Andoni Beristain (Zumarraga, 1989) Bartzelonara joan zen 2007an Diseinu Grafikoa ikastera. Ordutik, bertan bizi da.
Nolatan atera zinen herritik?
Batxilergoa bukatu ondoren, Diseinu Grafikoa ikasi nahi nuen. Euskal Herrian hainbat eskola daude, baina irakasleekin eta arte eta diseinu munduan sartuta dagoen jendearekin eztabaidatu ondoren, Bartzelonara etortzea erabaki nuen. Gainera, hiri hau oso gustukoa izan dut beti.
Zertan ibili zara orain arte?
2007ko irailetik iazko ekainera bitartean, Diseinu ikasketak egin ditut. Horretaz gain, hainbat lan eta lagun oso onak egin ditut. Egun, moda argazkilaritzako master bat egiten eta ingelesa ikasten ari naiz. Egunaren ordu gehienak argazkilaritzari ematen dizkiot: moda argazkilaria eta freelance diseinatzailea naiz.
Zer lan egiten dituzu?
Bi hilero, Hacid Magazine aldizkarirako moda editorialak pentsatu, antolatu eta prestatzen ditut. Beste aldizkari eta blog batzuentzat ere lan egiten dut. Modelo agentzia eta moda diseinatzaile desberdinekin lan egiten eta moda munduan muturra sartzen ari naiz. Bartzelonako eta Madrileko moda asteei buruzko artikuluak idatzi ditut Hacid Magazine-rako. Hau guztia Xanti Alkorta azpeitiarraren laguntzaz egiten dut. Berarekin hasi nintzen moda munduan, eta elkarrekin antolatzen ditugu argazki saio gehienak: bera arropa kontuez arduratzen da eta ni argazkiez.
Zer moduzkoa da lan egoera Bartzelonan?
Txarra, geroz eta jende gehiago dago lanik gabe. Gainera, agentzia eta estudio gehienak jendeak beraientzat musu truk lan egitera ohitzen ari dira. Hori gutxi balitz, moda argazkilaritzan betiko bost argazkilariek egiten dituzte lan gehienak, eta hori ere asko nabaritzen da.
Zumarragatik atera zinenean zer egin zitzaizun gogorrena?
Familia herrian uztea, dudarik gabe. Lagunak uztea ere gogorra izan zen, baina ama eta aita bakarrak ditugu.
Sarritan itzultzen al zara Zumarragara?
Bai. Hasieran hilero asteburu pasa etortzen nintzen. Orain bi hilean behin itzultzen naiz.
Kataluniatik zer ekarriko zenuke Goierrira?
Kreatibitatea eta moda ikusteko era.
Eta Goierritik zer eramango zenuke?
Janaria eta eguraldia.