Zortzi urte eta erdi darama Lazkaon bizitzen. Sukaldari ikasi zuen Kuban, eta zerbitzari lan egiten du tabernan.
Pertsona estimatua da bezeroen artean Lazkaoko Albokako Mariela zerbitzaria. Goxoa tratuan, irribarrea beti ezpainean, eta kubatarrengandik bestelakorik pentsa dezakeenarentzat, azkarra eta saiatua lanean. Mariela Perez Sarria da, duela zortzi urte eta erditik goierritar bat gehiago. «Ia-ia Goierri osoa ezagutu dut», dio barrez, eta beti euskaraz.
Santa Clara hirikoa da (217.000 biztanle), Villa Clara probintziaren hiriburua. Kuba irla luzexkaren erdian dago, mendebalerantz. 1689an sortua, komertzio eta komunikazio gunea da Santa Clara, errepideen eta trenbideen bidegurutze. Euskal Herrira iritsi eta berehala gidabaimena atera zuen Marielak. «Gero Maizpiden egon nintzen, sei hilabete. Euskara ikastea zaila izan zen». Ondo moldatzen da, hala ere.
Urte erdian soilik ikastearen arrazoia «gauzak azkar egitea» gustatzen zaiolako izan daiteke. «Kubatarrak lasaiagoak dira, bai, esaten den bezala. Ni ez; ni, kontrakoa», dio barrez.
Gastronomia ikasi zuen sorlekuan. Sukaldari ikasketetan «denbora gutxi» igaro zuen, «bi urte, eta kito». Euskal Herrian eta Kuban janaria «erabat» desberdina dela dio. «Han txerria eta oilaskoa asko jaten da. Eta saltsa. Mina ez. Hemen, dena haragia da! Txuleta, adibidez…», dio, okela mota hori miretsiz. «Jada hemengo janaria nahiago dut. Euskalduna gehiago naiz dagoeneko».
Izateko eran ere kubatarrak eta euskaldunak asko aldentzen dira elkarrengandik: «Kubatarrak alaiak gara. Beste ohitura batzuk ditugu, dantza gehiago… Beti alai dabil. Gehiago kanporatzen du sentitzen duena. Euskaldunari gehiago kostatzen zaio».
Goierriko bizimodutik gehiena «poteoa» gustatzen zaio, «kaleko giroa». «Jendea oso jatorra da. Gustura bizi naiz hemen, ia-ia hemengoa naiz». Kubara oporretan joateko asmoa baizik ez du. «Hango gobernua gogorra da. Bizimodua, zaila eta garestia. Janaria eta arropa oso garesti daude. Pentsa, hilean 20 euro kobratzen du kubatarrak, eta txerriki kiloa hemen baino garestiago dago. Mirariak egin behar. Baina, hala ere, beti alai!».