Mota askotako miseriak jasaten dituzte mundu osoko biztanleek. Askok, jaiotzen diren unetik gosea eta gaixotasunak izaten dituzte bidelagun. Horrelako egoerak bizi dituzten haurretako batzuk, ordea, badute irtenbide edo ihesbidetxo bat, urtean bi hilabetez bada ere. Saharatik eta Txernobilgo (Ukraina) inguruetatik Euskal Herrira urtero etortzen diren haurrak dira horren adibide. Hemengo familiek bizi baldintza duinagoetan bizitzea ahalbidetzen diete dozenaka haurrei uda-partean, bertan indarberritzeko, etxera itzuli baino lehen.
Haur horietako askok lehen aldia izango dute aurtengoa, baina, askok ondo ezagutzen dituzte hemengo familiak. Desiratzen egoten dira hondartzetako eta igerilekuetako uretan sartzeko, hemengo lagunekin jolasteko, jaki gozoak jateko… Baina, batez ere, hainbeste maitasun ematen dieten familiekin elkartzeko.
Desertu berotik, epelera
Saharako bizilagunek desertuko errefuxiatu kanpamenduetan dituzte baldintza gogorrak arintzen laguntzeko eta dituzten ezintasunei edo beharrei aurre egiteko etortzen dira uda-pasa haur sahararrak. Basamortuko tenperatura altuak saihesten dituzte, eta mediku azterketak ere egiten dizkiete, inolako arazorik izanez gero, horiei erantzuna ematen saiatuz. Izan ere, hemen txikikeria diren gaitz asko, kalte handiak sor dakieke errefuxiatu kanpamendutan.
Saharatik etortzen diren haurrak zortzi eta hamabi urte bitartekoak izaten dira, eta uztaila eta abuztua igarotzen dituzte hemen. Bertako familiek haurrak beste seme-alaba bat bezala hartzen dituzte haurrak. Mota askotako familiek jaso ditzakete: guraso bakarrek, aurrez seme-alabak dituztenek, helduek, gazteek…
Hemen dauden denboran, beharrezko mediku azterketak egiten dizkiete haurrei, elikadura orekatu bat eskaintzen diete, herrian edo eskualdean haurrentzat egiten diren ekintzetara eraman eta bestelako ekintzak antolatzen dituzte.
Aurten bost haur etorri dira Goierri behera: bat Beasaina, bi Ordiziara eta beste bi Atauna, Saada Sahara elkartearen bidez. Goierri garaian, berriz, zortzi haur hartuko dituzte familietan, Hare Haize elkartearen bidez.
Erradiaktibitateari ihes
Txernobilgo zentral nuklearreko istripuaren ondorioen ihesi ere etortzen dira haurrak gurera. Axun Mendizabal zegamarrak 2000 urtetik, urtero-urtero ekarri ditu haurrak etxera, Izaki GKEren bidez. Hemezortzi urte bete arte ekar daitezke haurrak eta lehena ekarri zuten haurra bederatzi urtetatik hasi eta hamabost urtera arte ekarri zuten. Geroztik beste hiru haur ere ekarri dituzte. Txernobil Ukrainan egon arren, Bielorrusiatik ekarri izan dituzte beti, handik oso gertu geratzen delako eta bertako kutsadura mailak ere oso-oso altuak direlako.
Hona etortzeko baldintza, kurtsoa gainditzea izaten dute haur hauek, eta Mendizabalek aurten bi haur ekarri nahi bazituen ere, batek ez du ikasturtea gainditu, eta ez du etortzerik izan.
Haurrekin harremanetan jarraitzen dute urtean zehar; Internetek asko erraztu die komunikazioa: «Lehen urtean ekarri genuen neska jada ama da eta bere alabaren argazkiak bidaltzen dizkigu», dio Mendizabalek. Lehena etorri zen neskarekin euskaraz komunikatzen dira, batzuetan gauzak errepikatu beharra badago ere».
«Erradioaktibitatetik kanpo egotea, hemengo janak jatea, hemengo airea arnastea oso garrantzitsua da beraientzat. Izan ere, denak du han erradioaktibitatearen eragina. Esnea, adibidez: behiek kutsatutako belarra jaten badute, esnea ere kutsatuta dago… Dena dago kutsatuta». Txernobilgo zentral nuklearra itxi bazuten ere «gaizki itxita» dagoela baieztatzen du Mendizabalek.
Urtean zehar ere hainbat ekintza antolatzen dituzte Lezako (Araba) aterpera doazenentzat dirua lortzeko: handik ekarritako produktuak saltzen dituzte Goierriko azoka ezberdinetan, loteriak ateratzen dituzte…
Haurrekin batera begirale bat ere etortzen da, eta Idiazabalgo mojekin egoten da hemengo egonaldian: «Aterpea, jana eta mimo asko ematen dizkiote. Oso ondo portatzen dira mojak ere», dio Mendizabalek.
Aterpeak
Saharatik Goierrira etortzen diren haur batzuk Amasako aterpean daude aurten. Aurreko urteetan Brinkolan eta Ibarran egon badira ere, aurten hamaika lagun etorri dira eta Amasan egongo dira. Hauek gainerakoekin ere batuko dira, hainbat ekintza egiteko.
Txernobil inguruetatik datozenek berriz Lezan (Araba) dute aterpea, baina, Txernobilgo haur gor-mutuak joaten dira, horretarako berezi ekartzen duten begiralearekin.
Familia gehiago behar
Bai haur sahararren zein txernobildarren kasuan, harrera familiak gutxitzen ari dira. Horren aurrean, hiru erakundeetako kideek jendea animatu nahi dute, «elkarbanatzen eta gauza gutxirekin pozik bizitzen irakasten» dutelako, besteak beste.