Gazta, eta askoz ere gehiago
Hain entzutetsua den gazta txapelketa baino askoz ere gehiago da Ordizian irailaren 8tik gertuen dagoen asteazkeneko azoka berezia. Ordizia gaztagileen eta gazta zaleen topaleku bihurtzen da egun horretan, baina asteazken goiz horrek baditu osagai gehiago. Irailaren 10ean da aurten hitzordua, eta udalak herritarrei dei egin die beste urte batez baserritar jantziekin ateratzeko kalera goizetik.
Izan ere, goizean hasten da dagoeneko festa, eta eguneko irudi ikusgarrienetako bat ikusteko aukera dago lehen orduan, 08:45ean D’elikatuz zentrotik abiatuta eta gazta txapelketa egingo den Beti Alai pilotalekurako bidean erdiguneko kaleak zeharkatuko dituen desfilearekin. Trikitilariek eta dultzaineroek lagunduta, txapelketara aurkeztutako gaztak zaldi batek tiratutako gurdian eramango dituzte, Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek eta artzain eta gaztagileek jarraituta.
Betiko saltzaileentzat ere, berezia
Horrela hasiko da azoka berezia, baina ohikoa, asteazkenero Plaza Nagusian egiten dena, martxan egongo da dagoeneko ordu horretarako. Betiko lana izango dute saltzaileek bertan, baina egun berezia izango da horientzat ere, bisitari eta erosle gehiago izango dituztelako, eta mimo handiagoz prestatuko dituztelako mahaiak, baita genero onena eta ikusgarriena aurkeztu ere.
Feria hori berritasunetarako aproposa ere izaten da, eta eguraldiak lagundu badu, urteko lehen babarrun edo indaba beltza aurkezteko eguna izan da urte askotan. Ea aurtengoan ere horrela den.
Bestalde, iraileko azoka berezi honek urtero hartzen du tarte bat asteazkeneroko saltzaileei aitortza egiteko, eta urtean zehar egiten duten lana eskertzeko aipamenak ematen dizkiete. Iazko edizioan, Gabiriako Bekoetxe baserriko Anttoni Murgiondok, Aramako Goikoetxeberriko Maite Zurutuzak, Ibarrako Montes etxeko Patxi Izagirrek eta Arantxa Iparragirrek, eta Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki eta Jokin Intxaustik jaso zituzten aipamen horiek, sari ekonomiko batez lagunduta.
Fruta eta barazki exotikoak
Frutak eta barazkiak gustuko dituztenek badute azoka berezi honetan bisitatu beharreko beste gune bat, Jose Migel Barandiaran Plaza. Hortxe jartzen dituzte postuak lehiaketetan parte hartzen duten bertako eta kanpoko ekoizleek.
Beti produktu aukera handiz beteta egoten dira postuak, goi mailako kalitatekoak guztiak, eta askotan ikusten dira horietan fruta eta barazki exotikoak ere, inguruotan asko ikusten ez direnak.
Euskal Oiloaren lehiaketaren aitzakian plaza berean ikusgai egoten diren hegaztiek era badituzte jarraitzaileak, haurrak bereziki, eta asko izaten dira horien ikusmiran ibiltzen direnak.
Ganadua, artisauak eta taloak
Egun horretan bisitatu beharreko beste gune bat Garagartza plaza izaten da, han egiten delako Gipuzkoako Pirenaika behi arrazako ganadu lehiaketaren erakusketa eta lehiaketa. Horretarako ere abeltzainek abelburu dotoreenak eta onenak prestatzen dituzte. Aurtengoa 26. edizioa da, eta HEBE Herri Behi elkarteak antolatuko du berriz ere.
Garagartza plazatik gertuko kaleak, bestalde, artisauez eta ezti, hestebete, gozo edo halako gutizia-jangaiak saltzeko postuz beteta egongo dira. Artisauetan aukera handia izango da, baita jatekoetan ere, eta ezin galdu pastela edo erroskilak, Salamancako txorizoa edo Iparraldeko patea postu ugarietan erosteko aukera.
Feria berezi honekin denboraldia hasten dute hemengo odolkiak eta mondejuak ere, eta aurrenekoak erosteko modua izango da, besteak beste Debak jarriko duen postuan.
Taloak ere ezin ahaztu. Aurten lau postu izango dira Ordiziako erdigunean kutixia hori eskainiz.
Arratsaldean, kirola
Toki horiek guztiak bisitatuta eta erosketak egin eta gero, denbora izango da oraindik Beti Alai pilotalekura hurbildu eta gazta txapelketaren azkena ikusteko, baita gazta erosteko ere.
Eta arratsalderako planak ere egin ahal izango dira, kirola gustuko dutenentzako aproposak gainera, profesional mailako pilota partidekin eta herri kirol erakustaldiekin.
Musikarik ere ez da faltako egun osoan zehar. ■