Telefonoz deituta, zoria edo kasualitatea lagun, beste aldean dagoenaren ahotsa entzun aurretik oilarraren kukurrukua entzun daiteke. Ez dute negutegirik Armaindegin, eta garaian garaiko baratzeko produktuak saltzen dituzte Zumarragako nahiz Urretxuko azoketan. Maria Luisa Irastortza eta Santiago Betegi dira baserriko nagusiak, eta negutegirik ez dutenez, baratza betiko eran lantzen dute. Irastortzaren hitzetan «beti zerura begira gaude, egingo duen eguraldiak baldintzatuta».
Garaian garaikoa lantzen dute Armaindegin, beti egin ohi duten bezala, eta «aldatzeko asmorik ez dugu, produktuak amaitzen direnean, kito», dio Irastortzak. Baratzak ematen duenarekin ostegunetan Urretxun izaten dira, eta Zumarragan larunbatetan. Dagoeneko 30 urte inguru dira Urretxuko ferian postua jartzen dutela; Zumarragakoan orain 41 urte.
Udaberria atzeratuta
«Orain gauza gutxi ditugu: azkeneko sagarrak, loreak hasi berri dira, porruak, patatak… Neguko produktuak dira oraindik». Euriteek udaberria atzeratu duten bezalaxe atzeratuta dator baratza ere. «Hilabeteko atzerapenarekin datoz baratzeko produktuak». Udaberria loratzearekin batera, ilarrak, babak eta tipula nahiz letxuga berriak izango dira Armaindegikoen azokako postuan.
Loreak lore
Irastortzari loreak gustatzen zaizkio, eta ahuntz praka edo alheliak euritan ito bazaizkio ere, tulipanak, zuhaixkak, lore horiak eta nartzisoak eraman ditu dagoeneko azoketara. «Zuhaixka horiek oso politak dira, irisak ere segidan etorriko dira», irisekin batera krabelin txinatarrak, daliak zein gladioloak ere moztuko dituzte Armaindegin. Loreen zaintzak «lana ematen du» Irastortzaren arabera, «belarra kendu eta ongarria bota behar zaie». Baina, ez edozein ongarri, «simaurrarekin ontzen dut lurra, ardiarena oso ona da loreentzat. Aurten proba egin dut tulipanekin eta emaitza onak lortu ditut».
Duela 40 urteko azoketan saltzekoak lurrean jartzen zituztela gogoratu du Irastortzak, «orain postuak jartzeko mahaiak ditugu eta txukuntasun hori asko estimatzen dugu». Iraganean azoka gehiagotara joaten ziren Armaindegikoak, baina aspaldian utzi zituzten hala Beasaingoa nola Ordiziakoa. Baratzeko produktuak eramaten dituzte orain; baserrian, halere, hegaztiak ere badituzte. Ganadurik ez dute jada.
Azoka bezperan eraman beharreko guztiak prestatzen dituzte «goizean pronto edukitzeko». Santiago Betegi senarra joaten da azkenaldian azoka bietara, «goizeko zazpiak eta erdirako Zumarragan izaten da». Urretxura ez dira ostegunero joaten.
Garaian garaiko produktuak estimatuak direla dio Irastortzak, «gazte jendeak kalitatea nahi du».