Erleen bizimodua azaltzeaz gain, eztigintza ekologikoaren aldeko apustua egin dute Aikurren .
Nekazaritza eta abeltzaintza arloan, asko zabaldu da produktu eta lehengai ekologikoak erabiliz, ahalik eta kalitaterik handieneko ekoizpen naturalak egiteko joera. Urretxuko Aikur baserrian, erlezaintzan eta eztigintzan dihardute, eta han ere, ekoizpen ekologikoaren aldeko apustua egin dute.
Eztia egiteko prozesua baino gehiago, ingurua eta erabili beharreko produktuak zaindu behar direla azaldu du Aitor Otegik. «Prozesua bera ez da aldatzen, eztiak ez duelako eralda- keta prozesurik behar. Abaraskatik potera joaten da zuzenean». Ekologikoa zer den eta zer ez zehazteko, lege edo araudi bat dago; arau eta zehaztapen zerrenda luzea jasotzen badu ere, bi nabarmendu ditu Otegik: erleak tratatzeko produktuak eta erlauntzen kokalekua. «Gainontzeko animaliak bezala, erleek ere gaixotasunak izaten dituzte eta tratatu egin behar izaten dira». Tratamendu horietarako ez dute produktu kimikorik erabiltzen, eta horien ordez, «landareetatik ateratako olioak» erabiltzen dituzte, batez ere ezkaiak edo tomilloak ematen duena. «Erleak elikatu behar badira ere, produktu ekologikoak erabili behar dira; hala ere, gehienetan ez dute elikatu beharrik izaten».
Bestalde, kokalekuari dagokionean, «hiru kilometroan enpresa edo fabrika kutsatzailerik ez izatea» jasotzen du legeak. Hori Euskal Herrian «nahikoa zaila» dela aitortzen du Otegik. Horregatik, beraiek Urretxu eta Azkoitia arteko lursail batzuetan izaten dituzte erlauntzak, eta uda garaian, Aizkorri aldera eramaten dituzte.
Erleen transhumantzia
Ardiekin edo ganaduarekin bezala, erleekin ere egiten da transhumantzia. Orain, «Gipuzkoako eztia ateratzeko garaia» dela dio Otegik, baina behin hemengoa bukatutakoan, erleak Aizkorri aldera eramango dituzte, Elgea (Araba) aldera.
Uda sasoia, «lan askoko garaia» izaten da erlezainentzat. Udaberritik aurrera hasten dira erleak loreetatik polena hartzen, eta orain izaten da eztia jasotzeko garaia. Aikur museoan, gainera, udaberritik aurrera bisita ugari ere izaten dituzte.
Eztiaz gain, berrikuntza moduan, aurten polena saltzen ere hasiko direla azaldu du Otegik. Normalean azoketan, belardendetan eta elikadura denda espezializatuetan saltzen dituzte beraien produktuak, baita baserrian bertan ere, salmenta zuzenaren bidez.