiazabalgo Gorrotxategi etxaldearen atarian egin da aurtengo artile bilketa. Aurten 93 artzainek edo ardi jabek eraman dute artilea, eta ia 28 tona artile bildu dira. Iaz 17,5 tona eraman zituzten 45 erabiltzailek. Hortaz %58koa izan da igoera.
Goimen landa garapen elkartearen arabera, bilketa «txukuna» egitea lortu dute, eta kopuruz nabarmena izan da igoera. 27,7 tona artile bildu da, iaz baino %58 gehiago. Hori bai, zaku batzuetako artilea ez zegoela baldintza egokienetan adierazi du, eta hurrengorako «kontzientziazio lanketa» egin beharko dela balorazio bide horretan urratsak egiteko: era egokian gorde era egokien entregatzeko.
Aprobetxamendua eta dibertsifikazioa
Ekainaren 29ko bilketan artilea eramatea joan zen erabiltzaile batek honako pasartea kontatu zion kazetariari: «Ardi mozteko eguna handia izaten zen garai batean. Nik entzuna dut, orain 80 urte inguru, automobila erosteko adina diru lortzen zela». Eneko Goiburuk (Segura, 1976) «hainbesterainoko konturik ez» duela aditu dio. «Nik badut aditzera, eta ez da horrenbeste urte, urteko soldataren %10 ateratzen zela artilea saltzetik, koltxoietarako eta. Latxaren artilea ez da kalitaterik onenekoa arropa egiteko, hemengo hezetasunetik babesteko baitute horrelako artilea gure ardiek».
Bilketarengatik ordaindu beharrik ez izatea ontzat jo du. «Iaz arte ordaindu egin dugu, eta ordaintzea tokatzen ez zaigun heinean, gure onerako da. Gainera, ez dut uste gauza bera denik artilea konposterako erabiltzea edo beste irteera baterako erabiltzea. Aprobetxamendua bilatzen badiote, onerako izango da». Segurako Ondarrera moztaile berberak joaten dira joan direneko 30 urteotan, eta ardiak «eroso eta txukun» edukitzeko egin beharreko lana da. «Gastua ere bada, euro pare bat ardiko, eta urtean behin edo bitan moztu beharra dago, ez dago beste bueltarik».
Urtero eraman izan du artilea bilketa egunean, eta aurten «pilo majoa» ikusi du, aurrekoetan baino gehiago. Honako mezuarekin bukatu nahi izan du: «Nik nahi nukeena da dibertsifikazio horren barruan artileari ere bere balioa ematea. Gu esnetik eta gazta egitetik bizi gara, baina esnearekin bakarrik bazabiltza, eta esnezaleak prezioak jaisten baditu, larri ibiltzeko arriskua daukazu».
Aurtengoari eutsiz gero, gaitzerdi
Aiora Goikoetxea (Ataun, 2000) eta Amaia Garmendia (Zaldibia, 1999) gazteagoak dira eta ibilbide laburragoa dute ardien gobernantzan. Goikoetxeak etxean bertan ezagutuak ditu artilearekin tratua egiten, artean umea zela. «Jendea etxera etortzen zitzaigun artile bila, eta tratua etxe atarian bertan egiten zen, ardia moztu berria zela». Halakorik ez Garmendiak, baina badaki aitak saldu egiten zuela, dirua pezetatan zenean.
«Guretzat notizia ona da ordaindu beharrik ez izatea. Balio bat emango balitzaio, eta etekina ateratzeko moduan bageunde, guretzat askoz hobeto, baina gutxienez gastu bat kendu digute. Ardi moztea ordaindu egiten dugu, eta eramatea bera ere ordaindu behar izatea… Ardiaren osasunerako egin beharreko gauzak dira, eta gastu handi samarra suposatzen du azkenerako», nabarmendu du ataundar artzainak.
Zaldibiarrak beste ikuspuntu bat ere plazaratu du. «Aurtengoa horrelaxe izan da, ez kobratu ez pagatu. Gure onerako bada, ongi etorria, baina proiektuari buruz ez dakit askoz gehiago. Igoal informatu dute, baina ni behintzat ez naiz enteratu. Gainontzean dena berdin izan da, eta lan gehiago ere bai, artilea zakuetan sartu behar izan dugulako». Informazio zehatzagoa eskertuko lukeela dio. ■
