
Xabier Zaldua aizkolari zumarragarra zeresan handia ematen ari da azkenaldian, baina lehenago ere izan dira aizkolariak Urretxu-Zumarragan. 40ko hamarkadan Aietsu baserriko Ramon Iurrebasok (Urretxu, 1927) Jeronimo Iturbe Agiñetaren lekukoa hartu zuen, eta urte askotan puntan aritu zen.
Nolatan hasi zinen aizkoran?
Nire nagusia zalea zen eta Agiñetaren laguna, gainera. Aizkoran ibilitakoa zen eta aizkolaria nintzela ikusi zuen. Harengatik ez balitz nik pentsatu ere ez nuen egingo aizkolaria izango nintzenik.
Zure lehen aurkaria Bitoriano Jauregialtzo zumarragarra izan zen.
Urretxuko frontoian lehiatu ginen. Bitoriano mutil handia zen, baina ez zen aizkolaria, eta irabazi egin nion. Orduantxe 18 urte beteta nituen, mutil koxkorra nintzen. Handik urtebetera, abantaila eskatu zidan: saioa Agiñetarekin prestatzea. Bigarrengo hartan errazago irabazi nion. Vitorianok eskua eman zidan eta zera esan zidan: «Ramon, ni baino gehiago haiz, barkatzen diat eta hemendik aurrera ahal dudan guztian lagunduko diat». Ordutik, lagunik handienak izan ginen.
Hortik aurrera aizkoran buru-belarri aritu zinen.
Jendeak aizkolaria nintzela ikusi zuen, eta soldadu joaterako onenekin jokatzen nuen. Klasea nuen, jendeak lagundu egin zidan, eta denbora gutxian gora egin nuen. Arerioak handiak ziren nire aldean, baina ni bizkorra nintzen. Berezkoa nuen eta kirolariak berezkotasun hori behar du. El hombre eléctrico deitzen zidaten eta, oraindik ere, askok gogorarazten didate.
Nork jarri zizun ezizen hori?
Basarrik. La Voz de España egunkarian «El hombre eléctrico de Urretxu» idatzi zuen, eta izen horrekin gelditu nintzen. Lehen apostua jokatu nuenean «Iurrebaso de Zumarraga» idatzi zuen eta Felipe Elgarresta alkateak Basarriri gutuna bidali zion Iurrebaso Urretxukoa zela esanez.
Zer diozu apustuez?
Bikainena Txurrukaren aurka jokatutakoa izan zen: 1953ko urtarrilaren 18an Azkoitiko frontoian. 2.200 lagun sartu ziren eta beste asko kalean gelditu ziren. Hiru kolperengatik galdu nuen. Txikito de Arruizi, berriz, aizkoran eta korrikan jokatu nion. Tolosako zezen-plaza bete genuen: 5.000 lagun bildu ziren. Korrika ez nintzen ondo moldatzen, baina kirolari gogorra nintzen: zortzi enbor ebaki eta gero, 8 kilometro 32 minututan egin nituen. Apustu hura ere galdu egin nuen.
Telebistara ere joan zinen.
Ni izan nintzen Madrilera joan zen lehen aizkolaria. Zirko batean ere aritu nintzen. Valladoliden, Santanderren, Oviedon… ere izan naiz aizkoran. Bizkorra eta ikusgarria nintzenez, erakustaldietarako eta lan txikietarako niri deitzen zidaten. Oraindik gogoan dut 1953an Idiazabalera Luxiari jokatzera joan eta «mutil koxkor honekin Luxiari jokatzera etorri al dira?» esan zutela. Nik 28 minututan ebaki nituen eta berak 31 minututan. Gizon handia zen, baina ez zen azkarra.
Garai hartan asko jateko ohitura zenuten.
Gehiegi. Haragia eta arrautzak jan behar zirela, eta barazkiak begiratu ere ez zirela egin behar uste zen. Bijilia egun batean egun guztia arrautzak jaten eman nuen: gorringoa azukrearekin, tortila… Hiru bat dozena jango nituen! Arrautza gutxien jaten nuen egunean, hamar bat gorringo jango nituen. Baita egunero hiru txuleta ere. Arraina ez omen zegoen jaterik eta ura edaten ere ez ziguten uzten, dena aldrebes: ez medikuarengana joan, ez masajea hartu… Sasoi galanta genuen, eta denak on egiten zigun.
Noiz utzi zenuen aizkora jokoa?
47 urterekin. Alabak, Kizkitzak, «ez al dizu lotsarik ematen? Gazteagoak badaude eta utzi iezaiezu haiei!» esaten zidan.
Joaten al zara saioetara?
Gutxi. Apustuetara joatea gustatzen zait, baina Zalduak eta Olasagastik jokatu zutenera ez nuen joaterik izan. Familiako bazkaria izan genuen eta ez nituen etxekoak haserretu nahi. Xabier Zalduak jokatutako bi lehenengoak plazan bertan ikusi nituen. Gainontzeko saio guztiak telebistan ikusten ditut. Urte asko ditut jada!
Nola ikusten duzu Xabier Zaldua zumarragarra?
Gogorra da. Apustua hasi eta bukatu egiten du beti. Olasagastiren aurka ere ondo aritu zen, baina kolpe pixka bat falta zaiola uste dut. Hori berezkoa da. Ni gizon txikia naiz, baina kolpe ikaragarria nuen. Dena den, Xabier Zalduak dezenteko hobekuntza egin du azkenaldian. Mutil zimela da eta erresistentzia itzela du, baina lehen mailara igotzea zail ikusten dut.
Herrian aizkolari bat egoteak pozten al zaitu?
Noski! Ez zen gazte hasi, e! 34 urte ditu dagoeneko.
Noiz ezagutu zenuen?
Aizkorarekin hasi zenean ezagutu nuen. Laguntza eske deitu zidan. Pare bat aldiz joan nintzen bere baserrira. Kolpea nola eman eta halakoak azaldu nizkion.
Zein izan da, zure ustez, historiako aizkolari onena?
Latasa. Dena ona zuen: indarra, gaitasuna… Oso gogorra zen.
Egungo aizkolarien artean, zein duzu gustukoen?
Nire ustez, onena Nazabal da. Baina bera ere urtetan aurrera doa. Gure garaian, 40 urtetik aurrera ez zuen inork aizkoran egiten. Orain 60 urterekin aizkoran! Seinale txarra da hori. Gazte gutxi dagoen seinale. Badaude batzuk, baina oso zaila da aizkolari onak lortzea: kirol garestia da, eta diru gutxi ematen du.
Nola ikusten duzu ospea eman zizun kirola?
Beti izan da kirol pobrea. Eskerrak Euskal Telebistak Urrezko Aizkora txapelketa babesten duen, bestela dagoeneko galduta legoke. Pobrea izan da beti aizkora eta orain ere bai.
Pilota ere asko gustatzen zaizu.
Lehen frontoira asko joaten nintzen, baina gero eta gutxiago joaten naiz. Lehengo pilotari guztiak ikusi ditut, baita Atano III.a ere. Esku pilota da gehien gustatzen zaidana, eta egungo pilotarien artean gustukoena Irujo dut.
Iloba, Joxe Mari Iurrebaso, txirrindularia izan zenuen.
Dagoeneko ez naiz lasterketetara joaten, baina garai batean ilobaren lasterketa guztietara joaten ginen. Egun, telebistan ikusten ditut. Txirrindularitza eta esku pilota aizkora baino gehiago gustatzen zaizkit.