
Karmele Aierbe Muxika (Sortuko kidea)
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko eguna. Euskararen aldeko aldarrikapena egiteko eta ospatzeko eguna.
Euskarak, bere aldarrikapenerako egun bat izatea ona izanik ere, ez da nahikoa. Egun bakarreko euskaldunak «bilakatzea», normalizaziotik oso urruti dagoen euskarari, onura gutxi dakarkio.
Euskarak, egun bateko bultzadatik harago, normaltasunez euskaraz bizi eta Euskal Herri euskalduna lortzeko, gure herriko txoko guztiak blaituko dituen bitarteko politiko, ideologiko, kultural eta soziolinguistiko egokiak behar ditu.
Mende askotako zapalkuntzek eta oztopo politikoek, gaur egun ere, euskararen oraina eta geroa oztopatzen jarraitzen dute. Erasoek ez dute etenik (ikusi besterik ez dago, Behatokiak urtero ateratzen duen dosierra) Euskararen aldeko motibazioa gutxiagotzea eragin dute, euskaldun gehienoi gutxitasun sentimendua sorrarazi digute eta euskarari duen balioa kendu egin diote. Euskal Herriko berezko eta bakarra den euskarak baino, estatu handietako erdarek askoz balio handiagoa dutela sinestarazi digute.
Euskal Herrian bertan eta UNESCOk egindako azterketa soziolinguistikoek, euskararen egoera zaurgarria eta duen arriskua begi bistan jarri izan digute. Atzera bueltarik izango ez duen eta irabazpidean jarriko dugun, neurri egoki eta azkarrak hartu ezean, desagertu diren hizkuntza gutxiagotu askoren zorte berdina izan dezake.
Azken 30 urte luze hauetan, euskaldunen kopurua oso gutxi igo da eta erabilera izugarri ari da jaisten. Arnas guneak diren Herri Euskaldunetan ere, nabarmen jaitsi da. Honek hauxe erakusten du, egungo hizkuntza politikak desegokiak direla eta ez dutela balio Euskal Herri Euskalduna bilakatzeko. 30 urte luzetako hizkuntza politikek, gaur egun ditugun baino hiztun gehiago , zergatik ez dituzte irabazi eta erabileraren aldeko herri gogoa gehiago piztu? Euskal Herri euskalduna irabaztea zailtzen duen menpeko hizkuntza politikak direlako eta oso minimoen azpitikoak. Erdaren itsasoa handitzen doan heinean, euskararen sugarra motelduz doa.
Horrenbestez, iritsi da, norbanakoaren jarrera aldatzeko eta konpromisoa hartzeko garaia. Euskal Herrian, normaltasunez euskaraz biziko garen egoerak irabazteko norberaren ikuspegia, euskararen alde egotetik ‘euskaraz bizi nahi dut’-era pasatzeko garaia da. Iritsi da, herriz herri, arloz arlo, egun ditugun hizkuntza politikak gainditu eta hizkuntza politika berria abian jartzeko eta gauzatzeko garaia. Iritsi da, euskarari dagokion tokia emateko eta aitortzeko garaia.
Euskararen nazioarteko eguna ezezik, euskaraz bizitzeko garaia dugula aldarrikatzeko eta praktikan jartzeko izan behar du abenduaren 3ak. Euskaldunok Euskal Herri osoko gizarte esparru ezberdinetan, gure egunerokotasunean, euskaraz bizitzeko konpromisoa hartu behar dugu, inoren baimenaren zain izan gabe.
Goazen denok, norbanakotik hasi eta herri bakoitzari dagozkion konpromisoak hartu eta euskararen aldeko indarrak biltzera. Goazen, inposatutako erdal asimilazioa gainditzera. Goazen, eguneroko lankidetzan, elkarlanean eta denon arteko auzolanean adostasuna bilatuz, Euskal Herri euskalduna eraikitzera. Bere hizkuntzari eusten dion herri zapalduak, bere askatasunaren giltza eskura izango du beti.