Gaurko eguna «ezkutatzeko» hartuko du Iñaki Azurmendi aizkolariak (Arriaran, Beasain, 1972). Igandean Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko du, Beasainen bertan. 13. finala du maila nagusian, eta hirugarren txapela lortzen saiatuko da. Antzizarren da finala, etzi 12:00etan. Sarrerak leihatilan erosi ahalko dira, 10:30etik aurrera. 800entzat tokia dago.
Igandeko finalaren aurreko egunotan, zer moduz zaude?
Momentuz, nahiko gustura. Egindako lanarekin gustura, eta eguna ailegatzeko gogoarekin. Kexatzeko motiborik ez daukat. Entrenamendua aurreikusta bezala joan da; lesiorik eta ezustekorik ez dut izan.
Zer entrenamendu mota egin duzu?
Sailkatze saioa pasatu eta gero, sei asteotan entrenamendu gogorrak egin ditugu. Nahiko ondo bete ditugu, batzuetan hobeto, besteetan gaizkiago, normala den bezala. Baina helburua bete dugu.
Lan luzea izaten da finalekoa: lau enbor kanaerdikoak, lau 60 ontzakoak, eta lau oinbikoak.
Iraupena behar da lan horietarako, noski. Indarra eta teknika ere bai; eta, gero, burua. Burua prestatzeko ere entrenatu beharra daukazu. Etxean daukazu entrenamendu gogorrak egin beharra, gero plazan egiteko. Bestela, etxean egin gabe plazan egitea zaila da.
Nola prestatu zara?
Aizkoran aste batean batzuetan bi saio, besteetan hiru egin ditut: bi astean bost saio. Saio luzeak eta serieak txandatu ditut. Gero, mendia eta gimnasioa tartekatu ditut, denetik pixka bat eginez.
Finalisten karteletik Nazabal erori da, arazo fisikoengatik (Irazu da ordezkoa). Olasagasti dago beteranoa, eta gero zeu.
Beteranoena Olasagasti, bai; aspaldikoa. Ni naiz bigarren zaharrena, Nazabal izan balitz hirugarrena. Zahartzen ari garen seinalea. Aurten 13. finala dut, eta esperientzia horrek ere balioko ahal digu, gazteei pixka bat eusteko.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Sailkapenekoan Aitzol Atutxak maila oso ona eman zuen, egun hartan ondo aritu zen. Hori bai, ez dauka zerikusirik lana erdia ala osoa izan, aldatzen da. Baina Atutxa gorantz dator, eta faboritoetakoa bera joko nuke. Olasagastik bere lana ondo egingo du, eta deskuidatzen bagara hor sartuko da. Unai Otaño lesioekin ibili da, eta errekuperatu da; ondo etortzen bada, arriskutsua izango da. Irazuk prestatzeko aukera handirik ez zuen izango. Otaegi ere badakigu zer aizkolaria den.
Aurretik bi txapela edukitzeak balio al du zerbaiterako halako finalen aurrean?
Beno, balio-balio, balioa badaukate. Baina eguna desberdina da, beste urte bat da. Bi txapela edukitzeak lasaitasuna ematen dizu, igual. Baina, orain, hirugarrena lortzea polita izango litzateke, eta herrian izanda, aurrenekoak besteko ilusioa egingo lidake Beasainen irabazteak.
Finala Beasainen izatea zer da zuretzat, presio gehigarria ala pizgarria?
Pizgarria bada, baina arriskutsua ere bai. Herrian izanda, presioa beti izaten da. Momentuz, uste baino hobeto ari naiz eramaten, baina azken egunetan sentituko dut presio berezi bat. Eramaten jakinez gero, ona izango da. Baina ea egunean nola ateratzen den.
Zeure buruari jarri diozun presioa da, ala herritarrek emana?
Herritarrek ere bai. Lana harategian eginda, gainera, jende guztiak komentatzen dizu, aizkora asko segitzen ez duenak ere bai. Ea ostiralean [gaur] ezkutatzen garen eta ondo eramaten dugun.
Sabelean kilimak hasita?
Kilimak baino gehiago, sentsazio politak dira. Lehengoan erakustaldi bat egin nuen Bizkaian. Test bezala jarri ziguten. Nahiko gustura aritu nintzen. Kilimak baino gehiago, ailegatzeko gogoa da gehiago.
Kirolari bezala, zuretzat polita izango da aizkorako txapelketa gorena herrira etortzea, ala?
Niretzat oso positiboa da Beasain batean Euskal Herri mailako final bat hartzea; bai txapelketarentzat eta bai Beasainentzat. Herriari bere izentxoa ematen dio. Udalak ikastolarekin egin duen elkarlana ere polita da. Bestela ere antolatuko zuten, baina ni tartean egonda, eskertzekoa da. Nik ez daukat eskertu besterik. Ea nik orain ondo borobiltzen dudan.
Arloko lehiaketa garrantzitsuena Euskal Herrikoa da, eta zu onenen sailean zaude jadanik.
Txapelketa inportanteena hau da, txirrindularitzan Tourra edo pilotan buruz burukoa bezala. Beste izen bat dauka beti Euskal Herrikoak. Lehenengo txapela irabazi nuenean, Gipuzkoako bosgarrena nintzen lortzen zuena. Orain, bi txapelarekin, gutxik lortu dutena da. Olasagasti eta Arrospide daude seina txapelarekin; Arria hirurekin; eta Polipaso eta ni birekin. Aurreneko lauren artean egongo naiz. Jendeari ahaztu egingo zaio gero agian, baina hor gabiltzanontzat inportanteenetakoa da.