Ez du zerikusirik Gabonekin ezta gau onekin ere. Krisiak eragina izan dezake baina, zer dela eta hainbeste txikizio festa egun alai eta umoretsu baten bukaeran? Gazte eta ez-konformista izateak ez al du beste burubide bat eskatzen? Noski! Orduan, zein da/dira burugabekeria hauek egiten ari dena/ direnak? Zer dela eta egin behar ditu inork horrelakoak?
Ez da edozein herritan gertatzen, ez, bereziki Ordizian bistaratzen dira jarrera honen emaitzak: abenduaren 25ean, goizaldera, estolderiako burdinazko tapa hartu eta hiru erakusleiho apurtu edo nahi izan behintzat. Hainbat autori retro-bisoreak puskatu, baina ez bat edo biri, ez, kale osoa oinez pasa ahala, lur-estali ispilu apurtuz. Zerk eragiten du herritarrek eguneroko zereginetan behar dituzten bitartekoak horrela desegin beharra? Gazteak omen dira, gaztetxoak askotan eta horrenbesteko herra? Zer ez ote dute izango bizitzak egurra ematen dienean eta aldapagora benetan hasten zaienean?
Beren buruarekiko kontrolik ezaren eragina omen; nonbait droga bereziren bat edo batzuen kontsumo eta nahastea tarteko. Baina gurasoen kontrolak ere huts egiten ote duen kezka zabaltzen ari delakoan nago. Diotenez, bailarako gaztetxe batean, gertakari hauetako baten inguruan batzarra egin eta, egileak, denen aurrean aitortu omen zuen bera izan zela. Baita, zegokionari, eragindako kaltea diruz ordaindu ere. Nik jakin dudanez, gertaera hau herrian nahikoa zabaldu da baina, gurasoek ez diote ezer adierazi kaltetuari, nahiz eta ia egunero topo egin kaleren batean. Ez dute tutik ere jakingo, ala errazagoa da beste aldera begiratzea? Batzuetan etxekoak izaten dira jakiten azkenak, auskalo! Ez dute, benetako lagunik, jakinaren gainean jarriko dituenik ere …
Horrela ez goaz urruti! Gu, goierritar zintzo-zintzoak gara, ez guk ez gure seme alabek ez dugu sekula gaizkirik egin, nola bada! Horretan ari direnak kanpotarrak dira! Seguru? Ez daukagu zaila jakiten, galdetu Ordiziako edo Beasaingo kale garbitzaileei, goizeko seietan bazterrak garbitzen ari direnean, ea nongo gazteek banatzen dieten ostikoka bildu berri duten zaborra. Edo nork bota dien maldan behera edo hankaz gora zaborren gurditxoa eta tresnak hegan?. Nortzuk ziren, ez dute jakingo baina nortzuk ez ziren bai! Eta zertarako gai diren ere, zertxobait jakingo dute, beren burua babesteko tramankuluak eskura edukitzen hasi omen dira behintzat, goizeko errelebo hori datorkienean …
Orain badauzkagu segapotoak berehala dena jakinarazteko, argazkiak ateratzeko, bideoak grabatu… zer ez dute egiten? Garai batean horrelako ezer ez zenean, nondik edo handik beti jakiten zen halakok gurdi garoa pertikaz behera pozaderan sartuta jarri ziola auzokoari; edo beste halakok alperra soro guenean ondo jasota zegoen lekutik, indarrak ezin sosegatu eta maldan behera bidali omen zuela. Baita hurrengo goizean auzokoa aitari idien eske etorri ere, alperra norbaitek beheko sasi artera bota ziola eta huraxe ateratzeko, eta aitak, berehala ulertu zer esan nahi zion auzokoak. Ohean goxo zegoen seme “indartsua” jaikiarazi eta idiekin, bera bidali, alperra jasotzera. To, lezioa!
Zer aldatu da? Nora begira gaude gurasook? Gazte batzuk, zergatik besteren gauzak txikitzeko jarrera, niretzat ez bada inorentzat ez? Eta denon onerako lana egiten ari denarekiko errespetu falta? Hezi gabeak ala gaizki heziak?
Denon onerako lanean behar luketen ertzainak ere, kaleko jantzita omen dabiltza aparkalekuetan txurrut eginda autoa hartzera doazenen peskizan. Prebentzio neurriak omen, baina ez autoa har ez dezaten gomendiorik ez kauendiorik; horrek ez du dirurik ematen! Segapotoz abisua eta, hiru lau patruila bidera, “balizko gaizkilea” esposaturik basera. Esposak estuegi eta min: Isilik, bestela atzean lotuko dizkizugu eta! Basean, alkohol tasa zero eman eta, bi orduz hantxe eduki zuten herritar gazte bat, sekula ez omen zitzaien halakorik gertatu eta beren protokoloak ez omen zuen jartzen zer egin… Eta gero oinez bidali, bere autora eraman ere ez, ezta barkamenik eskatu ere… protokoloan ez zuen jarriko eta! Horiek ere edukiko dute izana ez bada izenen bat, ala?
- Iñaki Murua