Maoriak, Manu eta beste
Mikel Sarriegi • Dantzaria

Hizkuntza gutxituen nazioarteko kongresua, Irunen, aurreko batean. Rahera Cowie, Maori hiztun komunitateko ordezkariak, honako hau bota zuen: «Hizkuntza ez da gramatika bakarrik, kultur praktikak ere badira». Eta eskaini zituen azalpenetan garbi utzi zuen zein garrantzitsua den hizkuntzak ikasteko prozesua kulturaren munduko praktikekin uztartzea. Horregatik, Zeelanda Berrian «hizkuntza eta tradizioa bizirik mantentzeko etxeak» bultzatu dituzte.
Aspaldidanik izan ditugu ideia horien erakusle garbiak berriki bisitan etorri zaizkigun Manu Irastorza dantzari argentinar euskalduna eta haren familia: Bahia Blancako ataundarrak. Euskal-Etxea daukate bilgune, eta ez dago garbi zer den lehenago: euskara ikasteko jarri zuten gogoa eta interesa, ala euskal dantzetan trebatzeko grina. Batetik, dantzari bikainak dira, eta, bestetik, bertakoak balira bezalaxe menperatzen dute Goierriko euskara. Batak bestera eraman ditu, ezinbestean. Manuren dantzakidea den Juantxu Astolfik horrela aitortu zigun Igartzako ezpata-dantzaren egunaren ostean: «Euskara ikasteko beharra sortu zait, dantzarekiko daukadan maitasuna behar bezala garatu ahal izateko». Jakina da euskal diasporaren unibertsoa dantzaren gorputz-praktikak euskalduntzen duela gehiago, ahozko euskara hizkuntzak berak baino.
Ez ahaztu euskarak, gure hizkuntzak, ez bakarrik Argentinan eta Maori-herrian, hemen ere, gure herri honetan, hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen duela. Atera nahi dituzuen ondorioak. ■
