Zapore gazi-gozoa hartu izan diot betidanik beherapen garaiari. Batetik, bistan da, erosi nahi ditugun arropa, oinetako zein gailu horiek eskuratzeko garai gozoena delako. Ez da txarra aurretik begiz jotako produktuak prezio merkexeago batean lortzeko aukera. Bestetik, baina, gero eta desatseginagoak egiten zaizkit sasoi honetan dendetan pilatzen den jendetza eta, ondorioz, sortzen den anabasa.
Hala ere, azken urteotan beherapenetan izandako esperientziak bereziki garratzak suertatu zaizkit.
Pentsamendu horren arrazoiak azaldu aurretik, aitor dezadan nire bekatua. Azaltzera noan sentimendu hauek hiriburuetako denda handi eta moderno usteko horietan gertatu izan zaizkit. Bai, badakit hortxe dagoela okerra. Ez dagoela gure herrietako eta auzoetako dendetan erostea baino gauza eroso eta atseginagorik. Beherapenetan edo beherapenetatik kanpo. Ni behintzat konklusio horretara iritsita nago aspaldian. Baina batzuetan, halakoak gara, kosta egiten da ohiturak aldatzea.
Gorri kolorekoak izan ohi dira ehuneko hogei, hogeita hamar nahiz berrogeiko deskontuak iragartzen dituzten kartelak. Erosleontzako argi berdea dira, ordea. Hor joaten gara, dendetako ateak zabaldu orduko, pagotxetan pagotxena zeinek topatuko. Praka pare hau edo hura probatu, bizpahiru alkandora jantzi-erantzi, kamiseta eskukada bat bizkarrean hartu eta, behin aldageletan, «ondo gelditzen al zait» galdetzen diogu ispiluari. Edo alboan dugun lagunari. Eta hor segitzen dugu presa batean, hurrengo mauka non aurkituko.
Eguna aurrera doan heinean, bidean geratzen dira probatu eta gustatu ez zaizkigun arropak. Ehun, kolore eta itxura askotako jantziak, korridore eta erakusmahaietako pila erraldoietan. Bata bestearen gainean. Dendak nerabe arduragabe baten logelaren tankera hartzen duen arte. Trapu ederrez(?) osatutako jungla. Hori gutxi balitz, erosketan gabiltzan bitartean, bozgorailuetatik entzuten den musika jasanezinak burua gogorki kolpatzen digu.
Horrelako egoeran suertatu naizen guztietan, aitortzen dut, ihes egiteko beharra sentitu izan dut.
Egoera are okerragoa da, testuinguru horretan, lapurreta egiten dizutenean. Gaizkileren batek eskua poltsikoan labaindu eta beherapenetan aurreztu dituzun sosak beretzako hartzen dituenean. Gertuko lagun bati tokatu zitzaion, orain dela ez asko. Pasadizo desatsegina izan zen oso.
Azkenaldiko moda, berriz, denda guztiek erosleoi oparitu nahi izaten dizkiguten fideltasun txartelak dira. Aurreko batean konturatu nintzen izurrite berri baten aurrean gaudela. Bakero batzuk erosi eta barrenak hartu zizkidatenean, zera bota zidan dendari arduratsu batek: «Gure dendako erosle-txartela edukiz gero, debalde aterako zaizu konponketa».
Hamabost bat euro aurreztuko nituenez, txartela egiteko baimena eman nion. Nire helbide elektronikoa – gero iritsiko ez zaizkit ba hainbeste spam!– eta telefono zenbakia eman eta poz-pozik jaso nuen nire leialtasun txartela. Karteran sartzera nindoala konturatu nintzen, ordea, dagoeneko beste hamar bat fideltasun txartel baditudala, bateko gasolindegia eta besteko denda! Jada poltsikoan sartu ezinda daramat kartera ordutik…
Jungla jasangaitz horretatik ihesean, beherapenetatik kanpo, supermerkatu batera sartu nintzen orain dela gutxi. Bazkari baterako janari goxoa erostekotan nintzenez, ketutako izokina nuen helburu. Bi zorrotxo besapean nituela gerturatu nintzen kutxazainarengana. Produktu horretan «Tres por dos» neukala eta hirugarren zorroa hartzeko gomendatu zidan, prezio berean aterako zitzaidala eta.
Hura dendariaren harridura, ezetz esan nionean. Ez nuela hirugarren izokin zorrorik behar eta nazkatuta nengoela beherapen, promozio eta antzekoekin. Nahi bazuen nire izokina berak hartu eta dastatzeko. On egingo ziola. Gajoak batere errurik ez, baina nire purrustadak entzun behar izan zituen.
Hemendik aurrera, herriko dendetako beherapenetara soilik gerturatuko naiz. Hori bai, mesede bat eskatuko diet goierritar dendarie. Ez diezadatela galdetu ea fideltasun txartelik nahi al dudan.