Antxiñe Mendizabal Aranburu (Idazlea)
Juvenal poeta erromatarrak «Men sana in corpore sano» idatzi zuenean, zuzen zebilelakoan nago. Poema osoa irakurrita, konturatuko gara idazleak gorputzaren, adimenaren eta arimaren arteko oreka aldarrikatzen zuela. Honek guztiak, izango du, ziur aski, zerikusirik, kirola egitean, endorfina-jarioak eragiten duten ongizate sentsazioarekin.
Beraz, poeta erromatarraren goiburuari jarraituz, eta Haruki Murakami idazle japoniarraren De qué hablo cuando hablo de correr liburuan inspiratuta, hasi nintzen korrika egiten. Murakami mundu osoan sona handiko idazlea izateaz gain, maratoilari ezaguna da. Besteak beste, bere liburuan dio maratoi baterako prestatzea eta korrika egitea, eleberri bat idaztea eta argitaratzea bezalakoa dela. Eta horrez gain dio korrika eginez bururatzen zaizkiola bere istorioetarako ideia asko.
Nire burua neurriz kanpo baloratu nuela uste dut Murakamiren urratsei jarraitu nahian. Lasterketek nire giharrei sufrikario latza baina ez zien ekarri. Ez nuen aurrenekoan etsi, eta, nire minak arinduko zituen masajista baten igurtzien laguntzarekin batera, borondatea sendotu beharra izango nuelakoan, korrika egiten jarraitu nuen. Alabaina, gogoak baietz zioen; gorputzak, ordea, ezetz, era guztietako agujeta, zaintiratu eta uzkurduren bidez kexatuz. Pentsatu izan nuen sormen lanik handienak gizakiaren sufrimendu garratzetatik sortuak izan direla, baina ez dut uste gorputzeko minek eragindakoak izan direnik, gogoaren sufrimenduak baizik. Gauzak horrela, eta korrika eginez nire gorputza nahikoa endorfina sortzeko gai ez zela ikusita, uztea erabaki nuen.
Dorothy Parkerren poemak irakurtzen ari nintzen bien bitartean, eta bururatu zitzaidan drogak izan direla zenbait artistarentzat inspirazio iturri, Parker berarentzat. Ezaguna da drogekiko adikzioak eta idazle askok hartu-eman estua izan dutela: Jean Cocteau, Anne Sexton, Stephen King, Ernest Hemingway, Charles Baudelaire, Truman Capote, F. Scott Fitzgerald, Charles Baudelaire, William Faulkner, Tennessee Williams, Jack Kerouac, Edgar Allan Poe, John Steinbeck, Charles Bukowski, Aldous Huxley…. Zorionez edo zoritxarrez, drogek niri ez didate inoiz onik egin.
Laburbilduz, nire metodo propioa bilatu behar izan dut poeta erromatarraren idealera hurbiltzeko. Orain, gimnasioan astintzen dut gorputza eta igerilekura joaten naiz ondoren erlaxatzera, zorioneko oreka bilatu nahian.
Uste dut nire ahaleginak balio izango duela Durangoko azokara sasoi onean iristeko, azkeneko hilabeteetako esprintaren ondoren batik bat. Gorputza zaildu dut standaren atzean orduak zutik emateko, eta, hango zurrunbiloan ez gehiegi nekatzeko, arnasketa ariketak egiten aritu naiz.
Durangon ikusiko gara, beraz. Literaturaz gozatzeko aukera izango dugu eta, akaso, lagunartean, eta aurtengo azokako gonbidatua den Eskoziaren omenez, whiski zurrutada bat besterik ez bada, dasta dezakegu. Duela aste batzuk, Behobia-Donostia maratoian 28.000 lagunek hartu zuten parte; iaz Durangoko azokan 106.000 sartu-irten egon ziren. Ea iazko marka apurtzeko gauza garen.
Oharra: korrikalariek ere badute lekua egunotan Durangon, Joseba Jaka herri lasterketan parte hartuz.