Eneritz Gorrotxategi
Uztailarekin batera etorri da uda, dirudienez. Opor usaina askorentzat, buruhauste garaia beste asko eta askorentzat, gaixotzea debekatu zaien garaia. Akabo botikara joan eta pentsiodunek botikak errezeten truke jasotzen zituzten garaia. Akabo beharrezkoak ziren botikak eskatzearena. Uste dut buruko min bat baino gehiago eragingo duela botikak ordaindu behar izateak.
Ziur nago askok, lehen baino arrazoi gehiagorekin egingo diotela muzin medikuarengana joateari. Bizitza guztian gizarte segurantzan kotizatzen aritu ostean, erretiroa hartu eta botikak ordaindu behar al dituzte orain? Pentsioak jaitsi egin zaizkie, erosi beharreko gaien prezioek, berriz, gora eta gora egin dute, askok mirariak egin behar izaten dizute hilabete amaierara iristeko eta gainetik, botikak, beharrezko elementuak, ordaindu egin behar al dituzte? Ez dut zalantzan jarriko botiketan ongi kontrolatuko dutenik ordainketa modua, baina nola jakin herritar bakoitzak, zer ordaindu behar duen eta zer ez? Horra, beste buruko min baterako arrazoia.
Hotzean pentsatzen jarrita: pentsioa jasotzen duten zenbatek ez dute bada botikarik hartzen? Bateren bat libratzen bada, jarrai dezala dagoen moduan!
Ion Muñoa
Jarrai dezala bai dagoen moduan, baina ez urte luzez! Hala esango luke ministro japoniarren batek (adinekoak lehenago hil beharko liratekeela esan zuen hark) eta baita ministro eta japoniar izan gabe ere beste hainbat eta hainbatek gure inguruan. Sistemaren «sostenibilitatearen» izenean neurri neurrigabeak oso erraz har daitezke, eta bitarteko behar lukeena helburu bihurtu. Eta horrela, adinekoak soberan egotera pasa daitezke eta berdin langabetuak, ezinduak, etab. Ditxosozko ongizate estatuak babestu beharko lituzkeen horiek dena soberan egon daitezke, eta ondorioz, ongizate estatua bera ere bai?
Baina, agian, hori eztabaida beraren beste hari-mutur bat da, ezta? Botiken ko-ordainketa (edo «ber-ordainketa» beste batzuen esanetan) da oraingoan hizpidean jarritakoa. Ez dut uste ko-ordainketa planteatu den moduan sistema justua denik, baina ez da inondik ere justuagoa aurrez zegoen sistema. Egia da pentsiodunek bizitza guztian gizarte segurantzari ordaindutakoaren truke zituztela botikak debalde, baina era berean egia da hilean 500 euroko pentsioa jasotzen duenak edo 2.000 euroko jubilazioa duenak botikak gratis et amore neurri berean jasotzea ere ez dela justua; are injustuago langile mileuristak botika horiek ordaindu behar zituela kontuan hartuta.
Sistemaren zutabe gisa, ko-ordainketaren lojika ez zait txarra iruditzen sistema justuagorako aukerak ematen dituelako. Baina zoritxarrez, injustiziarako bide berriak ere ireki ditzake, oraingoan bezala, ez bada justuki aplikatzen. Eta burukominarentzat? Onena oporrak!