Bixente Lasa, hilerria ere arte leku bihurtu zuena
Jose Vicente Lasa Salaberria artista urretxuarra irailaren lehenean hil zen, 87 urterekin –irailaren 17an beteko zituzkeen 88–, Urretxu sorlekuan. Eskultore bezala nabarmendu zen, eta hark egina da Urretxuko hilerrian Joxe Mari Iparragirre bardoari eskainitako Askatasun egarria metalezko mausoleoa. Koblakari eta urretxuar unibertsalenaren betiko atsedenlekua diseinatzeak eman zion ospea Bixente Lasari, baina iturri batzuk ere eraiki zituen, oinarrizko material gisa harria erabilita.
Askatasun egarria obra, izatez, Euskal Herriaren alegoria da. Trikuharri forma dauka, eta metalezko zazpi zutaberen gainean ezarrita du txapela. Zutabe bakoitzak euskal herrialde bana irudikatzen du, bakoitzaren armarria moldeatuta baitauka. Gaineko estalkian lauburu bat da nagusi, nafar kateekin herrialde guztien bateratzaile modura.
Izan ere, askatasun egarria pil-pilean azaleratu zen garai historiko batean diseinatu eta eraiki zuen Lasak Iparragirreren mausoleoa. 1981eko apirilaren 5ean inauguratu zuten, Eusko Jaurlaritza sortu berriko Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta euskal agintari gorenak bertan zirela, eta galako arabar minoien destakamentu batek ohorezko guardia eginda.
Hain justu, Iparragirreren heriotzaren lehenengo mendeurreneko ospakizunen baitan jarri zuten haren mausoleoa Urretxuko hilerrian, eta koblakariaren hezurkiak bertan sartu zituzten, Nestor Basterretxeak egindako zurezko kutxa batean.
Urretxuar peto-petoa
Iparragirreri mausoleoa eraikitzeko proiektua Urretxuko Udalak atera zuen, 1980an. Hainbat proposamen aurkeztu zituzten hango eta hemengo artistek, eta Lasaren Askatasun egarria izendatu zuten garaile. Urretxuar sentimendu oso sakonekoa izan zen beti Lasa, eta herrikide famatuenaren eskultura egitearen enkarguak hainbeste ohoratu zuen, ezen oparitu egin baitzuen lana, eta ez zuen dirurik kobratu.
Hilerriko artelana kokatzen, zuzen-zuzenean parte hartu zuen Bixente Lasak. Altzairuzko piezak Sarralde fundizioan egin zituzten. Urretxun beste bi iturri apaingarri ere egin zituen: Berriki parean dagoena eta Pagoetako aldapan dagoena, 1981ean egina.
Lasak bere urretxuartasunaren agiria urte batzuk lehenago ere azaleratu zuen, 1966-67an, Urretxuko eta Zumarragako udalerriek herri bakarra osatzeko egon zen planteamenduaren aurrean, aurkakotasun erabatekoa azaldu zuen Lasak, beste herritar gehiagorekin batera. Kontzentrazio bat ere egin zuten Aizpuruenea etxearen aurrean –Iparragirreren plazan, nola ez–, eta Lasa izan zen komunikatua tranpaldotik jende aurrean irakurri zuena. Garai hartan eslogan subertsibo izan zitekeen Gora Urretxu askatuta pankarta ere erakutsi zuten manifestariek, euskaraz eta gaztelaniaz. Askatasun egarria lehenagokoa zuen seinale. ■

