Segurako Kirol Elkartea 1986 urtean erregistratu zuten elkarte gisara, aurrez egon bazegoen ere. Segurako kirolik maitatuena pilota izan da aspalditik, baina, futbola indarra hartzen joan da azken urteetan, eta horren aurrean, pilotari bultzada eman nahian hasi ziren biltzen.
Urte askoan Patxi Etxeberriak eramandako pilota zaletasunaren ardura Garikoitz Oiarbidek, Inge Olanok eta Josu Agirrek hartu zuten duela urtebete. Aldaketa hori aprobetxatuz, Txetxu Ormazabal Segurako mendi elkartearen ardura daramanarekin batera, Segurako Kirol Elkarteari bultzada eman nahian hasi ziren.
Biltzen hasi, eta herriko kirolzaletasunari ufada galanta eman diote azken urtebetean. «Sanjoanetako herritarren pilota partidak, umeen torneoa, frontoi zaharreko txapelketa alebinen eta benjaminen kategoriekin, sasipelotarien arteko San Isidrotako partidak… jende mordoa inguratu da partidetara, jokatzera eta ikustera ere bai», diote elkarteko kideek.
Horrez gain, txangoak ere antolatu dituzte. Azkena Irujoren eta Olaizolaren arteko lau t’erdiko txapelketako final laurdena ikustera joan ziren, 50 lagun. Datorren urterako ere txangoak pentsatzen hasi dira, eskiatzera edo Pirinioetara mendira joateko, adibidez. Hilean behin mendi irteerak antolatzen jarraitzen du Ormazabalek eta eskolako haurrez gain, herritar guztientzako daude irekita. Garai batean San Silbestre egunez lasterketak eta gero ibilaldi neurtua egiten ziren, eta lasterketa berriro ere antolatzen hastea ere ari dira pentsatzen, urte amaierari begira.
Sarean indarra
Webgune bat ere egin du Oiarbidek, elkartearen historia, informazioa eta argazki zaharrak eta berriak biltzeko: segurakirola.com. Bertan, foroa ere badago parte hartzeko, baina, partehartzea Facebooken ireki duten kontuan (Segurako Kirol Elkartea izenarekin) lortu dute, batez ere. Tartean behin lehiaketatxoak antolatzen dituzte sari bereziekin: pilotak, urtezahar gauean kubata bat… Eta jende dezentek parte hartzen du. «Bizitasun pixka bat eman nahi genion herriko kirolzaletasunari» diote, eta helburua lortzen ari direla dirudi.