Nepalgo lurrikaren ondorioak arintzen eginahaletan ari dira Goierrin. Gurung familia, tartean. Ordizian bizi dira.
Ordiziako San Joan auzoa berria da. Babes ofizialeko etxe mordoa eraiki zituzten, duela urte gutxi. Haietako batean bizi da Gurung familia, senar-emazteak eta bi alaba. Etxe atsegina da, argitsua. Eta berria. Nepaldarrak dira gurasoak izatez. Hango herkideek ez dute hemengo etxeen zorterik: lurrikaren erruz, kale gorrian daude.
Apirilaren 25ean 8,1 indarreko lurrikarak sastakatu zuen Nepal. Zazpi mila hildako baino gehiago utzi zituen. Maiatzaren 12an 7,3ko beste astindu bat izan zen. Denera, ordea, 200 erreplika baino gehiago zenbatu dituzte, Tilk Gurung nepaldar-ordiziarrak dioenez.
«Normalean ez da halakorik izaten. 1934an izan zen lurrikara bat oso handia. Gure aitona-amonek kontatzen ziguten orduko hondamendiaren berri. Diotenez, 80-100 urtean behin gertatzen da. Guk ez dugu halakorik ikusi inoiz», dio Tilkek. Arrisku sismikoko gunea da, berez, Nepal dagoena. Indiako plaka tektonikoak Himalayako mendi multzoa goratzen segitzen du, plaken mugimenduan.
Pokharakoak dira Tilk eta Sunita Gurung senar-emazteak. Annapurna mendikatearen beheko bailara eder batean. Etxeko sarreran dute argazki panoramiko handi bat. «Lurrikarek ez dute inguru hori horrenbeste kaltetu. Barpak eta Laprak izan ziren epizentroa. 1.200 etxe zeuden, eta lau bakarrik geratu dira zutik. Jendea lekuz noiz aldatuko dituzten zain dago. Baina ezin da, eta jendea han dago, kanpoan».
Iraupeneko ekonomian oinarritua dute bizimodua: «Nekazaritza, abeltzaintza eta turismoa ere bai zerbait». Mendizaleen santutegian, Everest magalean, izan zen bigarrena, beheko kanpalekura joateko herrixkan, 4.000 metrora.
Laguntza banatzeko zain
Nepaldarrak segurtasun ezean daude, lurrikaren beldur. Eraikinak goitik behera datoz. Zutik daudenak ere ez dira seguruak. Hori gutxi ez, eta aurki —datorren astean— eurite garaia hasiko zaie, montzoi suntsitzaileen denboraldia. Kritikoa da egoera. «Ez dute laguntzarik, ez aterpe-dendarik, ez ezer».
Nazioarteak laguntza asko bidali duela diote, baina koordinazio kaxkarra dagoela hura behar bezala banatzeko. Ustelkeria da beste arazo bat. «Korrupzioa orokortuta dago, maila guztietan. Gobernua ez da laguntza banatzeko gai, eta ez da iristen behar dutenengana».
Hamar urteko gerra zibiletik irten zaharrak ez dira nepaldarrak (2006an bukatu zen). Bake prozesu bete-betean eta konstituzio hauteskundeen prestaketan harrapatu ditu lurrikarak. Kultura eta etnia askoren batura da herrialdea, eta bakoitzak eskaera historikoak eta autonomia nahiak ditu. «Horrek ere ez du errazten».
«Koalizio gobernu bat egin beharko lukete, bihar bertan. Ezkerrekoek, eskuinekoek eta maoistek —dio Tilkek—. Lehentasuna herriari laguntzea da. Herritarrek konfiantzarik ez dute gobernuarengan, eta giltza gobernuak dauka».
Goierrin 15.000 euro
Orain arteko bilketa, komertzio justuko gaien salmenta eta eskeetan 15.080,02 euro bildu dituzte. Hegoaldeko Herriak eta Herriak Elkarlanean gobernuz kanpoko erakundeak ari zaizkie laguntzen, baita erakundeak, enpresak eta talde ugari ere. Uztailean doa Tilk Nepalera.
Lurrikaren ondorioz eta beldur, Nepalen herritarrak kalean bizi dira. Etxeak erortzen direlako.
Ustelkeria orokorra eta maila guztietan dago zabalduta, eta gobernua ez da gai laguntza banatzeko.
Hamar urteko gerra zibiletik irten berria da Nepal. Egun gutxian, montzoi garaia gainean dute.
Baikortasun harrigarriz, Nepalgo hondamendia aurrera ateratzeko «aukera» izan daitekeela diote. «Mundua buru-belarri ari da laguntzen. Mendebaldeak presio morala egin behar dio Nepalgo Gobernuari.
Goierritarrekin esker oneko eta «oso pozik» daude. «Behar duenari laguntzeko naturaren lezioa da: solidario izan behar da. Gaur hemen, bihar han».
Aterpea izateko, aurrefabrikatutako etxetxoak eraiki nahi dituzte, merke
Biltzen ari diren dirua zertarako erabili, oso garbi dute Goierrin bizi diren nepaldarrek. Aurrefabrikatutako etxetxoak eraiki nahi dituzte Nepalen. Aldi baterakoak izango dira, familiak sartzeko lain. Negutegi itxurakoak dira, erraz eta eskuerara duten materialarekin egin litezkeenak. Katmanduko Ingeniaritza Eskolak diseinatu du prototipoa. Tilk Gurung-ek esku artean ditu planoak.
«Etxetxoak egiteko materiala han erosi nahi dugu, jasotako diruarekin. 500 bat etxetxo jarri nahi ditugu. Haurdunentzat, adinekoentzat… hango politikariekin hitz eginda, beharrik handiena dutenek izango dute lehentasuna, noski», dio Gurungek. 50.000 edo 60.000 euro beharko dituzte. Etxe bakoitza 120 eurorekin eraiki ahalko da, materialen garraioa beste 50 bat euro gehituta.
Zirkulu erdi formako estalpea da prototipoa, berez. Oinarria lautu, eta burdinezko ilargi erdi itxurako lauzpabost euskarri ditu. Aurreko eta atzeko hormak, hondakinetatik berreskuratutako harriekin egingo dute. Teilatua, plaka galbanizatuz, plastikoz eta gainean adarrez eta orbelez estalia emango diote. Soila, baina aterpea.
Mendi pikoena, behean
Nepalgo hondamendiaren jarraipena bereziki gertuagotik ari dira egiten zenbait mendizale. Himalayako herrialde hartan askotan izan dira Koke Lasa eta ‘Marron’. Lehengo egoera latza baldin bazen, orain kinka larrian dakusate.
«Nepalgo irudiak ikusi nituenean, ‘hauei falta zitzaiena’ pentsatu nuen». Laburtu du Koke Lasa ormaiztegiarrak lurrikaren ondorioek eragin dioten ezinegona eta tristura. Sei-zortzi bat aldiz izana da Nepalen, Himalayapeko herrialde hartatik hasten zituztelako mendi espedizioak.
Lasaren kezka, gainera, irudiak etorri ohi diren hirietatik harago doa, hegan. «Hiriburuan gauza bat da, baina hortik zehar joaten zarenean, ikusi ditugun herrixketan errepiderik ere ez zegoenean eta… Horiek pasatu dira nire burutik. Txikizioa ikusteko eta laguntza iristeko ez dakit nola ibiliko diren».
Mendigoizale himalayista goierritarrek puska bat ezagutzen dute Nepal. Baita nepaldarrak ere. Ezinbestean, lotura berezia dute haiekin. Joxe Ramon Agirre Marron ataundarrak, alpinismoagatik edo mendiko trecking-eko talde gidari modura egin dituen espedizioengatik, «kontua galduta» dauka zenbat aldiz izan den.
Horrez gain, helburu solidarioekin proiektuak ere garatu izan ditu, Dolpo eskualdean. «Jarraipena egiten ari naiz. Badirudi inguru horretan ez dela hainbesteko zoritxarrik gertatu, baina bai Katmandun eta inguruetan. Hildako gehienak hiri horretan daude, batez ere. Etxeak ukitu dizkie lurrikarak».
Ezina, lehen sentsazioa
Marron, adibidez, Dunai izeneko lagun batekin «ia egunero» jartzen da harremanean. «Askok etxea galdu dute. Urik ez dute, iturri asko desbideratu edo agortu dituztelako lurrikarek. Bideak ere galdu dituzte… Oinarri-oinarrizko baliabideak ere galdu egin dituzte. Inpotentzia sentitzen dut, ezina. Lehen nahiko zoritxarra bazuten», errepikatu du Marronek.
Ataundarraren beste bi lagun kanpin dendetan bizi dira. «Ahal den bezala. Etxetik ihes egin dute. Bat-batean, kaltea handia izan da. Hildakoak daude batetik, baina bizirik gelditu direnentzat ere egoera oso-oso larria geratu da».
Gutxirekin, baina txiro ez
Lasak ikusi duen Nepalgo partean, pobreziarik ez du sumatu. «Gutxi daukate, baina ondo bizi dira daukaten apurrarekin. Goserik ez zeukaten. Oinarrizko bizitza bat zeramaten, baina alaitasunez. Nik, herrixketatik mendira nindoanetan, jendea pozik ikusi izan dut han. Ez daukatena ahalmen ekonomikoa da, ez dute dirurik hau edo beste egiteko».
«Oinarrizko bizitza bat zeramaten, baina alaitasunez. Ez daukatena da diru ahalmena» Koke Lasa, mendizale ormaiztegiarra
«Etxeak, ura, bideak… Dena galdu dute. Lehen ere nahiko zoritxar bazuten» J.R. Agirre ‘Marron’, mendizale ataundarra
Halako hondamendiaren aurrean, hori ere behar dute orain. Mendizaleak elkartzen hasi dira, zer edo zer mugitzeko. Diru ekarpenak ere egin dituzte, pertsonalki. Goierritik, mendebaldetik, ahal dena laguntzeko eskatu dute.
Laguntzaren koordinazioa argitzea komeni dela erantsi dute. «Nepalen, beste leku askotan bezala, ustelkeria da arazorik handiena», dio Marronek.
Ekainaren 20-21ean Beasainen festa bat egin nahi dute, dirua biltzeko. Tolosan ere bai, geroago. Uztailaren bukaeran, Tilk Gurung nepaldarrak boluntario talde batekin Nepalera joateko asmoa ere badu, «orain hondakinen azpian dagoen herri ederra» erakusteko.