Bata eta bestea
Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Desplazamendu planak, eginda edo egiteke, askatasun osoz, gertura edo urrutira, leku ezagunetara edo ezezagunetara, lasaitasun edo abentura bila, hondartzara nahiz mendira, bakarrik, bikotean edo taldeka, denbora motzagoz edo luzeagoz, merkeago edo garestiago… milioika lagun gure bizilekuak tarte batez uzteko garaia. Egoera ekonomiko itogarriek, gerrek, jazarpen politiko nahiz erlijiosoek, aldaketa klimatikoek… eragindako giza desplazamenduetan dabiltzanek, beste mota bateko planak dituzte.
Industrializazioaren ondoren herrialde ‘garatuetan’ hedatzen hasia bata, gizakiaren sorreratik bertatik eman izan dena, bestea. Itzuleradun bizileku aldaketa bata, itzuleragabea bestea. Bidaia zirkularra bata, lineala bestea. Norberaren gustuz egina bata, halabeharrez bestea. Bizitza apaintzera bata, bilatzera bestea. Etxeko gela batetik bestera bezala, askatasunez, segurtasunez, erraztasunez, erosotasunez eta abegi onez beterikoa bata; arriskuz, nekez, harresiz, debekuz, trabaz, atxiloketaz, zigorrez, bazterketaz, irainaz, kriminalizazioz eta askotan heriotzaz ere bai bestea. Biziraupena bata, pribilegioa bestea. Beharra bata, aisialdia bestea. Duintasuna bata, plazera bestea. Giza eskubide unibertsala bata, kapritxoa bestea. Migratzea bata, turismo bidaia bestea.
Etxarritik Altsasurako zubibideetako batean aspalditxotik irakur daitekeen gaztelerazko idatzia deslistatu dut oraingoan. Migratzea eskubidea da, bidaiatzea kapritxoa dioen mezuak bidaiatzearen aldeak, asimetriak eta arrakala moral, legal, sozial, ekonomiko eta historikoak gogorarazi nahi dizkigu geure mundu interkonektatu honetan. Globalizazioa bultzatu da merkantzien salerosketa edota turismoa egiteko, baina euren bizi baldintzak hobetu nahi dituztenentzat ez da halakorik. XXI. mendea, Lurra planeta.
Lerro zirkularreko bidaia tarteko kolaborazio hau astebete lehenago bidali behar izan nuen. ■
