Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 30 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 8 eta 9 urteko 3. mailako haurrei azterketa bereziak egiten ari da Eusko Jaurlaritza. Goierrin, Ordiziako Jakintza Ikastola eta Beasaingo Murumendi daude zerrenda horretan. Jaurlaritzaren arabera, ikasleak zer moduz ari diren jakitea da helburua, eta lasaitasuna eskatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, azterketak eragin akademikorik ez duela nabarmenduz.
Azterketa horien beste aldean, hezkuntza arloko taldeak, gurasoak eta sindikatuak daude. Ordiziako Jakintza Ikastolan astea honetan ziren azterketak egitekoak, baina gurasoek ez zituzten haurrak eskolara eraman. Murumendiren kasuan datozen egunetan jakingo da gurasoek zein bide hartzen duten.
ELA sindikatuko Xabier Irastorza ordiziarrak azterketa hauek duten garrantzia nabarmendu du: «LOMCErekin bigarren batxilergoan eta DBHko laugarren mailan errebalidak egingo dira. Azterketa horiek gainditzen ez badira, ez dago titulaziorik. Bi errebalida horien aurretik, tarteko bi ebaluazio jartzen ditu LOMCEk, Lehen Hezkuntzako 3. mailan eta Bigarren Hezkuntzako 6. mailan».
Irastorzaren arabera, LOMCE sartzeko «atzeko atea» da 3. mailako azterketa. «Lehen laugarren mailan egiten zen ebaluazio diagnostikoa bertan behera geratu da. Kasualitatez LOMCEk esaten duen bezala jarrita, eta estatu guztian planifikatu diren bezala. LOMCEk markatzen duen ebaluazio sistemaren irizpide berdinak jarraituz, ikastetxeek daukaten ebaluaziorako sistema propioa errespetatu gabe. Astakeri bat da, eta ziria sartu nahi digute. Orain arte diagnostiko azterketak laugarren mailan egin dira. Zein izan da 3. mailara aldatzeko arrazoia?»
Segregazioa
Aldi berean, 3. eta 6. mailako azterketak segregaziorako iturri direla uste du ELAko ordezkariak. «Horiek dira ebaluazio sistema oso horren sarrerako ebaluazioak. Hor hasten da segregaziorako irizpideak markatzen». Azken batean, «hezkuntza osoa benetan beraiek nahi duten helburuetara bideratzeko dira azterketa horiek, eta ikasleen artean aukeraketa egiten hasteko».
Hirugarren mailako ikasleei egindako azterketak ez du eragin akademikorik; seigarrenekoek ere ez. Baina 4. DBHkoak eta 2. Batxilergokoak bai, tituluak egongo baitira jokoan: «Horregatik da garrantzitsua orain 3. mailako azterketei planto egitea, ezarri nahi duten sistema horren aurreko sustraia delako. Behin horretan sartuta atzera buelta oso zaila izango da». Ordiziarraren ustez, DBHko eta Batxilergoko azterketetan tituluak jokoan egongo direnez, zailagoa izango da borroka garatzea.
Gurasoen bitartez ari dira azterketen aurkako borroka bideratzen, zuzendaritzak edo irakasleek aurre egiten badie, administrazioak zigortu egin ditzake eta. «Gurasoek esaten badute ez dutela baimenik emango beraien seme-alabek azterketak egiteko, edo ez badituzte haurrak ikastetxera eramaten, ez da ezer ere gertatzen».
Irastorzak azaldu duenez, 3. mailako ebaluazioaren diseinua eskola bakoitzaren arabera geratzen da, «baina oso baldintzatua da, oinarrizko azterketa diseinatuta dakarrelako Jaurlaritzak». Gainera, «bestelako proba bat egiteko aukera ere badauka Jaurlaritzak».
Errebaliden kasuan, azterketa, edukiak eta ebaluatzaileak Espainiako estatuak jartzen ditu.
Hezkuntza uniformatzea
Horrekin guztiarekin LOMCEren ebaluazio sistema honen helburua «hezkuntza uniformatzea, nolabait kanpoko kontrol bat edukitzea da. Azterketa edo kontrol elementu horiek pedagogia guztia baldintzatzen dute eta edukiak ere bai».