Hau infernua bada, gora infernua eta biba zuek!». Honezkero ezaguna bihurtu da aldarrikapen alai hori. Hitz horiekin bukatzen da eta, igande gauero, Herri txiki, infernu handi telebistako saio arrakastatsua. Joan den jai gauekoa, baina, berezia izan zen. Guztira 22 herrigune ezagutu eta ezagutzera eman ondoren, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleek aurtengo denboraldia amaitutzat eman berri dute. Orain arte programan izandako unerik onenen errepasoa eginez esan diete agur ikasleei.
Reality, prensa-rosa eta teletertuliak nagusi dira gaur egun kanal gehienetako parrilletan. Izan ere, HD bereizmen handiko irudien aroan, telebistak zaborrez gainezka dagoen edukiontzia izaten jarraitzen du. Horregatik hartu dut atsegin, (ia) igandero-igandero, afalostean, telebistaren aurrean eseri eta, mandoari sakatuz, ETB-1eko lehen katea piztean. Ordubete inguruko tarte horretan, hainbat herri txikitako ohitura, bizimodu eta edertasunaren berri eman digute Gurrutxaga eta Pagadi komedianteek. Beti ere umorez zipriztindutako elkarrizketa eta irudien bitartez. Eszena bakoitza monologo labur batzuekin josiz eta, Sebastian Lizasoren bertsoen bizitasunari esker, gainera, herritarrei beraiei eskainitako emanaldiekin osatu dute programa.
Goierrin ere izan dira Elgoibarko futbolari ohia eta Villabonako aktorea, telebista kamerak atzetik zituztela. Gogoangarriak izan dira, esate baterako, ataundar batek gurdi gainean egindako hipika-erakustaldia. Baita ere, Torto jentilak okulistarenera egindako bisita surrealista. Makina bat barre algara eragin digute.
Egiari zor, egoera xelebre asko erakutsi dizkigute saio hauetan guztietan. Baten batek esango du, arrazoi puntu batekin, herritarren eguneroko martxa eta izaera azaleratu baino, auzotar berexienak izan direla askotan protagonista. Hala izanda ere, kontuan eduki behar da telebistaren oinarrietako bat espektakuloa dela, hain justu. Ikuslea entretenitzea baitu helburu. Eta xelebrekeriak, azken finean, horixe dira: ikuskizuna eta komedia. Entretenimendua.
Kritikaren sokatik tiraka hasiz gero, baita ere, esan dezakegu Herri txiki, infernu handi kalekume —esan dezadan urbanita, gaur egungo hizkuntzan— batzuen ikuspegitik egindako saioa dela. Hala da, ziur asko. Ez dute hori ezkutatzen Pagadi eta Gurrutxagak. Bidean deskubritzen dituzten joera eta esamoldeekin harrituta ageri dira programa gehienetan. Esango nuke, hala ere, xaloa dela haien begirada. Inoren kontura barre egiteko asmoz baino, ikusmin bihurri batek bultzatuta bezala aritzen dira.
Horren guztiaren gainetik, erakutsi dizkigute herri txikietan oraindik bizirik dirauten balore positiboak. Ondoko bizilagunaren ezagutza eta harekiko errespetua, ingurumena zaindu eta maite duten baserritar eta ganaduzaleen lana, auzolanerako konpromisoa, ekimen berriak martxan jartzeko prestutasuna, kultur sorkuntzarako joera, euskararen erabileran duten naturaltasuna, umore sano bezain fina… Zerrenda luzea da.
Badugu joera bat herri txikiak, programaren tituluak dioen bezala, norberaren askatasuna mugatzen duten eremu itxi eta endogamiko modura ikusteko. Hiruburuak, aldiz, anonimatoaren eta, ondorioz, libertate indibidualaren paradisu dira, teoria horren arabera. Herri txiki, infernu handik pentsamolde horren aurrean, Euskal Herriko hainbat auzo eta herriguneren aberastasuna eta bizitasuna azaleratu du.
Gure eskualdean, zorionez, baditugu joritasun horren hainbat adibide. Baina balio horiei eutsi nahi baldin bazaie, beharrezkoa da erakunde publikoen babesa eta laguntza. Aktibitate ekonomikoa arintzeko, oinarrizko zerbitzuak bermatzeko eta gizarte bizitza bultzatzeko. Batzuk lurralde oreka esaten diote horri. Pagadik eta Gurrutxagak, ironiaz, infernua. Altxor baliotsua, nire ustez.