Algoritmoen zaratari, gure ahotsa
Antton Fernandez • Kultur zalea
Azkenaldian kulturaz egiten diren analisi askok digitalizazioari eta berehalakotasunari begiratzen diote. Klik baten mende bizi gaitezke, algoritmoek gidatutako gomendioen labirintoan galduta. Joera horrek, ordea, badu itzal bat gurean: transmisioaren etena. Sortzaile berriek badituzte leihoak, baina batzuetan falta zaizkigu aurreko belaunaldiek utzitako arrastoari jarraitzeko zubiak. Kulturak, bere zentzurik sakonenean, memoria eta komunitatea behar ditu elikatzeko.
Zineman edo literaturan, adibidez, ikusten da hori. Ukaezina da euskarazko sortzaileek gure lurretako istorioak unibertsal bihurtzeko gaitasuna erakutsi digutena. Alabaina, arriskua dago era berean munduko beste txokoetan sortzen den olatu handiak gure artisten lana ikusezin bihur diezagun. Goierrin, eta Euskal Herriko gainerako eskualdeetan, kultura da herri ekimenari eta talde lanari lotutako zerbait: antzerki talde amateurrak, irakurketa txokoak, zineklub gogotsuak… Horiek dira gure kultur (eko?)sistemaren birikak.
Erronka, beraz, ez da soilik sortzea, baizik eta euskaraz sortzen den hori jasotzea eta partekatzea. Udan isiltasuna zabaltzen da gure herrietako kultur aretoetan, digitalizazioaren zarata indartsuagoa izan daitekeen bitartean. Pantaila txikiek mundu osora garamatzate, bai, baina batzuetan albokoaren ahotsa entzutea eragozten digute. Hortaz, gure kultur ondareari eta gaur egungo gertuko sormen lanei bidea irekitzea dagokigu. Izan ere, gurea bezalako herri batean, kultura ez baita aisialdi hutsa; bizirauteko eta garena kontatzeko modu da.
Udan ere segi dezagun, ahoz aho, ingurukoak euskal irratsaioak, kontzertuak zein bertso edota dantza emankizunak ikus-entzuteko zirikatzen. ■
