
Euskararen egoerak kezkatuta eta Euskal Herri euskalduna lortzeko helburuarekin, Euskal Herrian Euskaraz taldea berrindartzen saiatzen ari dira Goierrin. Euskararen legeaz mahai ingurua antolatu dute azaroaren 6rako. Duela 33 urte sortu zen Euskal Herrian Euskaraz taldea, Euskal Herri euskalduna lortzeko helburuarekin. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez leloa ezaguna egin zen 80ko hamarkadan. Urte guztiotan, taldeak gorabeherak izan baditu ere, Goierrin berriz ere indarra hartzen ari da EHE. Beasainen piztu zen berriz ere EHEren sua.
Beasaingo hiru gaztek, tartean zen Mikel Urdangarin, iazko Azpeitiko Kilometroak jaian izan zuen Euskal Herrian Euskaraz taldearen berri. Euskararen aldeko kontzientzia oso barneratuta du beasaindarrak, eta Beasainen EHE taldea sortzea erabaki zuen beste bi lagunekin batera.
Beasainen hasitako bidea frutuak ematen hasi da dagoeneko, Goierriko Euskal Herrian Euskaraz taldea sortu baitute. Beasinen hiru lagun hasi ziren eta, dagoeneko, Goierri beheko 20 bat ari dira euskararen aldeko lanean.«Beasaindik zabaldu eta Goierri behean talde sendo samarra sortzeko aukera ikusi genuen. Ahalik eta herri gehienetan gutxienez ordezkari bat edo bi izaten saiatu gara. Herri nagusi guztietan ditugu ordezkariak, Legorretan izan ezik», argitu du Urdangarinek.
EHEren aurtengo helburu nagusia EAEko Euskararen Legearekin lotua dago. Euskararen Legeak 30 urte bete ditu eta, EHEko kideen ustez, euskarak bultzada berria behar du, hizkuntza gutxitu orok behar baitu lege bidezko babesa.
Ildo horretatik, Euskararen Legeari buruzko mahai-ingurua antolatu du EHEk azaroaren 6rako, Beasaingo Igartza jauregian. PSE-EE, EAJ eta EH Bildu alderdietako lagunek parte hartuko dute, Urdangarinekin batera.
Beste ekimen batzuk ere antolatzekoak dira, jendeak Euskararen Lege hori aldatu egin behar dela uler dezan. Izen ere, EHEren ustez, «euskararen normalizazioa zeregin politiko eta soziala da, eta politikoek urrats bat eman behar dute: euskarari lehentasuna eman behar diote. Jakin beharreko hizkuntza bihurtu behar da». Euskararen erabilerak gora egiteko, ezagutza areagotzea beharrezkoa dela uste du EHEk: «Txillardegik eta Isasik agerian utzi zuten moduan, erabilerak gora egiteko ezinbestekoa da ezagutzak gora egitea. Ez dago beste irtenbiderik».
Adibide bezala, beste hizkuntza batzuen arrakasta aipatzen du EHEk. «Gero eta jende gehiago da ingelesa edo alemana ikastea erabakitzen duena. Zergatik gertatzen da hori? Lan egiteko beharrezkoak direlako. Euskara ere beharrezko izan behar da Euskal Herrian lan egiteko».
Eusko Jaurlaritzak ez ezik, udalek ere badutela euskararen alde zer egin diote. «Gehienetan euskarak ez du bere batzorde propioa, kulturarekin batera lantzen da. Baina, hizkuntzak bizi duen egoera dela eta, bere batzorde propioa behar du. Hori ezinbestekoa da hizkuntzaren normalizazioa lortzeko».
Bestalde, datorren urteko Korrika erabilera bultzatzeko baliatu nahi dute. «Jendearen kontraesanak agerian utzi nahi ditugu akuilu lana egiteko», azaldu du.
Euskararen ezagutza datuak goranzko bidean badira ere, egoera «kezkagarria» dela uste du EHEk. «Azken inkesta soziolinguistikoaren datuak irakurrita, euskararen egoera agerian utzi dute eta, honenbestez, euskarari benetako lehentasuna aitortu eta hizkuntza politika ausartak gauzatzeko garaia da. Ezagutu beharrekoa hizkuntza eta funtzio guztietarako hizkuntza izendatu behar da euskara».
Unescok, herrialdearen herenak hitz egin ezean, hizkuntza arriskuan dagoela dio. Euskararen kasuan, populazioaren %13-14ak bakarrik erabiltzen du. Gainera, azken hamarkadan erabilerak ez du gora egin. Aurrera ez egitea, atzera egitea da».
Goierri inguru euskalduna da, baina euskararen egoera ez da EHEk nahi bezain ona. «Parke batera joan eta makina bat umek, zoritxarrez, gazteleraz egiten du», jarri du adibidetzat.
Hizkuntza paisaian ere asko dago hobetzeko. «Hizkuntza paisaia ez dator bat Goierriko errealitatearekin: eskualdea uste baino askoz ere erdaldunagoa da. Arrotza zaigu».
Bestalde, osasun etxean eta administrazioaren gainontzeko egoitzetan sarritan gaztelera erabili beharra dagoela salatu du.
Gazteleraz mintzatzeko duten lagun taldeetako euskaltzaleentzat aholku bat du beasaindarrak. «Bizpahiruk kuadrilla bat hizkuntza bat edo bestea erabiltzera eraman dezakete. Kuadrilla bakoitzean gutxi batzuk kontzientziatuz gero, kuadrilla hori euskalduntzea lortu dezakegu». Beasaingo gazteen artean denetik dagoela dio, «alde handia dago kuadrilla batetik bestera». Euskaldunok erdarara jotzeko dugun joera ez du atsegin. «Gazteleraz hitz egiteko ohitura duen norbaitekin elkartu bezain pronto, erdarara jotzen dugu. Euskaraz egiten saiatu behar gara, baita ez dakitenekin ere. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin behar dugu eta horri eutsi behar diogu».
Euskal Herrian Euskaraz elkarteko ateak, zabalik
Urdangarinek euskarari bultzadatxoa emateko gogoa duen jendea Euskal Herrian Euskaraz taldean ongi etorria dela aipatu du. «Lan polita da eta, euskarak bizi duen egoeran, guztiz beharrezkoa da herritarrek parte hartzea». Elkarteak blog bat du bere burua ezagutzera emateko: goierrineuskarazbizi.wordpress.com. Bertan, euskararen inguruko berriak ematen dituzte eta herritarrei salaketak aurkezteko aukera eskaintzen diete. «Blog polita da eta bisita guztiak eskertzekoak dira», amaitu du beasaindarrak.