Lizarrustiko parketxetik abiatuta egin daitezken bideetan erraz eta ederrenetako bat da Lareoko urtegira doana. Eguraldiak laguntzen duen asteburuetan, jende askok paseorako edo goiz pasarako aukeratzen duen tokia izaten da. Lizarrustitik abiatuta eta garai bateko ikazkin eta basomutilen bidetik, 40 bat minutu behar dira Lareora iristeko, eta ordu eta erdi pasatxo itzuli osoa egiteko.
Gipuzkoak eta Nafarroak muga egiten duten mendateetako bat da Lizarrusti. Aralar parke naturaleko sarbideetako bat ere bada, ordea. Eta horregatik kokatu zuten bertan parketxea, garai batean Mikeleteen etxea izan zen tokian. Bertan, Aralar parke naturalaren interpretazio zentroa, aterpea eta jatetxea daude, besteak beste. Eraikinaren atzealdetik abiatzen den bideari helduko diogu, ibilbidea hasteko.
Pagadi eder batean barrena jarraituko dugu, eskuin aldetik mailo handiak zaindari ditugula. Bidetik gertu, Sukaldezarreko koba dago; erraz iritsi daiteke bertara, eta behin ikusitakoan, atzera bidera itzuli.
Apenas 20-25 minuturen bueltan iritsiko gara Akerretako iturrira. Harkaitzaren barrenean egindako iturria da; toki aproposa geldialdia eginez ur pixka bat edateko. Aurrera segita, berehala ikusiko dugu iturriaren izen bereko tunela ere.
Akerretako tunela
Lizarrusti eta Lareo lotzen dituen oinezko bidea egokitzerakoan, garai batean basoan lan egiten zutenek erabiltzen zuten bidearen hainbat zati berreskuratu zituzten. Bide haren aztarnetako bat da Akerretako tunela. Harkaitzean egindako zulo hori 1916koa da; txondor ikatza eta harria menditik ateratzeko erabiltzen zuten. Gerora, Quifosa enpresak ere atera zion atarramendua, alkohola egiteko pago egurra bertatik garraiatzen baitzuten.
Atzera pagadietan sartuta ekingo diogu bideari, harik eta Maizegi erreka zeharkatzen duen zubira iritsi arte. Erreka ondoan atseden hartzeko toki ederra dago, mahai eta guzti. Garai bateko ikatza egiteko txondor gunea ere bertan dago.
Beste hamar-hamabost minuturen bueltan iritsiko gara Lareoko urtegiaren hormara. 1989an eraiki zuten Lareoko urtegia, Malkorburu, Sarastarri, Akaitz eta Alleko mendien arteko haranean. Gipuzkoan dauden urtegien artean, itsasoaren mailatik altuen dagoena da, 742 metrora.
Urtegiaren horma nagusia alde batera utzita, ezkerraldeko bidetik jarraituko dugu, urtegia eskubitara dugula. Lareoko guardetxearen ondotik pasa eta urtegiaren ertzetik jarraituko dugu. Zutikako seinaleei kasu eginda, GRa alde batera utzi eta urtegiari itzulia emanez jarraituko dugu. Berehala ikusiko ditugu Lareoko trikuharriaren aztarnak, bide bazterrean.
Aurreraxeago, berriz, Finlandiatik ekarritako egurrarekin eta Vikingoen ontzien forman egindako zubi bitxia ikusiko dugu. Azken aldapatxoa igo eta urtegiaren hormara iritsiko gara, dagoeneko urtegiari itzuli osoa emanda. Puntu horretatik aurrera, lehen etortzeko erabili dugun bide bera egingo dugu, baina oraingoan, Lizarrustirako norantzan.