Goierriko ordezkari bakarra izango da bihar Seguran, Ibai Jimenez zaldibiarra. Hirugarren aldiz hartuko du parte, Ibarrako Iratxe Lizarburu lagun duela.
Segurako dantza txapelketa irabazi duen goierritarrik ez dago. Polita litzateke 40.a goierritar batek irabaztea.
Oso zaila da hori, oso zaila. Bikote batzuk oso onak dira. Dantza txapelketen denboraldia maiatzetik urrira izaten da; Segurakoarekin bukatzen da eta aurreko txapelketetan lehenengo 3-4 postuak normalean berdinek lortu dituzte. Maila handia duten dantzariak daude.
Zuek ez zaudete maila horretan?
Oraindik ez. Baina guk parte hartzea dugu helburu, beste esperientzia bat bizitzeko helburuarekin joaten gara txapelketara. Gauzak ondo egin nahi ditugu, baina badakigu noraino iristen garen.
Nola hobetzen da? Urteek laguntzen dute horretan edo horretara jarri behar da?
Horretarako asko landu behar da fandangoa eta arin-arina. Fondo asko hartzeko eta bikotea ondo konpenetratzeko lan handia egin behar da. Baina guretzat fandangoa eta arin-arina ez dira lehentasunezkoak; Ibarrako dantza taldean gabiltza eta beste gauza batzuetan gabiltza.
Koordinazioa aipatu duzu.
Bai, pausoak ondo egiteaz gain, bikotea konpentsatua ikustea garrantzitsua da: biek hanketako altuera bera ematea, besoak ere batera joatea… koordinazioa garrantzitsuenetakoa da.
Aurten zein helbururekin zoazte Segurara? Zerekin geldituko zarete gustura?
Guk geuk egindako lanarekin gustura gelditu nahi dugu, ahal duguna ematera joango gara. Guretzat postua bigarren maila batean geratzen da. Badakigu noraino irits gaitezkeen.
Hirugarren urtez hartuko duzue parte. Urtero aldatzen duzue dantza koreografia?
Bai, pauso berriak sartzen joaten gara tarteka eta pixkanaka koreografia aldatzen joaten gara.
Segurakoa da dantza txapelketetan famatuena. Urduriago jartzen zarete?
Beste herri batzuetan ere badaude txapelketak baina ez dira hain famatuak, ez dagoelako telebistarik. Famatuena da bai, Euskal Herriko txapelketa delako eta telebista dagoelako. Jende gehienak Segurako txapelketa ezagutzen du. Bere garrantzia dauka bai, eta ni behintzat bai, urduriago jartzen naiz batez ere telebistagatik. Txapelketa bera, fandangoa eta arin-arina dantzatzea da eta kitto, baina telebista egoteak asko inponitzen du.
Jantzien saria ere ematen dute Seguran. Duela bi urte zuek eraman zenuten saria.
Bai. Urtero ez dugu jantzi berria egiten, aldaketa txikiak egiten saiatzen gara, jantzi osoa erostea garestia baita. Baina guretzat jantzia ez da garrantzitsuena, ondo dantza egiten saiatzen gara.
Segurako txapelketaz zein oroitzapen duzu?
Telebistan ikusten nuen urtero, etxeko sofan. Bertara joan gabe nengoen. Beti gustatu izan zait ikustea.
Orain zu izango gara protagonista. Telebista ikusiko duzu?
Ez, hori ez zait batere gustatzen.
Aurten Dantza Eguna egingo dute, dantza kalera ateratzeko.
Oso ondo iruditzen zait. Dantza ondo pasatzeko gauza bat da. Txapelketa oso ondo dago, baina dantza berez plazatik dator.